Askapenaren lehen brigada Gaztelako Herrira: Madril
Aragoi herria ezagutu eta gero, eta pena handiz hango jendea agurtu ondoren, brigadaren bigarren zatiari ekin zioten brigadako kideek, Gaztelako, eta bereziki Madrilgo, errealitatea ezagutzera. Zer ikusi eta iksi zuten jakin nahi? Jaraitu irakurtzen bada brigadistek bidali diguten kronika:
Abiapuntua Madrilgo Vallekas auzoa izan genuen. Yesca-ko eta Izca-ko kideen ongi etorri beroa jaso genuen. Haien eskutik, geure burua geografikoki kokatze aldera, Madrilgo ikuspegi panoramiko ikustera abiatu ginen auzoko parke ezagun batera. Orduantxe Madrilgo neurrigabetasunaz jabetu ginen: 6 miloi biztanle baino gehiagoko eremu metropolitanoa! Vallekaseko distrituak 400.000 biztanle inguru dituela jakin ostean berehala jabetu ginen hurrengo egunetan hiriaren barnean hiri, auzo eta errealitate anitzak aurkituko genituela.
Eguna bukatzeko, Yesca-ko eta Izca-ko kideen partetik Gaztelako komuneroen eta nazioaren historia eta gaur egungo errealitatearen inguruko harrera-hitzaldia jaso genuen. Ostean, hurrengo egunetarako indarrak hartzeko moduko elkartasun afaria egin genuen brigadako eta Gaztelako kideok. Hurrengo bi egunetan, Madrilgo kanpoaldeko langile-auzoen errealitatea ikusteko aukera izan genuen.
Lehenengo eta behin, Hortaleza auzoa ezagutzeko parada izan genuen. Bertako errealitatearen hasierako ikuspegi bat egiteko, “La Union” auzo elkarte, “Redis” proiektua, auzoko herri mugimenduaren egunkaria eta Ateneo libertarioko kideekin mintzatu ginen. Beranduago, auzoan barrena murgilduta, etxe eta ortu okupatuak ikusi eta “OFIAM” proiektua ezagutu genuen. Azkeneko hau desjabetze eta okupazioaren inguruko proiektu interesgarria da; auzo honetan -Madril osoan bezalaxe- desjabetzeak ugariak dira eta hauei aurre egiteko hainbat eragile eta proiektu sortu dira auzoetan. Auzoko errealitate soziopolitikoa ezagutzen jarraitzeko, “Radio Enlace” irrati librea bisitatu genuen eta lokalaren kanpoaldean auzoko 15M-ko kideekin egoteko ere probestu genuen bisita, “Danos tiempo” kultur elkartea ezagutu eta auzoko hainbat kide militanterekin biltzeko aukera izan zuen brigadak. Gure ezusterako, 180.000 biztanleko auzo honetan herri mugimendu oparoa eta anitza zela ezagutu genuen.
Hurrengo egunean, Vallekaseko mugimenduak ezagutzeko asmoz joan ginen auzora. Egunari hasiera emateko ordea, Alfonek eta bere senide eta lagunek antolatutako prentsaurrekora hurbildu ginen. Bertan Afonen kontrako muntai poliziala salatu genuen. Gazteriaren eta langileriaren borrokaren defentsa egin zuten, eta arratsaldean egin behar zen Alfonen aldeko manifestazioaren deialdia zabaldu zuten bertaratutako alderdi eta gizarte mugimenduko kide ugariek.
Hurrengoko bideo eta artikuluetan prentsaurrekoa eta Alfonen kasua ezagutu dezakezue:
Behin Vallekas-era bueltatuta, “Bukaneros”, “Madres contra la Respresion” eta Alfon beraren eskutik Madrilen zer nolako errepresioa dagoen jakin ahal izan genuen brigadistok. Horrela, Euskal Herrian urteetan eman izan diren errepresio moldeak, gaur egun Gaztelan ere aplikatzen direla jakin genuen. Gure arteko elkartasuna ezinbestekoa dela agerian utziz.
Arratsaldean, Yesca-ko eta Izca-ko kideek lagunduta, beste hainbat eragile eta mugimenduetako kideekin batera Alfonen aldeko manifestazioan parte hartu genuen. Baina hori ez zen arratsaldeko kontu bakarra izan. Alde batetik, Vallekaseko herri mugimenduaren eta jai herrikoien errealitateaz luze mintzatu ginen. Beste alde batetik, gazte mugimenduko kideen eskutik, gazteriaren problematikak eta antolakuntza eta borroka ereduak ezagutu genituen. Horien artean, auzo asanbladen mugimendua, mugimendu antifaxista, Yesca antolakundea... Hauen eskutik Madrilgo zein Gaztelako gazte mugimenduaren indartze eta azkartze prozesuaz jabetu ginen.
Hau bai sorpresa, Madrilek uste baino mugimendu gehiago eta anitzagoak dauzka. Eta bertako borrokek beraz, gero eta indar handiagoa daukate!