Sahara 'horra'! Sahara libre!

frente polisarioGaur 36 urte bete dira Fronte Polisarioak lehen ekintza armatua egin zuenetik. Orduan espainiar inperialismoaren aurka ari ziren, Afrikako azken kolonia ofizialean. Francoren diktadurak, azkenetan zegoela, Madrilgo itun sekretua deritzan horretan Sahara salgai jarri zuen. Sahararen lurraldea bitan zatitu zuten fisikoki, Mauritaniaren eta Marokoren artean; esparru ekonomikoa, aldiz, hirutan egin zuten, zoritxarrez hainbestetan egin den zatiketa ereduari jarraituz.

Polisarioak bi armadaren aurka aritu behar izan zuen, Mauritaniak bertatik alde egitea erabaki zuen arte. Baina luzaroan jasan beharrean izan ziren Hasan II.aren basakeria amaigabeak: fosforoa, jendarte zibilaren aurkako bonbardaketak, erbestea, 2.500 kilometroko harresia...

1991n bakea sinatu bazuten ere, bakearen eta justiziaren hondar alerik ezin ikusita daude ordutik; ia 200 mila lagun errefuxiatu guneetan, hondarrarentzat ere irautea gogorra den desertu batean, mendebaldeko ogi hondarren esperoan; eta gainerakoak, berriz, lurralde okupatuetan. Han egoera latza da. Polizia mota guztiak kontatuz gero, bitan nagusitzen zaizkie sahararrei; pentsa hango kontrola eta errepresioa norainokoak izan daitezkeen!


Hain zuzen, maiatzaren 20an ekin zieten hango gazteek sahararren Intifadari, itxaroteaz asperturik: debekaturiko hizkuntza, debekaturiko leloak. Debekaturiko jendea berriz hasi zen kaleak astintzen. 2005eko maiatza zen hura. Ordutik atxiloketek, adingabekoen aurkako erasoek, bahiketek, sexu bortxaketek, torturek eta hildakoek bete dute euren egunerokoa.

Oraindik 650 lagun inguruk desagerturik jarraitzen dute. Preso politikoak, berriz, dozenaka dira Aaiuneko kartzela beltza bezalako gune ezin ilunagoetan.

Herri zapalduetan denbora gurdi astuna bilakatzen da, eta nazioartea eta batez ere espainiar gobernu guztiak begiak estaltzera baino ez dira ausartzen. Euskaldunok aspaldidanik babestu ditugu errefuxiatu guneetan dauden saharar lagunak, hango haurrak ere sarritan izan dira gurean.

Harresiaren bestaldeko haizea ez da, baina, guregana hainbesteko indarrarekin iristen. Izan ere, lurralde okupatuetan, arrantza kontratu bikainak lortzen dituzte mendebaldeko enpresek, tartean hain mendebaldekoak ere ez diren enpresek, bertakoek alegia.

Guk Euskal Herritik egin dezakegun apurra saharar herriari elkartasuna adieraztea da, Marokoko eta Espainiako gobernuak irmoki eta publikoki salatu eta, duintasu-nagatik bada ere, saharar lurraldea ustiatzen ari diren enpresei gure mespretxua aitortu.

Bitartean, geuk ere jarraituko dugu geure herrian lanean, geure askapen prozesuan, eta bidelagun izango zarete zuek sahararrak, zuen borroka agorrezinean. Laster arte.

Julen Zulaika.

Askapeneko kidea.