23 de enero, borrokaren eredu!
Euskal Herriko herri mugimenduko 14 pertsonek osatzen dugu Venezuelako 14.brigada internazionalista.
Gure lehen egunak "23 de enero" Caracaseko auzo iraultzailean pasa ditugu, Simon Bolivar Koordinadoran, hain zuzen ere. Hasieratik harrera bikaina egin digute; etxean bezala artatu gaituzte. Baina askok ziurrenik ez duzue jakingo zer den "23 de enero" eta, are gutxiago, Koordinadorak berak auzoan egiten duen lana. Hori da hurrengo lerroetan azpimarratu nahiko genukeena, izan ere, borroka eredutzat har dezakegu.
"23 de enero" Venezuelako hiriburuko auzorik jendetsuenetakoa da, gutxi gorabehera 200.000 biztanle bizi dira bertan. 50.hamarkadan eraiki zen Marcos Perez Jimenez Jeneralaren diktadurapean. Auzo xumea (behe-erdi mailakoa) da, bloke erraldoi eta "ranchito"-z osatua. Begibistan dagoenaz gain, arreta eman digu bertan bizi den jendeak. Oso komunitate iraultzailea da, prozesu bolivartarra hasi aurretik ere, borrokan tinko jardun duen herria.
Hasiera batean, "Urbanización 2 de diciembre" izena jarri zioten diktadorearen estatu kolpearen egunaren omenez, baina auzo langile eta zapaldu honek etengabe borrokatu zuen erregimenaren aurka. Herriak 1958.urtean garaipena lortu zuenean, diktadorea erori zen eguna hartu zuen auzoak izentzat, herriaren borrokak lor dezakeenaren eredu. Dena den, iritsi berria zen "demokrazia" horretan diktadurako egitura berak mantendu ziren, ondorioz ez zen benetako demokraziarik. Espainiako Trantsizioarekin aldera genezake.
Hugo Chavezen agerpenaren aurretik etengabekoa izan da herriak jasan duen errepresioa, gatazka ugari izan ditu gobernuaren indar zapaltzaileekin. Urte haietan guda egunerokoa zen. Auzo sozialista eta eraikitzailea izanik, eskuineko indarrek bereziki gogor eraso zuten. Euren antolakuntza zapuztu nahi izan dute uneoro, hala ere, herritarrak ez dira kikildu eta auzoa eraikitzeko lanean tinko jarraitu dute espazioak berreskuratuz eta arnas-guneak sortuz, auzoaren garapen kulturalerako. Asko eta asko izan dira bidean gelditu direnak, ezin baitugu ahaztu borroka armatu baten erdigune izan dela. Egunerokoak ziren poliziaren eta auzotarren arteko liskarrak; koktelak bota, kaleak moztu, tiroketak... "23 de eneroko" bizilagunak egoera horren aurrean antolatu izan dira; "gerrilla urbano" gisa defini ditzakegu.
Zapalkuntza soziala gori-gorian zegoenean, venezuelarrak kalera atera ziren gobernuaren neurri neoliberalak salatzeko (Caracazo 1989). "23 de enero" auzoa izan zen borroka horren muina. Egun hartan poliziaren errepresioa oso bortitza izan zen; Caracas hirian 3.000 pertsonatik gora hil ziren.
Honen harira, Simon Bolivar Koordinadora sortu zen, "23 de eneroko" borrokaren bihotza, injustiziaren aurka ekiteko eta auzo bizitza garatzeko. Hasierako urte horietan, Koordinadorako kideak politikoki jazarriak izan ziren eta ehundaka atxiloketa, tortura eta erahilketa jasan behar izan zituzten. Istiluak ohikoak ziren, egunero zeuden borrokak poliziaren eta auzotarren artean. Koordinadoraren sorreratik herri-boterearen indartzean jardun dute etengabe, herriak subjektu sozial gisa izandako protagonismo historikoan oinarrituz.
Chavez Komandantea boterera iritsi zenean, auzoaren bizi-baldintzak goitik behera aldatu ziren. Espazio publikoak berreskuratzen hasi ziren, liburutegiak sortu zituzten, "Al Son del 23" irrati librea (Koordinadorako kideentzat garrantzi berezia duen lorpena), alfabetizazio-eskolak, kirol-ekimenak, etab. Ekintza hauek guztiak gauzatzeko lokalak eta kirol-esparruak eraiki zituzten. Gaur egun Simon Bolivar Koordinadoraren egoitza dena lehen poliziaren komisaldegia zen. Horra hor espazioak herriarentzat berreskuratzearen adibideetako bat. Koordinadoraren lanari esker, auzokideak haien kabuz antolatzeko eta auzoko arazo eta beharrei elkarlanean aurre egiteko guneak sortu dira.
Egun hauetan bizi izan dugun esperientziak eta haien ahotik jasotakoak indarberritu egin gaitu eta gure herriaren eraikuntzan lanean jarraitzeko kemena eman digu, Simon Bolivar Koordinadora baita herri indarrak lor dezakeenaren isla.
¡23 de enero vive, la lucha sigue!
Askapenaren Venezuelako brigada