Troika Kanpora!¡No al TTIP! ¡No al Plan Juncker!
Euskal Herrian TTIPari EZ! kanpainak, Jyriki Katainen Troikaren kolaboratzailearen bisitaren aurrean kontzentrazioa deitzen du. Otsailak 26, osteguna, 11.00tan Bilboko Euskalduna Jauregi aurrean.
INFO+: www.ttipez.eus atarian
TTIPak, AEB eta EB arteko itun trasatlantikoak, inongo muga zein kontrolik gabeko merkatu bakarren sorrera helburu du. Honetarako, egun EB zein estatuak neoliberalismoaren aurrekada gelditzeko dauzkaten arau apurrak deuseztuz. Honek, herritarron zein herrion eskubideen murrizketa suposatuko du, ingurugiroan, enpleguan, sektore publikoan, osasungintzan, inbertsioan edo komertzioan are eta egoera larriagoak sortuz, herritarron eskubideen ikuspegitik noski.
TTIPak eskubideen murrizketan oinarritutako politika neoliberalak areagotzea dakar, “austeritatean” ez ezik, EB eta AEBko elite ekonomiko, finantzazio eta politikoen alde egiten duten inbertsioetan oinarritutako politikak hain zuzen ere. TTIPak jasotzen dituen edukiez gain, hitzarmena adosteko erabiltzen ari diren moduak berak ere haren helburua zein den ikusarazten digute: hitzarmena enpresa-jabegoen, transnazional handien eta Troikaren ordezkarien artean ari dira eztabaidatzen. Itzal artean burutzen ari den akordioa, herritarroi bizkarra emanez eta herri-baimenik gabea. Merkatuen eskaerei erantzuteari begira bulego ilunetan sinatutako akordioen bidezko hitzarmena.TTIPa bera politika antisozial horiek garatzeko tresna den bezalaxe, Juncker Planak, TTIParen aurrekari moduan, aipatu ditugun politika horiei bidea irekiko die. Juncker Planaren oinarri garrantzitsuena sektore pribatua izaki, bertan jasotako neurriak onartu eta aplikatzeak enpleguaren galera, haren prekarizazioa, herri-sektoreen pobretzea eta sektore publikoaren pribatizazio-prozesu handiagoak besterik ez ditu areagotuko.
Ingurumenaren babesa jaitsiaraziko du baliabide naturalak inongo kontrolik gabe eta oso teknika arriskutsuekin ustiatzeko aukerari ateak parez pare irekiz. Gainera, osasun- eta elikadura-neurri asko baztertuko ditu elikagaien eta geure osasuna bera ere arriskuan jarriz. Eta zerrenda izugarri luze batekin jarraitu ahal izango genuke.
Troikak, TTIParen zein Juncker Planaren sustatzaile nagusiak, datorren ostegunean Europar Batzordeko gertuko kolaboratzailea, Jyrki Katainen Komisarioa, bidaliko du Bilbora. Katainen Enplegu, Hazkunde, Inbertsio eta Lehiakortasunaren Sustapeneko presidenteordea da, Juncker Plana eta TTIPa oso gertutik jarraitzen duen departamentukoa. Eragile politiko eta instituzioetako ordezkari askok, lehendakaria buru dutela, ongi etorria emango diote presidenteordeari eta haren planari. Gu ordea kalean izango gara, langile eta herri-sektoreek osatzen dugun gehiengoaren eskubideak defendatzen.
Horregatik guztiagatik, "Euskal Herrian TTIPari EZ!" kanpainan parte hartzen dugun eragile sozial, sindikal eta politikoek Katainen presidenteordearen eta hari harrera egingo dioten guztien aurrean elkarretaratzea deitu dugu. Troikaren eta haren inguruan dauden multinazionalek inposatutako politikengatik protestatzen dugu, politika horiek guztiak zentzugabeak baitira, langabezia, pobretzea eta eskubide eta askatasun sozialen zapalkuntza areagotuz. Plan horiek porlana eta adreiluaren alde egiten dute herritarron beharren alde egin beharrean, banku eta konstruktora multimilioidunen alde egiten dute pertsonak eta herriak salbatu beharrean. Planhoriek guztiek gure bizitzak deuseztatu nahi dituzte transnazionalen, politikarien eta bankarien kontu milioidunak are eta aberatsagoak bihurtzeko.Horien guztien aurrean, hemen behean sinatu dugun eragileok inposizio horiek geldiaraztearen beharra aldarrikatzen dugu, gaur zabalduko duten propaganda faltsua erabiliz, gutxi batzuen negozioa gehienon beharren kontura handitu besterik ez baitute bilatzen.
Beraz, herritarrak animatu nahi ditugu protesta honetan parte har dezaten eta martxan jarri dugun dinamikarekin bat egin dezaten. Erabakia gurea da. TTIPik gabeko Euskal Herria askea nahi dugulako. Juncker Planik ez! Troika Kanpora!