Aida errefuxiatu gunetik lehen kronika
Laukote brigadista Jerusalemen elkartu zen abuztuaren 8an Lehen hitzordua Kazetari internazional batekin izan zuten. Elkarrizketa luze bat izan ondoren Palestinaren egoera eta historiko orokorrari buruz idei batekin Bethlehemerako bidea hartu zuten autobusea. Errefuxiatu guneko bizitza nolakoa den jakin nahi? Irakurri brigadistek bidali diguten kronika:
Bethlehem inguruan bi errefuxiatu gune dira. Autobusez iristean Aida errefuxiatu guneko lagun batek itxoiten gintuen euskal eta italiar lagunekin. Errefuxiatu gunean direkto Amal al Mustakbak zentrora joan gira. Bertan egon gira lau egunez. Palestinarekin solidario den internazionalista talde italiar batek uda guziak bertan pasatzen ditu eta aurten ere 7 pertsona elgartu ziren bertan. Hauek dozena bat egun egoiten dira umeen animazio lanetan. Naturalki beraz goizetan animatzaile lanetan lagundu ditugu.
Errefuxiatu guneko bizimodua. Lau egunek errefuxiatu guneko giroan eta bizimoduan sartzeko aukera eman digute. Goizetan goiz iratzarri -goizeko 6'30tan- eta umeak 8tan hor ditugu, animazioen hasteko zain. 40 eta 60 umeren artean etortzen dira zentrora. Guk bi hitz besterik ez dakizkigu arabearrez beraz keinu eta gorputz hizkuntzetan eta euskaraz egiten dugu ahal dugun moduan.
Goiz guziz egunaren hasiera Gazari buruzko kantuak abestuz hasten gira: ume guziak eta animatzaileak lerroan ezartzen gira ttipienetik handienera. Lerro bakotxak Gazako herri baten izena hartzen du : "Ia ala ba, ba ala alef, alef ala lam , lam ala iam, ia ala alef, Jabalia, Jabalia, Jabalia txalo txalo Alkutz, txalo txalo lana lana lana."
Animazio inprobisatutan euskal udelekutako kantuekin jolasean ibiltzen dira palestinar umeak "ipurdia atera eskuak aurrera, behatza gora" ainitz maite dute kantua eta egun guziz eskatzen. Brigadista bakotxak animazio desberdinetan parte hartu dugu: kontu kontakari ari diren erakasleak laguntzen; marrazki tailerrak animatzen; baloi jokotan etab.
Hamaiketakoan, pausa. Denak zentrotik ateratzen gira, errefuxiatu guneko lagun batek duen dendara joan falafelak etab jateko. Ume guziek jan ondoren segitzen dugu animazioekin. Eguerdikora iritsi, umeak zentrotik joan eta zentroan animatzaile guzien artean bazkaltzen dugu.
Arratsaldez bertako gazteekin egoiten gira ta bertako giroan sartzen. Arratsalde hauetan ditugu truke politikoak egiten:
-Errefuxiatu gunearen itzulia Palestinar lagunarekin: harresiaren ondotik pasa, hilerri ondoan den checkpointean egon-lurrean harriak denetan eta ondoko kalean umeak harri botatze entseguta jolasean- Etxe baten teilatura igo, kanpo osoko bista ukaiteko, eta bertan eguneroko arazoen berri ukaiten:
1)uraren arazoa (hilabetean behin edo bitan maximo betetzen dute ur tankea gune osorako. Haien egunerokoa uraren aurreztean oinarritzen da.
2)harresia bestaldeko Palestinarren arazoak (anbulantziak ezin pasaz gaixorik, haurdun, ala hilzorian denak bertan hiltzeko arriskuak).
3) Aidako eskolako atean tiroketen zuloak bai sartzeko atean bai gelako murruan. Horrekin goizetan gurekin alaiki jolasten diren umeen eguneroko bizipenak zein heinerainokoak diren ohartzen. Izan ume ala gazte sarraskiak baitira okupazioaren eta ejerzitoaren ohiko jokoa errefuxiatu kanpotan.
Askapenerako fronte nazioleko gazteekin bilkura: 3 orduko bilera egin dugu idazkari ta kideekin. Bost gazterekin egin dugu bilera. Bostetaik lau preso egonak dira. Guri izan delarik itzulia gure buruen aurkeztea, lehen galdera gure izena ondotik izan da zenbat urte egon giren kartzelan, eta ez bagira egon zenbat urte egonen girela uste dugun. Denek ongi irri egin ondoren holako galderekin, truke aberatsarekin segitu dugu barneko funtzionamendua eta ideologiaren hobeki ezagutuz.
-Errefuxiatu guneko biztanle batekin bilera errefuxiatuen egoerari buruz: gure bertako lagun guziak, italiarrak izan ezik, errefuxiatu gunean betidanik bizi diren lagunak dira. Gehiago ezagutu nahi an errefuxiatu guneen nundik norakoa bilera egin: Aida kanpoa 1948 urteko errefuxiatuez osatua da: 1km2-an 6000 pertsona bizi dira. Inbasioa hasi delarik Israeldarrek haien etxeak hartu ta kale gorrian utzi dituzte milaka ta milaka Palestinar. ONUk kanpo honen lurrak 99 urterako erosi ditu oihal etxeak bertan ezarriz (lagunak zion bezala, biztanleek haien etxeetako giltzak atxikitzen dituzte bai sinbolikoki baina bai hasieran sinesten zutelako fitesko itzuliko zirela etxera, baina ONUk ongi bazekien zer zen helburua 99 urteko erosiz lur hauek): 67ko soluzio faltsua agerian utzi digu bilkura honek.
-Beleneko Ospitaleko bisita: Bertako ospitalerik hoberena denez kirurgiarentzat, Gazako kolpatuak bertara igorriak dira. Bertaratu gira beraz Gazaren sarraskia urbiletik ezagutzeko. 50 urteko aita bere etxeko baratzan zen ramadan egunean tea hartu aintzin eta misila bitan bere gainean apurtu, besoa eta belaunetik berako guzia galdu ditu. Bere lehen erreakzioa izan da bere familia nola zegoen ikustea eta uroski bete nehork ez du ezer ukan. Bere ondoko ohean hogei urteko gazte bat, honentzat ere bere etxean bertan zenean gertatu zaio berea, zangoa galdu du. Jarlekuan beste gazte bat hau gune errefuxiatu batekoa,berak argiki erraiten beti borrokatu duela Palestinaren alde eta ez duela horrek geldituko, beti segituko duela, ez dela beste biderik. Bertan ere anbulantzialari bat, Gazako sarraskietan bere anbulantziarekin laguntzen zuelakoan gertatu zaio berea. Azkena, umore tristeko hogeitahamabost urteko gizona, hau apal mintzatzen da, poliki poliki deskribatuz bere bizipena. Bonba bat erori zen bere auzoaren etxean ramadan egunean. Auzoaren etxera joan ikusteko kolpaturik baden eta laguntzeko baina bat batean beste bonba bat erori da ta betiko suntsitu du.
-Muralak: "We are all Gaza" solidaritate mural batekin hasi eta egun guziz Aida kanpoko murruen margotzen aritu gira Italiarrak eta euskaldunok, Palestinako lagunak hautatutako marrazkiak tindatzen. Polita izan da esperientzia. Hau iguzkia ez zelarik bortitzegi egiten ginuen. Gaua etortzen zelarik, bi segundutan argia instalatzen zuten lagunek. Bertan, inguruko auzoak elgartzen ziren kafea, dutea edaten; izozkiak, falafel ogitartekoak jaten; nargila erretzen, kalakan aritzen...eta giro goxo batean denek komentatzen marrazki eta irudi bakotx. Irudi batean ejertzitoko tipo handi bat agertzen da ume baten ileak tiraka, 15 urtepeko haur guziak pasatzean zioten "hau gaixtoa da! itsusia da!" muturra eginez militar marraztuari. Zaharragoek erreakzioak ukan dituzte Israel bandera agertzen zelarik nahiz eta bandera urratu gisa agertu... Denen unanimitatea ukan du bertako hiru emazte borrokalarien murralak. Biziki politak ziren trukaketa horiek. Batzutan intentsoak ere, mural baten inguruan errefuxiatu guneko palestinarren arteko gatazka politiko momentum bat bizi izan dugu ere.