Hassanna Elwali preso politiko sahararra Marokoko Gobernuak erail du
Hassanna Elwali preso politiko sahararra marokoar gobernuaren arduragabekeriak eraila izan da. Dakhla hiriko preso politikoa 2012. urtetik zen preso eta 2015eko urtarrilean berreskuratu behar zuen askatasuna, 2011ean Dakhlan buruturiko mobilizazio batzuetan atxilotua izan ostean.
Dakhlako espetxean zen preso, eta duela bost egun pairatzen zituen diabete eta ultzera batek eragindako min jasangaitzen ondorioz ospitale militarrera mugiarazi zuten, bere kideek eginiko presioen eraginez. Saharar komunitateak salatzen duenez bai gobernuak zein medikuek arduragabekeriaz jokatu dute, ez baitiote beharrezko mediku tratamendua eskeini, eta hori izan da heriotzaren arrazoia.
Ospitalean arnasketa lagunduaz eta konorterik gabe igaro zituen azken egun horietan, senideei bisitarik egin ahal izatea ukatu diete. Beharrezko zaintza eta asistentzia ez jasotzeak zein senideen bisiten ukatzea giza eskubideen aurkako eraso larriak dira.
Guk, Askapenatik, bat egiten dugu gaurkoan saharar herriak bizi duen samindura berri honekin eta beraz gogor salatu nahi dugu gertatua. Marokoar espetxeetan dituzten bizi baldintza ez duinak alde batetik, eta pairatzen duten utzikeriazko tratua bestetik, emaitza, oraingoan ere, heriotza bat izan baita. Okupazioaren eraginezko beste biktima bat gehiago.
Gertatuari protesta bidez erantzun diote sahararrek, eta bart gauean ospitale militarreko sarrera erabat blokeatua izan da marokoar poliziagatik. Ondorengo ordu eta egunetan ere mobilizazioekin jarraitzeko asmo osoa dute, heriotza honek baduelako erantzule zuzen bat, marokoar gobernua eta bere estrategia errepresiboa.
Hamaika herri borroka bakarra !
Mundoko preso politikoak aske !
Gora Sahara !