Santa Cruzetik Boliviako errealitatearen argazki orokor bat
Bolivian aurkitzen diren brigadistek Santa Cruzeko egonaldia amaitu beri dute. Egun guzti hauetan hamika bilera izan dituzte eta borroka, aldarrikapen eta esperientzia ugari batzeko aukera izan dute. Boliviar errealitatearen argazki orokor jaso dutela esan genezake beraz. Nondik hasi ordea? Bada oinarrizko ideietatik: nondik dator Boliviaren existentzia? Hona hemen brigadistek jasotakoa:
Denok baitakigu herrialde anitza dela oso, bertakoen identitate eta jatorriari dagokionez. Baina zer dela eta? Erantzun absolutorik emateko inongo intentziorik gabe baina, egun Bolivian lehentasunezko kontua diren baliabide naturalak izan dira galdera honen erantzuna. Eta zehatzago esanda, Potosí famatuan jarri dugu atentzioa. Konkista eta kolonialismo garaitik datorren ustiaketak baldintzatu zuen ingurukoen etorkizuna. Boliviako lurraldeak lasai asko egon zitezkeen inguruko estatuetan banatuak. Baina Potosík izan zuen garrantziak, inguru guztia eje horren zerbitzura jarri zuen, egungo Bolivia marrazten hasiaz.
Boliviak beraz, hasera hasieratik izan ditu baliabide naturalak zentralidadea markatzen. Eta hau ziklo ezberdinetan banatuta egon da. Hasi potosíko materialetatik, egungo hidrokarburoetara.
Baliabide hauek izan dira, Boliviak izan dituen hiru gerren esplikazioa. Chile, Brasil eta Paraguayen aurka hain zuzen. Hiruretan lurralde galera jasanez.
Bestetik, esan beharra dago, gaur egun arte Bolivia bere errealitate plurinazionalari bizkar emanez bizi izan dela; hau noski, interes elitisten ondorioz. Egungo prozesutik baina, lau ideia zentral aipatu dizkigu gure kideak. Antirrazismoa (oso praktika garrantzitsua), burujabetza, pachamama edo amalurra (eskubidedun subjektu bezala), eta bizitza onaren ideia utopiaren iparrorratz moduan.
Momentu honetan hala ere, hutsune garrantzitsuak azaleratu dizkigu. Egun, muga asko jartzen zaizkion kapitalismo batean bizi da Bolivia. Neoliberalismoaren garaiarekiko sekulako aldea markatzen duena, baina benetako drama kapitalismo kontrolatu honek bizitza onaren ideiari edukia ematea izango litzateke.
Aipaturiko Desafio taldeak Santa Cruz du bere lan esparru eta gaur egun gazteen formazioan dabil buru belarri. Baina ez edozein modutan. Beraien gertuko eskola bateko kideei formazio soziala ematen die. Eskola honek komunitatetako gazteak barnebiltzen ditu, nekazaritza nahiz arrantzan formatu daitezen; ondoren norberak bere komunitatean jakintza hauek aplika ditzan. Beraz, formazio teknikoaz gain, formazioa soziala jasotzen dute Desafioren eskutik. Hau da, Boliviren historia eta kulturak, errealitate sozialaren ingurukoa, ikuspegi kritikoa garatu dezaten... beraien komunitatetan garapen eredu alternatiboak bultzatuko dituzten helburuarekin.
Eskola horretako bi gazterekin, irrati saio batean parte hartzeko aukera izan genuen. “Voces Libres” deituriko saioa. Hau astean behin emititzen da eta zona ruralean hedapen zabala du. Bata Chiman eta bestea Bésire hizkuntzako hiztunak. Saioak identitate kulturala zuen gai nagusi gisa eta hor egon ginen bi euskaldun eta bi boliviako indigena gure herriaz, hizkuntzaz, kulturaz, komunitateaz eta identitateaz hizketan. Oso aberasgarria esperientzia. Eta eskertzekoa euskaldunei mikro bat jarri izana inongo aurreiritzirik gabe eta guk, gure herria eta gure identitatearen sakoneko kontuak azaltzeko espazioa eduki izana.
Bolivia momentu honetan hauteskunde kanpainan sarturik dago; gurean ez bezala kanpaina ofizialak oso luzeak dira. Hauteskuneak, non presidenteaz gain, asamblea nazionaleko kideak ere berritu beharko dituzten, urriak 12an ospatuko dira. Hori dela eta, santa cruzeko MASeko gazteen bilkura batean izan ginen. Hauteskunde kanpaina prestatzeko helbururekin elkartu ziren. 30 gazte inguru bildu ziren aurrera begirako erronkez eta estrategiez eztabaidatzeko.
Bilkura honetan Adriana Salvatierra asanblearako hautagai gaztea zegoen. Zonalde bakoitzak bere ordezkariak hautatzen baititu, beraz, zonalde honetako kanpainan gazteek dute pisu handia. Adriana, aldi berean, Columna Sur gazte sozialisten antolakundeko kidea da eta hauekin ere hurrengo egunetan elkartu ginen. Columna sur 2008an sortutako antolakundea da, eta garai honetan sortzearen arrazoi nagusia boliviak eta bereziki santa cruzek bizi zuen egoera tensoa izan zen. Hasiera honetan talde faxista eta kolpistei aurre egiteko helburuarekin elkartu ziren. Hauen printzipioen oinarria iritzi propioa edukitzeko obligazioa eta kolektibitaterekiko zerbitzua eta kontzientzia iraultzaile baten garapena dira.
Bestetik, Encuentro Social Alternativo eztabaida eta erreflexio taldeko kide batzuekin elkartu ginen. Ez genekien oso ondo zer aurkituko genuen bertan. Eta gure herrian eta errealitatean interes handia zuen kolektibo batekin topatu ginen. Ondorioz, haien galderei erantzuten saiatzeaz gain, Bolivia eta Euskal Herriaren artean dauden antzekotasun eta puntu amankomunak izan genituen eztabaida gai.
Eta azkenik gure Santa Cruzeko estantzia modu berezian amaitu genuen. Osvaldo “chato” Paredo mediku eta iraultzailearekin elkartu ginen. Honek bere etxeko ateak zabaldu zizkigun eta elkarrizketa benetan interesgarria izan genuen bere egongelan. Gazte gaztetik bere anai zaharren adibideari jarraituz mugimendu komunistetan antolatzen hasi zen. Ondoren errusian medikuntza ikasketak egiten ari zela, eta bere anaiak Che Guevararekin Boliviako gerrilla antolatzen hasiak zirela, bertan parte hartzeko gazte internazionalistak biltzeko zeregina izan zuen. Bere bi anaiak, Coco eta Inti, Cherekin batera erori ziren Boliviako basoan imperialismoaren hatzaparretan.
Errusian medikuntza eta zirujau espezialitatea amaitu ondoren, cubara joan zen kanpainako medikuntzan (gerrillako mdiku) espezializatzeko eta ostean Boliviara bueltatu zen; ELN talde armatua sortu eta klandestinitatera pasaz.
Urteak borrokan emanda, 1970ean Boliviako azken saiakera armatuan parte hartu zuen; 4 hilabetetan militarki garaituak izan baziren ere, inflexio puntu bat markatu zuen. Herri babes handia lortzeaz gain, lehen nekazari sindikatu independientea sortu baitzuten eta egun sekulako garrantzia du; hasierako hamarnaka kidetatik egungo 2,5 milioi afiliatura.
Chato ez da inoiz geldik egotekoa izan, eta urteak aurrera joan baziren ere, Boliviak egun bizi duen prozesuan haseratik parte hartu zuen. Santa cruzeko MASeko lehen zinegotzia izan zen. Berak gogaratu bezala, Che Guevarak aurreikusi zuen hein batean etorkizuneko prozesua, non nekazari eta indigenak ordura arteko jarrera folkloriko eta pasibo batetik, egungo askapen prozesuko eragile eta indar nagusi bilakatu diren.
Bestalde bere egungo zereginetaz ere mintzatu zen. Batetik, Escuela Internacionalista Che Guevara eraikitzeko asmoaz eta medikuntzako bere praktika berritzaileak hain zuzen. Siempre en la linea del frente!