La niña eta La Pintaren inbasioak Iberdrola edo BBVA izena du orain
Gipuzkoako Hitzak argitaratutako elkarrizketa
Motibazio politikoagatik preso dauden kolonbiarren eskubideen alde dihardu lanean Walter Agredok (Cali, 1970). Talde paramilitarren aldetik jasotako mehatxuak direla medio, sei hilabete daramatza Kolonbiatik kanpo, eta aste batzuk igaro ditu Euskal Herrian. Hain justu, urriaren 12an Hispanitatearen eguna ospatzen dela-eta Askapena erakunde internazionalistak egitarau oparoa antolatu du datorren asterako.
Dokumental emanaldiak zein hitzaldiak izango dira Euskal Herriko hainbat txokotan, guztiak ere, "Europako, eta, batez ere, Espainiako multinazionalek hainbat herriren aurka daramaten zapalkuntza eta etengabeko lapurreta salatzeko". Horietako zenbait hitzaldi Agredok berak eskainiko ditu, Kolonbiako egoeraren berri emanez. Gipuzkoan, hiru lekutan ariko da.
-Lehen aldiz etorri zara Euskal Herrira. Zer iruditu zaizu?
-Europara etorri, Asturiasen eta beste hainbat lekutan egon, eta Euskal Herrira etorri gabe geratzea oker handi bat izango zelakoan nago. Duintasun eta indar handiz borrokan ari den herri baten irudia geratu zait buruan, istorio gogor asko biltzen dituen herri gisa oroituko dut. Urte askotako kulturari eutsita bere etorkizuna erabaki nahi duen herri bat ezagutu dut, ikusezin bihurtu nahi izan dutena. Europaren barnean, eta zehazki, Espainiako Estatuaren barnean egonik, sinestezina iruditzen zait Euskal Herriko errealitateari ez ikusiarena egiten diotenen jarrera, jazarpen eta tortura kasuak ukatzen dituzten horien jarrera. Esango nuke Espainiak harrera egitasmo esanguratsuak dituela etorkinei zein palestinar edo saharar herriei dagokienez. Baina Euskal Herrian gertatzen ari denari ez dio kasurik egin nahi. Adibide garbia, irailaren 11ko Diadan neonaziek Madrilen egin zutena da. Hori euskal gazteek egin balute, honezkero inputatuak eta atxilotuak leudeke.
-Kolonbiako preso politikoen elkartasun batzordeko ordezkaria zara, zehazki Cauca eskualdekoa. Zein da batzorde horren egitekoa?
-Nazio mailan egituratutako batzordea da gurea; Kolonbiako bederatzi eskualdetan dugu presentzia, eta bai, ni hego-mendebaldeko Cauca eskualdeko ordezkaria naiz. Gure egitekoa arrazoi politikoengatik askatasuna galdu duten herritarren eskubideak juridikoki defendatzea da. Bi hitzetan esanda, jendeari bere eskubideen alde egiteko tresnak ematea da gure funtzioa. Hasiera batean, gerrilletako kide ziren herritarren eskubideen alde egiten genuen lan, baina azken urteotan asko aldatu da hori. Gaur egun, matxinada armatuko parte izan gabe askatasuna galdu duten herritar asko daude. Gora egin duelako protestetan parte hartzen duen jendea auzitegietara eramateko joerak, eta elkartasunez protestekin bat egiten duten asko atxilotzen dituzte. Ondorioz, asko aldatu da guk 'atxilotu politiko' gisa definitzen genituen herritarren figura bera ere.
-Urriaren 12ko testuinguruan hitzaldi sorta bat eskaintzera etorri zara Euskal Herrira. Zein mezu nabarmendu nahi duzu?
-Juan Manuel Santosek presidentetza hartu zuenean, azaldu zuen berak bost ardatz baliatuko zituela Kolonbia aurrera ateratzeko. Ardatz horietako bat meatzaritzarena da. Kolonbian urrea dago, uranioa, petrolioa eta beste hainbat gauza, munduko multinazionalak Kolonbiara iristea eragin dutenak, horien artean baita Espainiako multinazionalak ere. Beraz, esan daiteke orain dela urte asko La Pinta, La Niña edo La Santa Maria itsasontziekin iritsi zen inbasioak iraun egiten duela oraindik, Iberdrola, Union Fenosa edo BBVA eta halako izenekin gaur egun. Gure eremuaren usurpazio horrek badirau oraindik. Hori nabarmendu nahi dugu hitzaldien bidez, gure aberastasunak eta gure baliabide naturalak lapurtzen dizkigutela. Gure aldarria ere argi geratuko da hitzaldietan, Kolonbiako baliabide naturalen eta aberastasunen inguruan erabakitzeko eskubidea herritarrok dugula, alegia.
-Antzekoa al da preso politikoen egoera Euskal Herrian eta Kolonbian?
-Gobernuen jarrerari erreparatuko nioke, hasteko. Bi herrietan mehatxu terroristaz hitz egiten dute gobernuek. Askapenako lagunak ezagutu aurretik, hedabideen bidez baino ez genuen Euskal Herriaren berri, eta hedabideak ikusi behar dira, baina ez zaie sinetsi behar. Espetxe sistemari dagokionez, berriz, sakabanaketa baliatzen dute bietan. Preso politikoak oso txikiak direla pentsatzera behartzen dituzte, euren herrietatik eta familietatik urrunduta. Gainera, hainbat norabidetako zigorra da, Euskal Herriko lagunekin egotean ohartu naiz horretaz. Batetik, presoa bera umiliatzen dute, bakardadean sartzera behartuta. Baina, bestetik, familia ere zigortzen dute, senidea ikusteko ehunka kilometro egitera behartuz, eta askotan bisita izateko aukerarik eman gabe. Bide batez, kalera ere mezu bat igortzeko baliatzen dute, protestekin edo mugimendu sozialekin bat egin dezaken jendeari erakusten diete borrokak zein ondorio dituen, mehatxu gisa funtzionatzen die.
-Mehatxua aipatu duzu, badakizu zerbait horretaz.
-Bai. Kolonbian mehatxuak daudenean, badakigu serioa dela. Aurtengo lehen seihilekoan, 156 eraso jasan dituzte gizarte mugimenduek. Mehatxuez, informazio lapurretez, bulegoen miaketez zein legez kanpoko atxiloketez ari naiz erasoak aipatzen ditudanean. Jo puntuan gaudela esan daiteke, nik neuk 2009tik mehatxuak jaso ditut. Hasieran mehatxu idatziak posta elektronikoz, ondoren jarraipenez ohartu nintzen, eta talde paramilitarrak bulegora bila etortzen hasi zirenean, gure batzordeak erabaki zuen Kolonbiatik irten egin behar nuela. Sei hilabete daramatzat handik kanpo; hemengo egonaldia amaitutakoan itzultzeko asmoa dut, ea giroa baretu den. Itzuli beharra sentitzen dut, eta ahal bada, ez dut berriro handik alde egin nahi. Bazterkeria gabeko Kolonbia bat eraikitzen parte hartu nahi dut.
-Nola eragin dizu astelehenean Guardia Zibilak Herrira mugimenduko hemezortzi kide atxilotu izanak?
-Argi utzi behar da eskubideen alde lan egitea ez dela bide horretatik zigortzeko moduko zerbait eta erabat lekuz kanpo dagoela estatuek halako jarrera bat hartzea. Baina, egia esan, ez dut uste Espainia edo Frantziarengandik besterik espero daitekeenik ere, Espainia nazioartean estatu torturatzaile gisa ezagutzen baita. Uste dut euskal presoen aldeko mugimendu sozialari kolpe gogorra eman diotela, baina hala ere lanean segitu beharra dutela esango nuke. Beste edozeren gainetik, elkartasunezko besarkada bat helarazi nahi diet hemezortzi atxilotuei eta Herrira-ko kide guztiei gure batzordearen izenean.
Nekane Zinkunegi Barandiaran (Gipuzkoako Hitza)