Maiatzaren 31ean Arrankudiagan egun internazionalista izango da
Ernaik eta Askapena antolakundeok elkarlanean datorren maiatzaren 31an, hemen, Arrankudiagan, “Euskal Herria Arraundeguorl” egun internazionalista a antolatu dugu. Lehenik eta behin ordea, Arrankudiagako Udalari eta bertako bizilagunei eskainitako erraztasunengatik eta gugan jarritako konfiantzagatik eskarrak eman nahi dizkiegu.
Euskal Herrian, internazionalismoa geure askapen borrokaren zutarrietako bat da. Milaka izan dira urteetan zehar herrien arteko elkartasuna sustatu eta inperialismoari aurre egin asmoz eginiko keinuak. besteak beste Arrankudiagak Nikaraguarekin eginikoa. Eta Nikaraguatik, Venezuelara; Irlanda, Palestina, edota Gaztela bera ere, geure konpromiso internazionalistaren adibide bikainak dira.
Euskal Herriak gainontzeko herri borrokalariei babesa eta elkartasuna adierazteaz gain, dozenaka dira geure mugetatik at geure herriarekiko egindako elkartasun keinuak. Adibide ezin hobea dugu azken egunotan munduko txoko ezberdinetan aurrera eramaten ari den Euskal Herriarekiko VIII. Elkartasun Astea.
Arrankudiagan antolatzen gabiltzan egun internazionalista hau edukiz zein kultur eskaintzaz jantzi dugu; opor internazionalisten inguruko tailerra, Internazionalismoaren inguruko hitzaldia, erakusketa, Arrankudiagatik Nikaraguara joandako lagunen solasaldia, pintxo internazionalisten dastaketa, kalejira, haurren txokoa Irrien Lagunekin, Herri Bazkaria, Uluka Aiaraldeako musika taldea, Rojo Cancionero Gaztelatik eta bertsolariak besteak beste. Egunari amaiera ekitalditxo batez emango diogu, ostean kontzertuei sarrera egiteko.
Bertaratzeko, Gasteiztik, Donostitik eta Iruñatik autobusak antolatuko ditugu, baita beste bailara edo eskualde batzuetatik ere. Bilbo inguruetatik garraio publikoan etortzeko aukera paregabea dago.
Egun borobila beraz geure konpromiso eta borroka internazionalistan berretsi, gazte eta ez hain gazteekin internazionalismoa oinarriak landu eta bide batez gozatzeko!
Animatu Euskal Herria Arraundeguorl egunera!
Hamaika herri borroka bakarra!