Saharan egon den brigadaren bileren nondik norakoak
Saharar lurraldeetan igarotako lehen hiru egunetan bilerik izan ez bagenuen ere, abuztuaren lauean programari hasiera eman genion.
Lehen solasaldia Saharar Herriaren Autodeterminazioaren aldeko Elkartea eskutik jaso genuen. M.D, M.S Deylal eta H. Hammad saharar ekintzaile eta militanteek hartu zuten hitza, preso politiko ohiak eta nazioartean pisua duten pertsonak. Bertan Mendebaldeko Saharak izandako ibilbide historikoaren berri eman ziguten, 1975.urtetik gaurdaino,alegia. Azken 40 urte honetatik bi afera nabarmendu zituzten: batetik, lurralde okupatuetan bizi izan diren eta bizi diren Giza Eskubideen urraketetan eta bestetik, Europar Batasuna eta Marokoren arteko arrantza itunak eta beren eraginak. Erreparurik gabe eta irmoki diote ere egoera honen erantzule nagusia Juan Carlos erregea dela.
H.Hammad, CODAPSO erakundeko kidea hizlaririk sutsuenak gure aburuz, haserre bizian honakoa zioen: gure herria bahitua izan da eta bahitua jarraitzen du. Urte luzez jasan behar izandako torturaz mintzatzen hasi zenean baina, bere haserrea sufrimendu bilakatu zen.
Egia esan, sinestezina dirudi XXI.mendean gartzela sekretuak, seme-alabak familiaren aurrean bortxatzen dituzten poliziak, erahildako kideen gorpuekin presondegiko zeldak konpartitzera behartzen dituzten estatu langileak, edota militanteak helikoptero batetik itsasora jaurtitzen dituzten militarrak inpunitaterik gabe existitzeak. Eta zer esanik ez, nazioarteko komunitatearen isiltasun gaizkideaz!
Hau guztiaz haratago ere, saharauien eta marokiar kolonoen arteko eguneroko elkarbizitzan makina bat arazo/talka ikus daitezke. Hmad-ek dioen moduan, “Gobernuaren ustelkeria kolonoen esku geratzen da”, izan ere, gobernuak, paramilitar gisa arma zuriz ornitutako kolono taldeak lan zikina aurrera eramateko gertu izan ohi ditu.
Egoera lazgarri honen berri eman eta gero, Frente Polisarioaz mintzatu zen, baita gazte militanteez ere. Hots, nola belaunaldi gazteenak hau guztia bizi eta bide diplomatikoaren ezintasunaz konturatuta armetara itzultzeko prest dauden.
Hurrengo egunean, Giza Eskubideen urraketa larriak jasandako biktimen elkartea izeneko erakundeko kideekin batu ginen (torturatuak, martirien familiarrk, desagertuak... finean, marokoar okupazioaren ondorio lazgarrienak bizi dituzten pertsonez osatua). Elkarte hau, beste guztiak bezala, ilegala da Marokoar gobernuarentzat, elkarte gisa funtzionatzeko beharrezko baldintza guztiak bete arren, ez diete errejistratzen uzten, Polisarioarekin eta nazioarteko terrorismoarekin harremantzen dituztelako. Aktibistak hauek sufritzen duten jazarpen maila ikaragarria da. Euren jarduera behin eta berriz oztopatu eta estaltzen dute, Saharararen eta herritaren oinazeak mundu mailan oiartzunik izan ez dezan.
Eragozpenak eragozpen, elkarteak zutik eta lanean darrai. Edozein lanketa egiteko prest daude, beti ere jarduera nagusia biktimen gaineko informeak burutzea izan arren. Honen harira esan ere, beren lana gorpuzteko eta indartzeko zailtasun bi azpimarratu zituztela: militanteen formakuntza eta espezializazio falta.
Egun berean Saharauiar Kulturaren Defentsaren Aldeko Elkarteko kideekin ere bildu ginen. Kolektibo berria izanagatik ere, Saharako kultura sozial eta politikoa babesten lan oparoa egiten dute. Interesgarria izateaz gain, ezaguna egin zitzaigun beraien kontakizuna: marokoarrek saharar kultura ezabatzeko erabiltzen dituzten teknikak guk frankismoan pairatutakoen antzekoak baitira. Hassania hizkuntza sahararrak ez du inolako espaziorik administrazio zein hezkuntza esparruan, izen propioak ukatzen dizkiete, haimak bezalako sinboloak legez kanpokoak dira, beraien ohiturak propioak bereganatu dituzte marokoar gisa salduz, bizkidetza faltsu bat irudikatuz eta abar luze bat. Argi utzi ziguten okupatzaileen helburua Sahara herriaren nortasuna ezabatu eta “okupazio intelektual bat mposatzea dela. Egoerari aurre egiteko, (oinarrian transmisio oralaz baliatzen den kultura den arren) orain arteko ezagutza eta ondare guztia idatziz gordetzeko asmotan dabiltzala esan ziguten. Hauexek beren hitzak: “lurralde bat okupatu daiteke; ez ordea haren kultura eta bertakoen bihotzak”.
“Ibsar Elkhair” gaitasun berezidun sahararren aldeko kolektiboarekin eta “Saharauiar emakume eta haurren Behatokiarekin batuaz hasi genuen. Biek ala biek, euren esparruko lanketa espezifikoa burutzen duten arren, saharar herriaren autodeterminazio eskubidearen alde borrokan dihardute,indar okupatzaileen zapalketa ororen gainetik.
Ibsar Elkhair-eko kideei diru laguntzak ukatzen dizkiete elkartea sarararra izateagatik (marokiarren elkarteetan gertatzen ez dena, baina harro daude kolektibo honen kide izateagatik, beraiek dioten bezala «erosoago sentitzen baigara anai artean». Askotan, nahiz eta tratamendu berezien edota ebakuntza konplexuen behar larria duten, sahararra izateagatik hospitaletan baztertuak izaten dira; gurpildun aulkiak eta bestelako material zehatzen premia dutela aitortu ziguten, edozein donazio eskertuko luketelarik.
Emakume eta haurren kasuan zentratzen den elkartean berriz, (Fatimetu presidentearen gidaritzapean) lanketa zabalagoa egiten dute, haien ustez “gehien sufritzen” duen kolektiboa baita. Umeen kasuan, Gdeim Iziken erahildako adin txikikoaren kasutik haratago, egunerokotasunean jazarpen egoera pairatzen dutela esan ziguten, eskola militarizatuetan ume sahararrek, eta bereziki presoen seme-alabek, tratu txarrak jasotzen baitituzte (kasuak ere badira non adin nagusikoen kartzeletan ume sahararrak espetxeratu dituzten, El Aaiungo kartzela beltzean hain zuzen). Kolektibotik ikasketetan aurrera egiteko babesa eskaintzen diete eta baita ekintza desberdinak antolatu ere, desertura bidaiak eta txapelketa kulturalak adibidez.
Emakumeei dagokionez, berehala ohartu ginen nola Euskal Herrian egiten den lanketatik oso ezberdina den, eta ondorioz gure ikuspegitik aldendu beharra genuela beraien lana ulertu eta baloratu nahi bagenuen. Fatimetu lehendakari gisa hautatu nahi izan dute, emakumeen indarra eta presentzia irudikatzeko xedez (bileraren tarte handiena gizonezkoen hitzak bete bazuen ere). Fatimetuk bere esperientzia helarazi zigun: bost urte zituela amarekin batera atxilotu eta bi urtez kartzela sekretu batean giltzapetu zuten, ama hil zenean erreka batean abandonatu zutelarik. Emakumeak beraz, gizonak bezalaxe jazartuak dira, hots, espetxeratu, torturatu, desagertarazi eta erahilak izaten dira.
Gau horretan bertan Marokiar naziotasunari uko egin dion gazte talde batekin bildu ginen, zeinak ekintza andana aurrera eramaten duen (talde honen dinamika zehatza beste kronika batean azaldu dugu)
Hurrengo eguna, Saharar Langileen Sindikatuarekin elkartuz hasi genuen. Sindikatu honek,langile sahararren defentsan jarduteaz gain, baliabide naturalen babesaren aldarria ere egiten du kanpoko enpresek ustiatzen eta lapurtzen baitituzte (Espainia, Frantzia, Potugal, Errusia…), bertako ondasunak Marokoko gobernuarekin konplizitatearekin. Besteak beste, fosfatoa, arrainak eta area dira atzerriko kapitala erakarri eta, azken batean, bertako gatazkaren betirakotzean esateko dutenak.
Sindikatu honek, atzerriko beste hainbaten babesa eta errekonozimendua duen arren, ez da legala Marokoren arabera. Honek beraien lana oztopatzen duen arren, manifestazio desberdinak bultzatu eta beste hainbat egitasmotan ere murgiltzen dira.
Gau hartan Hmad Hammad-ekin hitzartuta genuen elkarrizketa grabatu geuen eta bertan, gaztelera perfektuan, gatazkaren nondik-norako orokorrak azaldu zizkigun beste behin, gurekin solasaldi atsegin batean, geneuzkan dudak argitzeaz gain.
Orain arteko azken bilera Gdeim Izikeko preso ohien kolektiboarekin izan dugu. Bertan, kanpamentuan atxilotuak izan ziren bi sahararren testigantzak ezagutu ahal izan ditugu eta iada ezagunak zaizkigun hainbat elementurekin egin dugu topo: torturak, sasi-epaiketak, atxilotze arbitrarioak… Era berean, antolaketa aldetik dituzten gabeziak identifikatu ahal izan ditugu: preso politikoen erakunde bateratu baten falta esaterako.
Bileretako batean militante batek hemengo gatazka ulertarazteko egongela erdian zegoen mahaia erabili zuen eta hauexek bere hitzak : gure herrian gertatzen dena ulertzea ez du inongo misteriorik ;aurrean dudan mahaia ikustea bezain argia da. Ez zaio arrazoirik falta, herritar militnte guztientzat egia bakarra baita : marokoar okupazio ilegala eta interes ekonomikoak bultzatutako ixiltasun eta konplizitate internazionala. Iturburu horretatik sortzen dira aipatutako jazarpen guztiak eta hortan zentratu behar dugu gure egitekoa eta borroka, jasotakoak bezalako testigantzak amaitzea nahi badugu bederen.