Urriaren 3an Algortan Gabi eta Herriak Libre ozen oihukatuko dute
Gaur goizean Algortako Herriak Libre dinamikako kideek agerraldia burutu dute larunbatean urriaren 3an eguerdiko 12:00etan Algortako Telletxe plazatik aterako den kalejira internazionalistaren berri eman eta Uribe Kostako herritarrak bertan parte hartzera gonbidatzeko. Izan ere, urriaren 19tik aurrera Espainiar Estatu inperialistak Askapena erakundea, Herriak libre eta Askapeña elkarteak eta 5 euskal herritar epaituko ditu, tartean Gabi Basañez bizilaguna. Hemen agerraldian irakurritako oharra:
6 urteko kartzela zigorra eskatzen diote Gabiri eta bere kideei internazionalismoaren eta herrien arteko elkartasunaren alde lan egiteagatik. 6 urteko espetxe zigorra, Latinoamerika, Asia zein mundu zabalean, zapalkuntza inperialistak bizi dituztenei begira jarri eta laguntza emateagatik; baita, euskaldunok bizi ditugun zapalkuntza sozial eta kulturalen berri emateagatik hemen eta munduan. Sahara, Palestina, Herri Maputxea, Irlanda, Korsika, Venezuela, Brazilgo nekazariak, Zapatistak… hamarnaka herriei berotasuna eman dio Askapenak eta horregatik legez kanpo utzi nahi dute.
Askapenako kideek harrotasun osoz baieztatu dezakete, leporatzen zaizkien karguen errudun direla; munduan edozein herrik sufritzen duen edozein zapalkuntza kapitalista eta inperialista beraiei egindako eraso bezala sentitzen dutela eta horregatik jarraituko dutela lanean. Horregatik, urriaren 3an Algortan, Espainiar Estatu Inperialista izango da errudunen eserlekuan jarriko duguna. Euskal herritarrok hamarnaka arrazoi baititugu Espainia zigortzeko eta nazkatuta gaudelako euren sasi-justizia inperialistarekin. OTANen parte hartzea, Hego-Amerikan egindako ehunaka konkista zapaltzaileak, Saharar herriaren bazterketan izandako parte hartzea, euskaldunon eta gure hizkuntzaren kontra hartutako milaka neurriak…seguro gaude herritar askok bat egiten dutela kexu hauekin eta horregatik larunbat goizez algortara hurbiltzera animatzen ditugu. Baita Gabi Basanez internazionalista, bertsolari, musikari, guraso, baserritar eta, finean, herrikideari elkartasuna adierazteko ere.
12:00etan Telletxen kale-jira anti-inperialistarekin hasiko gara. Jarraian herri-epaiketa egingo dugu Txiki Otaegin eta, amaitzeko, Abian Herriko Tabernan bazkalduko dugu elkarrekin. Bazkariko tiketak salgai daude Ajuria, Abian eta Hator tabernetan.
Internazionalismoa ez da delitua!!! Askapena LIBRE!!! Gabi Basañez LIBRE!!!!