Garaipenera arte beraz, Igor adiskide

Ohartu gabe urte bete pasa duk, pasa baina, apenas pasatzen duk ezer tartean ezer gertatu gabe behintzat eta ahaztu berriz, are gutxiago egin beharko genikek, gure borroka ere ahanzturaren aurkakoa baituk. Badakik alienazio mekanismo desberdinen gainetik, marrazten diguten mundu honen atzean, zapaldu eta zapaltzaileen arteko borroka etengabean bizi diagu militantzia. Eta begi kritikoz irakurtzen ditiagu berriak, bihotz internazionalista batez maitatu edo gorrotatu herriak eta gobernuak eta ezker ukabilaz zutik beti edo ahal denean gutxienez. Halaxe duk Igor, eta oraingoan, urte honen errepaso bat baino gure gertuko borroken gainean nahiko nikek hitz egin. Eta egiari zor, esperantza haize zenbait heldu badituk ere munduko herri zapalduen banderak astintzera, Kataluniakoa kasu, ezin esan urte baketsua bizi dutenik, gure bihotz txiki honen zati diren Palestina, Sahara edo Kurdistanen esaterako.

Parte hartu huen Askapenaren azken brigadan, 2013ko udan, lurralde okupatuetako errealitatea jaso eta gure herriaren berri ematera joan hintzen, El Aioun, mendebaldeko Sahara okupatuko Hiriburura. Oraindik jende gutxik ezagutzen duen errealitatea izanik harresiaz bestaldeko sahararrena, bertan ibili hintzen, eta lan asko diagu egiteko oraindik hango berri ematen; preso politikoen egoera, tortura, okupazio basatia, bortxaketak, hizkuntza eta kultura zapalketa, bazterketa soziala..., zaharrak berri Saharan, eta bitartean hain gutxi ezagutzen den enpresa europar zein euskaldun zenbait bertako baliabide naturalak ustiatzen, lapurretan, Afrikako deskolonizazio prozesurik izan gabeko herri honetan. Aurten, hiru brigada bertaratu dituk eta hirurak izan dituk kanporatuak, zaila zegok iristen, bai bai zekitek marokoar agintariek pixkanaka bada ere zubi sendoak ari ginela eraikitzen, bertako errealitatea ezagutarazteko eginahalean.

Palestinan berriz, aspaldiko urteetako udarik bortitzena jasan ditek Gazan. Milaka hildako, zauritu, erbesteratu, goitik behera suntsitu ditek munduko aire libreko kartzelarik handiena. Beste behin ere noski, nazioarteko agintari ustelen babesarekin, 1948an hasitako genozidio etengabeari jarraipena emanez. Palestinar erresistentziak ordea, beste behin ere duintasun eta era beteko irmotasunez eraso militarrari erantzun eta nagusitasun militarrari errebeldiaz erantzun ziok, bake itun bat firmatzera behartuz. Udatik hona baina, okupazioak bere horretan jarraitzen dik eta kolonien hazkunde nahiz probokazio etengabeak giroa bero bero mantentzen dik gainerako herrietan ere. Euskal Herrian, ehunka elkarretaratze egin genizkian, manifestazio jendetsuak hiriburutan, palestinarrei elkartasuna erakusteko modurik eraginkorrena Israeli Boikota egitea dela aldarrikatuz. Duela 10 urte inguru hasitako ekimena da, BDZ (boikot desinbertsio eta zigor) kanpaina bezala ezagutzen dena. Eta gaur inoiz baino gehiago, hi gabe bada ere, horretan jarraituko diagu, arloz arlo euskal herria, sionismorik gabeko lurralde bilakatu arte!

Kudistanen bestalde, hire beste herri kuttunean, Turkiaren mendeko eremuan, bake negoziaketak justuan eusten ziotek, eta batez ere Siriaren mendeko kurduek ematen ari dituk zer esana azken boladan. Batetik, Siriaren aurkako eraso inperialistaren osteko egoera baliatuz, eremu autonomoa sortu ziaten, eta kurduen buruzagi Abdullah Öcalanek proposatutako Konfederalismo Demokratikoaren printzipioei jarraiki, demokrazia zuzenean oinarritutako prozesu eraikitzailea jarri ziaten martxan. Horrela, gradualki gertatu den arren, Rojavako eremuan prozesu iraultzailea jazo duk: botere zuzena herri eta auzoetako asanbladetaraino jaitsi, ekonomia komunitarioan oinarritutako sistema abiatu, kooperatibak eraiki, kurdueraz eta balore askatzailean oinarritutako hezkuntza sistema martxan jarri, emakumeen ahalduntzea bultzatu duten talde feministak hedatu, kurduez gain lurraldeko gutxiengo erlijioso eta etnia ororen elkarbizitza bermatu... Azken hilabetetan ordea, inperialismoak sorturiko herraminta indartsua den Estatu Islamikoaren aurka eta Kobaneren defentsan dihardute hil hala bizi, Turkiaren eta mendebaldeko herrialdeen hipokresia tarteko, gainerako kurdu milizianoei asko kosta baitzaie bertaratzea.

Baina lehen esan diadan bezala, kurduek, palestinarrek, sahararrek edo baita Ukrainia ekialdean, Donbasen, faxismoaren aurka altxatako milizianoek ere argi diate, inperialismoari hortzak erakusten jarraituko dutela, ez zaiela borrokatzea besterik geratzen, aurrera egiteko modu bakarra borroka molde eta lehentasunak, bakoitzak bereak izanik ere. Eta guri Igor, euskal internazionalistoi ere ez zaiguk besterik geratzen, lanean jarraitzea baino, egunerokotasunean herrien arteko elkartasuna beharrezko zaigula adierazten jarraitzea besterik ez zeukaagu. Urte bete pasa duk bai, baina gauzak ez dituk hainbeste aldatu, tartean gertaera ugari izan diren arren, eta segi beharko zioagu aspalditxo hasitako bideari, Euskal Herri aske baten alde, Euskal Herri internazionalista baten alde, horixe duk gure egitekoa, gure konpromisoa... garaipenera arte beraz, adiskide.

Gora munduko herri borrokalariak!

Gora Euskal Herria internazionalista!

 

* Azaroaren 29an, zapatua, Igor Urrutikoetxea Bilbao gogoratu eta omentzeko ibilaldia antolatu dute Lezamako lagun eta ingurukoek. «URRUTI, beti gogoan beti bihotzean» 12:00etan emango zaio hasiera ibilaldiari Lezamako Oxangoiti Kultur Elkartean