Irun eta Hondarribin Palestinar herriaren zapalkuntza landu zuten hitzaldian
Abuztuaren 27an Palestinaren aldeko argazkia aterako zuten Irunen, "Free Palestine" leloa lurrean idatzi zuten gorputzekin. Honekin batera Hondarribiako Gazte Asanbladak Palestinaren inguruko hitzaldia antolatu zuen iluntzean. Ekimen hauekin irailaren 13an burutuko den manifestaziorako deialdia zabaldu nahi izan dute eskualdean.
Hitzaldia pasa den urtean Palestinan brigadista bezala joan zen Iñaki Etaio Askapenako kideak eman zuen. 30 lagun bidlu ziren, denak oso interesatuta Palestinaren inguruan eta zonaldean bizi den gatazkaren inguruan. Bi ordu eta erdiz aritu ziren gaia jorratzen, aurkezpen eta solasaldian.
Gatazkaren nondik norakoak ulertzeko sionismoa zer den, nola sortu eta hedatu zen eta zein dira sionismoaren helburuak azaldu zituen Iñakik. Honekin batera sionismoaren aurkako mugimenduak eta borrokak desitxuratzeko egin eta egiten diren manipulazio saiakerak aipatu zituen.
Modu honetan Estatu sionistaren sorrera eta hedapeneri heldu zioten, palestinarrentzat eta alboko herrientzat gakoak izan ziren gertakizunak azalduz (Nakba, 1967ko 6 egunetako guda...). Jarraian Palestinako herriaren erresistentzia eta Osloko akordioak analizatu zituzten. Errepaso historiko honetan zehar sionismoaren izaera espantsionista, baztertzaile, arrazista eta erligioan oinarrituta argi geratu zen.
Zisjordaniako egoera jorratu zuten jarraian (koloniak, harresia, errefuxiatu guneak, eguneroko bizitza...).
Bukatzeko, Palestinaren aldeko elkartasunaz aritu ziren, elkartasun eraginkorrena egiteko modua BDS ekimena bultzatzea dela azalduz. Ekimen honen errepaso historiko bat egin ostean, ekimenaren aldarrikapenak eta tresnak azaldu zituen Askapenako kideak. BDS mugimenduak lortutako arrakastak aipatu zuen. Euskal Herriari dagokionez, herri palestinarrarekiko elkartasuna bideratzeko erarik onena BDS izanda ere, lana egiteko badugula azaldu zuen. Zentzu horretan, Estatu sionistaren produktuei eta kultura- eta kirol-adierazpenei boikota egiteaz gain, boikot instituzionala bultzatzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuen. Adibide bezala Euskadiko Nekazal Kooperatiben Federazioak Estatu sionistara joateko antolatutako bidaia bertan behera geratzea aipatu zuen, elkartasun mugimenduaren presioari esker lortutakoa, zalantzarik gabe. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak 2014ko apirilean Basque Country 2020 internazionalizatze estrategiaren barruan Israelgo estatua lehentasunezkoa bezala definitzea salatu eta Eusko Jaurlaritzatik eta euskal enpresetatik Estatu sionistarekin harreman guztiak bertan behera uzteko exijentzia zabaltzearen beharra azaldu zuen.