Sakine, Leyla eta Fidanen erailketa politikoa!
2013ko urtarrilaren 9an hiru emakume kurdu erailak izan ziren Parisen. Ordutik, urtero milaka emakume eta gizon kurdu biltzen dira Parisen erailketa hauek argitu daitezen eta justizia eskatzeko, etengabeko dolua gogoratuz. Herriak aho batez ebatzi zuen: Turkiako inteligentzia-zerbitzuek zuzendutako erailketa politikoa izan zen. Eraildako emakumeetako bat Sakine Cansiz izan zen, Kurdistango Langileen Alderdiko sortzaileetako bat. Sakine, bere militantzia politikoaz aparte, Kurdistango emakume askeen erakundea sortu eta iragarri zuen lehen emakumea izan zen. Sakine, Fidan eta Leyla herri kurduaren borrokaren abangoardia izateagatik eta emakumeen askapenerako mugimenduaren militanteak izateagatik erailak izan ziren. Emakume kurduek, Sakineren inguruan mintzo direnean, emakumeen emantzipazioa aipatzen dute, baita nola emakumeek heziketa bere egin duten eta nola indartu daitekeen emakumeen askapenerako mugimendua. Nola azaldu hiru emakume hauek izan zuten garrantzia…? Bere hilotzak milaka lagunen eskutik Diyarbakirren izan zuten harrera gogoratu besterik ez dugu, baita gogoan izan behar dugu Turkia bezalako estatu batek honelako erailketa Europako bihotzean antolatzeko izan zuen ahalmena.
Frantziako poliziak, Ömer Güney, erailketaren susmagarri nagusia, 2013ko urtarrilaren 21ean atxilotu zuen. Kasu honen ikerketa irregulartasun sakonez josita egon da. Egileak, MIT, Turkiako inteligentzia zerbitzuekin zituen loturak frogatzen dituzten aztarnak daude. Bestalde, Turkiak etengabe eskua sartu eta presioa ezarri zuen Frantziako Justizia burutzen ari zen ikerketan. Lotsagabea da Frantziako gobernuak honen inguruan ezer aipatu ez izana. Hiru emakumeen senideek ez zuten ezta doluminik jaso ere, inork ez zuen onartu bere mina, eta Frantziako gobernuak ez zuen bere estatu-lagun turkiarra behartu beronek omen zituen probak entregatu zitzan.
Erailketa hirukoitzaren epaiketarako hiru hilabete falta zirela, susmagarri nagusia Frantziako ospitale batean hil egin zen aurreko astean. Horrenbestez, erailketaren egilea eta lekuko bakarra desagertu da, eta honekin batera erailketen arduraduna eta agindu-emailea. Herri-ebazpena argia izaten jarraitzen du, era ofizialean ez bada ere, Turkiako inteligentzia zerbitzuari Sakineren, Fidanen eta Leylaren odola dario. Seguru asko kasua ez da argituko, batez ere Frantziako gobernuak eta Europako gobernuek MITaren aurrean erakutsi duten jarrera koldarra mantentzen duten bitartean, eta Turkiako inteligentzia-zerbitzuek bere lurraldetan inpunitate osoz esku hartzea onartzen duten bitartean. Joan den udatik, indarkeria izugarri biderkatu da Turkian, erailketa politikoak egunez egun gora doaz. Erdogan, Turkiako presidenteak, Sakine, Leyla eta Fidanek erein zuten hazia suntsitzea erabaki du. Euskal Herritik, elkartasun eta itxaropen oihua zabaldu nahi dugu, Erdoganek huts egingo du, eta inoiz baino seguruago gaude Turkia faxismoaren hilobia izango dela.
GORA EMAKUME KURDUEN BORROKA!
¡JIN, JIYAN, AZADI!