Atxikimendua eman eta apirilaren 5ean “gure erabakitzeko eskubidea” lelopean Iruñan burutuko den manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu
Askapenak emakumeon burujabetzaren alde datorren apirilaren 5ean Iruñean ospatuko den manifestazioari bere atxikimendua adierazten dio eta bertan parte hartzea dei egiten du.
BABESA EMATEN DIOGU manifestazioari, aldarrikapenaren eta protestaren erdigunean emakumeon gorputz askeak eta burujabeak jartzen dituelako, baita dagozkigun sexu eta ugalketa eskubideak ere, ama izateko edota ez izateko eskubidea barne.
BABESA EMATEN DIOGU Iruñeako kaleak zeharkatuko dituen manifestazioari, aldarrikatuko duelako, inolako luzapen edota aitzakiarik gabe, abortua bere-berehala Kode Penaletik atera dadila, eta emakumeon eskubidetzat har dadila, emakumearen borondate librez eta eskaeraz gauzatuko dena.
BABESA EMATEN DIOGU Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako manifestazio nazionalari, batetik, eskatzen duelako, berehalakotasun osoz HBEak zentro publikotan egin daitezela, Osasunbidearen zein Osakidetzaren zerbitzu gisa, eta bestetik, salatzen duelako zerbitzu horren egungo pribatizazio eskandalosoa.
BABESA EMATEN DIOGU Iruñeako manifestazioari, zuzenean aurka egiten diolako Madrilgo gobernuak aurkeztutako lege aurreproiektuari, hau da, emakumeon eskubideak ukatzen eta urratzen dituzten eskuin ultrakatoliko eta kontserbadorearen planteamenduetan oinarrituz, abortatzeko eskubidea birzigortzen duen lege aurreproiektuari.
BABESA EMATEN DIOGU Euskal Herriko talde feministen manifestazioari, erdigunean kokatzen duelako emakumeon sexu eta ugalketa eskubideekiko errespetua, hezkuntza aske zein aniztasun sexualerako abiapuntu gisa.
BABESA EMATEN DIOGU “gure erabakitzeko eskubidea” leloaren aldeko manifestazioari, PPren proiektu birzigortzaileari aurre egiteko, kolpe batez ezabatzen baititu sexu eta ugalketa eskubideei buruzko legeak, diktadura frankistaren garai atzerakoietako abortatze praktiketara atzera eginez.