Saharako brigadaren 2.kronika
Gure brigadaren jardunak aurrera darrai bertako eragile ezberdin eta anitzekin bilduz.
Bilera hauetan Mendebaldeko Saharak (MS) Marokoren okupaziopean jasaten duen zapalkuntza eta errepresioaren berri jasotzeaz gain, arloka eta beti ere klandestinitatean antolatzen ari den herri bizi baten testigantza zuzena jasotzen ari gara. Era berean, geuk ere Euskal Herriko borroka ezberdinen berri ematen diegu bertako erakundeei, gure herriaren argazkitxo bat izan dezaten.
Salatu beharra dago une oro marokoar polizia sekretuak gure mugimendu eta bilerak kontrolatzen dituela. Hain da nabaria presentzia poliziala, gure itzala den polizia izen interkulturalarekin ironikoki “bataiatu” dugun: habibi txakurra, txakur maitea, alegia.
Uztailak 4 dituen honetan goizez bilerarik izan ez dugunez, El Aaiun-eko merkatutik aritu eta erosketa batzuk egiteko tartea izan dugu. Bertako denda gehienak, gaur egun hirian eta MS-an gehiengoa diren marokoar kolonoek kudeatzen dituzte. MSan sahararrak populazioaren %20a dira soilik, eta El Aaiunen konkretuki 40.000 inguru bizi dira.
Lehen bilera Emakume Sahararraren Forum-arekin egin genuen. Saharar emakumearen arazo nagusiena okupazio marokoarra dela azpimarratu dute behin eta berriz. Izan ere, kolonialismo marokoarrak ez du emakume sahararra errespetatzen (atxiloketak, torturak edota erasoak egunerokoak dira – bilera honetako gure bi mintzakidek 10 urte egin zituzten kartzelan), eta ez dio duintasunez bizitzen uzten. Hezkuntza maila oso baxua da MSan eta osasun sistema zeharo kaskarra. Umeentzako zonalde berderik ez dago lurralde okupatuetan, ezta zerbitzu sozialik emakume edota umeentzako. Guzti honek eta euren herriaren zapalkuntzak, emakume sahararra askatasunaren aldeko borrokari lotzera eraman du.
Euren erakundea 2009ko otsailean sortu zuten eta soilik emakumez osatuta dagoen erakunde bakarra da. Esperientziak elkartrukatzeaz gain, emakume sahararren ahotsa bilakatu gura dute Foruma.
Eguna bukatzeko Marokoar biolentziaren biktima izandako preso politiko ohien Elkartearekin egon gara. 3 preso ohik egin digute harrera, gaur egun 200 kidez osatua dagoen erakunde honen izenean.
300 pertsona egon ziren Marokoko kartzela sekretuetan 1975etik 1991ra, 5-16 urte bitarteko espetxealdi ilegalak jasanez, eta tartean zeuden haurrak izan zituzten emakumeak. Horietako 45 kartzelan hil ziren. Denbora guzti horretan Maguna edo Agdiz moduko espetxeetan eduki zituzten eta kanpoko munduarekin eta senideekin ez zuten inongo harremanik izan. Tortura fisiko eta psikologikoak egunerokotasunaren parte ziren, elikadura eskas eta txarra bezala; medikuarenera joateko eskubiderik ez zuten.
1991. urtean askatasuna berreskuratu ostean guztiz baztertuak izan dira: ez dute lana izateko aukerarik marokoar agintariek debekatzen dietelako, ekintza politikoetan parte hartzea debekatua dute bai eta atzerrira joatea ere. Osasun asistentziarako eskubidea nazioarteko kanpaina baten ondoren lortu zuten soilik.
Egoera honekin apurtzeko sortu zuten elkartea, nazioartean egoera salatuz. Euren helburu nagusienak, preso ohien eskubideak defendatzeaz gain, 560 desagertuak non dauden jakitea da, eta eraildako saharar borrokalarien gorpuak familiei itzul diezazkietela; era berean, MSaren autodeterminazio eskubidea errespeta araztea da.
Saharako jabegoaren eta kulturaren defentsarako Elkartea izan da gaur gurekin biltzen lehena. Elkarte hau iaz sortu zen eta, izenak dioen lez, Saharako kultura eta jabegoaren defentsan dago zentratua gehien bat.
Izan ere, 40 urteko okupazio ilegala Marokok Saharako kultur adierazpideak debekatzeko baliatu du, horrela herri sahararra asimilatzeko asmoz. Sahararrek darabilten arabiarraren dialektoak, hassaniak, ez du inongo onarpen ofizialik eta hizkuntza horretan ezin da ikasi edota libururik argitaratu. Saharar izenak jartzea galarazita dago, eta agintari marokoarrek, bertako kolonoek sahararren arropa tradizionalak erabil ditzaten sustatzen dute (marokoar erregimenaren alde dauden sahararrak direla erakutsi asmoz). MSko jabego kulturala lapurtzen ari da Maroko (adib., basamortuan aurkitutako ondarea); era berean, bizitza sozialeko adierazpideak (ezkontzak, haimen erabilpena,e.a.) mugatu edota aldatu nahi ditu erregimen okupatzaileak. Guzti honek helburu bakar eta argia du: MSaren eta bertako biztanleen erabateko asimilazio kulturala.
Kide hauek agurtu eta MSaren baliabide naturalen defentsaz arduratzen den CSPROM elkarteko bi kiderekin bildu gara. Haien helburua MSko baliabide naturalekin zer gertatzen ari den ezagutaraztea eta era berean, salatzea da. Izan ere, gaur egun Maroko MSko errekurtsoak (fosfatoa, gasa, petrolioa, arrantza, gatza, e.a.) era ilegalean ustiatzen ari da, nazioarteko komunitatearen (Estatu zein multinazional) konplizitate aktiboarekin (besteak beste, Espainiar eta Frantziar Estatuen kasuan bezala), edo berauen pasibitatea lagun dituela.
Gaur egun Marokoko BPGaren %30-50 bitartean MSari lapurtzen dizkion natur baliabide eta baliabide energetikoetatik datorrela kalkulatzen da.
Beste egun bat joana zaigu El Aaiungo oasi-hirian. Gauaren epeltasunean jende gehiago dakusagu kalean, eta, hemen garagardorik edaterik ez dagoenez, gu ere shisha edo nargile bat erretzera animatu gara, egunekoak komentatzeko eta zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo borrokan jarraitzen duen herri sahararren omenez.
Uztailak 6:
San Fermin ikurrinadunak gure Iruñea zaharrean hasi diren honetan, Gora Iruñea!! oihukatu eta goizean MSko sindikatua den CSTS-ko idazkari nagusiarekin, Sidi Ahmed Edia-rekin, bildu gara.
Sidi Ahmed Edia Fouch Boucrako langile ohia da eta bere jarduera sindikalagatik askotan erreprimitua eta erasotua izan da. 2011an manifestazio baten ostean marokoar poliziatik jaso zuen eraso baten ostean, bihotzekoa izan eta ia hil egin zen, baina tinko darrai borrokan.
CSTS 1989. urtean sortu zen klandestinoki eta publiko egin zen 1999an. Sindikatu independentea da. Tindouf-eko errefuxiatu kanpamenduetan UGTSARIO sindikatua dagoen lez, lurralde okupatuetan CSTS dago, Munduko Federazio Sindikalera (MFS-FSM) afiliatuta dagoena.
Euren aldarrikapen nagusienetariko bat zera da: Espainiar estatuak 75. urtean alde egin zuenean kale gorrian geratu ziren 24.000 langileentzako pentsio edota indemnizazioak jasotzea, Espainiak duen erantzukizun historikoa exijitzea, alegia. Momentuz, Espainiar estatuak muzin egin badio ere, gaia instantzia ezberdinetan jorratzen dihardute.
Bestalde, egun behargin sahararrek jasotzen duten bazterketa agerikoa ere salatzen du CSTS-k: MSan lanean diharduten langileen %94a kolono marokoarrak dira, eta soilik %6a sahararrak, nahiz eta populazioaren laurden bat izan. Gainera, sahararrei kategoria baxuena duten lanpostuak uzten dizkiete, eta jarduera zehatz batzuetan aritzea galarazten die Marokok (adib., pilotuak, medikuak, e.a.).
CSTS-ek ez du Marokoko gobernuaren onarpen ofizialik, baina era ilegalean antolatzen dira MSko hainbat lantegitan, saharar beharginak koordinatuz.
Bilkura honetan, brigada osoaren elkartasuna adierazteaz gain, brigada honetan parte hartzen dugun LABeko kideok CSTSko kideei datorren ikasturtean gure herria bisitatzeko gonbitea egin diegu, MSko egoera eta bereziki bertako langileriarena azal dezaten. Baiezkoa eman digute: Inshallah!! Hala bedi!!