Saharako brigada basamortuan barrena
Abuztuko brigadaren bigarren kronika
Saharan emandako denbora honetan asko izan dira bizipenak, asko egindako bilerak eta gehiago egindako lagunak. Zaila egiten da esperientzia guztietatik bat zehazki aukeratzea, baina bada bat benetan berezia izan zena …
Bileraz bilera egon ondoren iritsi zen Saharako basamortua ezagutzeko eguna. Guztiak bildu ostean Land Rover batean sartu gintuzten, hamahiru euskaldun, bost saharaui eta motxila guztiak. Ez da arraroa saharaui baten aurpegian irribarre bat ikustea baina egun horretan beste alaitasun berezi bat nabaritzen zitzaien. Urduritasuna eta poza nahasten zen haien gorputzetan, bere sustraiak eta nortasuna erakusteko irrikitan zeuden.
Kamioneta martxan jarri zen bidaiari hasiera emanez. Tokia eskasa zen eta motxilek geratzen ziren tarteak betetzen zituzten baina alaitasuna eta txisteak ez ziren faltatzen. Baina dena ezin zen alaitasuna izan, bidaia hasi eta denbora gutxira polizia atzetik geneukan katua eta sagua bezala, gu harrapatzeko intentzioarekin. Ihesari ekin genion baina azkenean gelditu gintuzten. Kontrol gunera joatera behartu ostean, euskaldun guztioi pasaportea eskatu ziguten eta antzerkiarekin bukatzea erabaki zutenean, ospa egin genuen. Gainera gure “segurtasunerako” geratzen zitzaigun bidea gurekin batera egin zuten. Eskerrak jada ezkutatu behar ez ginela, horrela kapota kendu eta paisaiaz gozatu ahal izan genuen. “Gdeim Izik”-eko kanpamentua egon zen tokitik pasa ginen emozioa azaleraziz, gameluak ikusi genituen basamortutik aske eta basamortuko artzainek bi atzamarrak harrotasunez erakusten zizkiguten, herri honek aske izateko gogoa inoiz galduko ez duenaren seinale.
Bidaia luzea izan zen, baina azkenean gure helmugara iritsi ginen, eguzkia mendien barnera sartzen zen momentuan, zerua suaren kolorez tindatzen zelarik, basamortuaren edertasuna erakutsiz. Bertan etxola bat zeukaten eta jada manta batzuk kanpoan bota zeuzkaten tetera zerbitzatzeko prest zutelarik. Gure lagunen aurpegietan nabaritzen zen bere inguru naturalean zeudela , begietan dirdira berezia zeukaten eta kamionetatik jaitsi bezain pronto zapatilak kendu zituzten bere oinetan basamortuko area sentitzeko.Ilargia zeruaren jabe egin bezain pronto sua egiten hasi ziren afaria prestatzen hasteko. Sukaldariek haien lana egiten zuten bitartean musikariek berea egiten hasi ziren. Lehenengo abestia hasi bezain pronto saharauiak dantzan hasi ziren, erritmoa gorputzean sartuta gurekin konpartitzeko gogo biziz zeudelarik. Horrela, abestu eta dantzatzera ekin genion. Konturatu gabe bandera saharauia gurekin batera dantzatzera atera zen, azkar presoen banderola eta ernairena batu zitzaizkiolarik. Egoera hartan haien askatasuna eta poztasuna nabaria zen. Ingurune horretan aske sentitzen ziren,begi eta atzamar marokoarretatik salbu.
Borrokarako grina nabaria zen botatako oihuak horren adierazle izanik.Beraien emozioak eta nahiak kanpora atera zituzten musikaren erritmoarekin batera. Eta gu ere, beraiekin bat eginez, gerriak askatu eta gelditu gabe aritu ginen, gaua nagusitu eta lotara joan arte.
Esnatu orduko esne beroa, ogia eta olioa mahai gainean genituen.Ondo gosaldu, indarrak berreskuratu eta berriz bidean aurrera egin genuen,oraingoan ibaia bilatzeko helburuarekin. Ibai hau lurpeko ibai bat da, putzu baten bitartez dago harremanetan lurrazalarekin, eta ura ateratzerakoan eroritakoa asketara doa zuzenean, bertatik gameluek edan ahal izan dezaten. Guretzako ura atera bezain pronto gamelu talde bat agertu eta asketatik edaten hasi ziren inguruan jendea egoteari inongo garrantzirik eman gabe.
Dunak igotzen ere saiatu ginen,baita igotzea lortu ere,harrezkero multzo hauek goraino igotzea oso zaila egin zitzaigun,hareak laban egin eta goraka egitea ekiditen duelako, gainera eguzki izpiek zuzenean berotzen dituzte harea-pikorrak eta hauek oinak erretzen zizkiguten. Dunetatik jaitsi eta gauean bezala musika taldea bere doinuekin eguna alaitzen hasi zen.Irriak, barreak, dantzak eta gorputzak geldi eduki ezinak nagusi ziren bazkal ordu heldu arte, momentu hartan denak plateraren inguruan ezeri eta hitzik esan gabe jateari ekin genion. Menua, gamelua patatekin. Plater bakarra talde guztiarentzat, hau baita bertako kulturaren ezaugarri nagusienetarikoa.
Bazkaldu ondoren lurrean etzan eta atseden hartu ondoren berriz ere Laayoune-rantz abiatu ginen. Bidean geundela poliziaren auto bat atzetik geneukala atzeman zuen gidariak, eta berehala abiadura bizkortzen hasi eta ihesean gindoazen segundo gutxitan. Laayounera heldu orduko ilargiak hiria argitzen zuen eta honi esker polizia atzean ustea lortu genuen. Baina hirira heldu ginenean,etxe bakoitzeko inguruetan,polizia zegoen gure esperoan, egunero bezala. Bi egunetara, brigadistei bere etxea utzitako saharaui bat, Oathman, atxilotua izan zen. Egun gutxi eman zituen komisaldegian, baina horrela izanda ere bidegabekeria izaten jarraitzen du. Saharan geundenon inguruan galdetu zioten eta baita hainbat gazte aktibisten inguruan, jipoiak ere ez ziren gutxi izan. Komisaldegitik irteterakoan gure lagun eta kidea ikusi genuen,pozik eta irribarretsu, beti bezala, bertan bizitakoa azalduz eta borrokarako sugarra inoiz baino piztuagoa zuelarik. Bizipen hauekin gauza bat argi geratu zaigu, Saharako herriak ez duela inoiz bere borrokan etziko ezin baitituzte haien bihotzak okupatu.
Gora herri zapalduen borroka!