Herrialde Katalanetako Esquerra Independentista: Independentzia den-dena aldatzeko.
Igandean eman zion Herrialde Katalanetak brigadak amaiera bere bidaiari. Eragile eta borroka ugariren berri eman ziguten lehen kronikan eta bigarrengoan berriz bolo bolo dabilen Prozesu Soberanistaz mintzatu zitzaizkigun. Azken kronika honetan, irilaren 11eko Diada eguna, Herrialde Katalanetako Esquerra Independentista eta askapen borroka jaso digute. Irakurri.
Beste irailak 11 bat igaro da, 300 urte dira jada, Borboien armadak Bartzelona bonbardatu eta Herrialde Katalanen azken subirautza suntsitu zuenetik. Duela 300 urte, Maulets taldeek lurraldea babestu zuten, eta Herrialde Katalanetako Esquerra Independentistak urtero, Diadaren bezperan gogoratzen ditu hildako borrokalari horiek, Fossar de les Moreresen, inoiz itzaltzen ez den su baten azpian.
Su horrek piztuta darrai oraindik ere, borrokaren jarraipenaren lekuko. Horretarako sortu baitzen Herrialde Katalanetako Esquerra Independentista, lurralde osoaren (Pais Valenciá, Principat de Catalunya, Illes Balears, Franja de Aragó, Andorra eta Perpinya) independentzia lortzeko. Independentzia, ordea ez dute bandera aldaketa bezala ulertzen ezker independentistaren barneko antolakundeek. Quim Arrufat CUP alderdiko (Candidatura de Unitat Popular) parlamentariak, Diada eguneko ekitaldian esan zuen bezala, “erregimenez aldatu behar dugu, Herrialde Katalanetako errepublika behar dugu, baina honekin batera, sistema aldatzea ezinbestekoa da. Independentzia behar dugu den-dena aldatzeko. Herrialde Katalanetarako independentzia, sozialismoa eta feminismoa nahi dugu”.
Horiek dira Esquerra Independentistaren ardatzak, eta gaur, independentismoaren hegemonia ez daukatela jakin arren, herri mugimenduan eta herri langilearekin egiten duten lan ikaragarria ikusi ahal izan dugu. Mugimendu “berria” da Esquerra Independentista, baina etorkizunerako proiekzio handia duena. Behean eta ezkerrean sortutako mugimendua da, herri langilearen batasuna oinarri; kapitalismoak eta patriarkatuak erasotzen dituen pertsona guztien herri frontea eratzea helburu, herriak boterea har dezan, den-denaz erabakitzeko aukera izan dezan.
Oinarri ideologiko horiekin, Herrialde Katalanen askapen mugimenduak antolakunde batzuk ditu fronte ezberdinetan: Antolakunde estrategiko bezala MDT (Moviment en Defensa de la Terra) eta Endavant-OSAN (Nazio Askapenerako Antolakunde Sozialista) dituzte. Arlo sindikalean COS (Coordinadora Obrera Sindical) dago, nahiz eta orain arte ez duen indar askorik hartu, eta CGT edo Intersindical sindikatuek indar handiagoa dute Esquerra Independentistaren barnean ere. ARRAN da Herrialde Katalanetako gazte antolakundea; 2012an sortu zen MAULETS, CAJEI eta bestelako antolakunde lokalen batasunarekin, eta Herrialde Katalanetako gazte antolakunderik handiena izatea lortu du. Ikasle sindikatua SEPC da (Sindicat de Estudiants dels Països Catalans), Herrialde Katalanetarako kalitatezko hezkuntza publiko, herrikoi, katalan, eta antipatriarkalaren alde borrokan. Estatuaren errepresioari aurre egiteko Alerta Solidaria eta Rescat antolakundeak dituzte, azken honek Marina eta Lola preso politikoentzat amnistiaren aldarria zabaltzen du, Diadan bertan ere manifestazio jendetsua egin zuten, eta gu ere bertan egon ginen. Internazionalismoa lantzeko berriki sortutako ITACA antolakundea daukate, Euskal Herriko Askapena erakunde internazionalistarekin elkarlanean gure brigada hau antolatu duena.
Azkenik, borroka instituzionalerako CUP (Candidatura de Unitat Popular) alderdia sortu zuten, herri eta auzoetan herri mugimenduaren eta langileen ahotsa instituzioetara eramateko. Esquerra Independentistaz gain, oinarrian egindako lanari esker, herri mugimenduan lanean ari diren eragile eta norbanakoak batzea lortu zuten, eta behin batasun lan hori eginda, hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuten. Ez zen erabaki erraza izan, eztabaida handiak egon ziren asanblada lokal zein nazionaletan, eta azkenean aurkeztea erabaki zuten, 100 zinegotzi baino gehiago eta 3 diputatu lortuz Kataluniako parlamentuan. Etorkizunerako proiekzio handia duen alderdia da CUP, baina ez da Esquerra Independentistaren ardatza, borroka instituzianalerako tresna baizik. MDT eta Endavant antolakunde estrategikoek ezberdin ikusten dute CUPek izan beharko lukeen lana. MDTk batasun abertzalearen aldeko apustua egiten du, CUP mugimenduaren ardatza izanik, eta borroka instituzionalaz gain, masa mugimenduko antolakunde bat izatea da euren apustua. Endavantena, ordea, herri langilearen eta herri mugimenduaren batasun fronte bat eratzea da. Behean eta era asanblearioan antolatutako borroken saretzearen ahotsa izanen litzateke CUP, arlo instituzionalean lan egingo lukeelarik, eta gainontzeko esparruak herri mugimenduak hartuko lituzke.
Nazio eraikuntza era ezberdinean ikusteak eztabaida ugari sortu ditu ez bakarrik CUPen, baita gainontzeko antolakundeetan ere. Hala ere, herri langilearen batasuna ezinbestekoa dela argi ikusten du Esquerra Independentista osoak, eta lan horrek fruituak eman ditu; herri batasun fronte bat eratzen ari dira, sektore komunista, sozialista eta libertarioak batu dituzte, beste hamaika mugimendurekin batera: lurraren defentsa, etxe kaleratzeen aurkako mugimenduak, mugimendu okupa, hizkuntzaren aldeko aldarriak, kultura elkarteak, mugimendu kooperatibista, auzo asanbladak… Behetik eta ezkerretik herria eraikitzen ari dira, herri boterea eraikitzen, kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako mugimendua antolatzen eta fronte guztietan lan eginez.
Kataluniako Principatean independentziaren inguruko erreferenduma daukate azaroaren 9an. Esquerra Independentistak argi dauka ez dela eurek nahiko luketen prozesua. Nahiz eta prozesu honek bandera aldaketa soila planteatu, Esquerra Independentistak argi dauka pauso taktiko bat dela Herrialde Katalanen independentzia lortzeko. Principataren independentziak estatu bezala tresnak sortuko lituzke, eta etsai nagusia izango luke herri langileak bere aurrean, burgesia katalana; horregatik ezinbestekoa ikusten dute azaroaren 9an hauteskundeak gauzatu eta irabaztea. Hala ere, ez dago argi zer egingo duen burgesia katalana ordezkatzen duen CiU alderdiak, baina Esquerra Independentistak, CiUren erabakia dena den, bozkatzeko hautua egingo du, eta beharrezkoa izatekotan, desobedientziaz hautestontziak kalera aterako dituzte, herriak abiarazitako independentzia aldarria gauzatu dadin, eta herriak erabaki dezan. Lan handia egin beharko du, ordea, Pais Valencià, Illes Balears eta Catalunya Nord-en ere, herriak erabaki dezan; eta behingoz Herrialde Katalan aske eta independenteak izan arte; eta independentzia bandera aldaketa soila izan ez dadin, erregimen eta eredu ekonomiko-politikoaren aldaketa baizik. Azaroaren 9ko erreferenduma, beraz, nahikoa ez izan arren, aukera bat da den-dena aldatzeko, independentzia behar dute Herrialde Katalanek dena aldatzeko, herri aske, sozialista eta feministaren bidean.
Visca la terra!