Internazionalismoz blaitzeko hitzaldiz betetako astea antolatu dute Iruñerrian

Internazionalismoa gazte perspektibatik lantzeko hautua egina du Ernai gazte antolakundeak eta horregatik,  Askapena erakunde internazionalistarekin elkarlanean, Iruñerriko herri eta auzoetan  inperialismoaz eta internazionalismoaz eztabaidatzeko guneak antolatu ditugu urtarrilean, eta orain, espazio horiek irekitzeko asmotan aste internazionalista antolatu dugu otsailaren 16tik 23ra.

Otsailaren 16tik 23ra izango da aste internazionalista; munduaren egoerari errepaso sakona egingo diogu Iruñerriko zenbait auzo eta herritan. Kurdistango borroka, Latinoamerikako prozesuak, Ukrainako gerra, Ekialde Hurbila eta Estatu Islamikoa, inperialismoaren ofentsiba eta abar izango dituzte aipagai hitzaldietan. Helburua, begirada gure zilborretik altxa eta munduko askapen borroka eta herri boterearen esperientzietatik ikasteaz batera, inperialismoaren esku-hartze eta errepresioaz ohartzea.

Beherago hitzaldi guztien eguna ordu eta lekuak eskura!

Asteari amaiera emateko, larunbatean, otsailaren 21ean, Iruñerriko Internazionalista Eguna antolatu dugu Kalekalden; auzo eta herrietan egindako lana jai egun batean ospatzeko. Ikaste eta elkar-truketarako tartea ere izango da ordea: goizean TTIP, Europar Batasuna eta Estatu Batuen arteko akordio ezkutuaren inguruko hitzaldia izango dugu. Herri mugimenduko hainbat eragilek parte hartuko dute bertan, akordioak arlo ezberdinetan nola eragingo digun azaltzeko: geopolitikan, lan arloan, ingurugiroan, emakumeoi zein gazteoi. Alternatibak eta borroka komunak bilatzera bideratuko da geroko eztabaida. Kalejira internazionalista batek emango dio jarraipena hitzaldiari, herri borrokalarien alde topa egiteko, eta bazkaria Kalekalden izango da. Aurreko urteetako brigadistekin mahai-ingurua egingo da arratsaldean, brigaden esperientziak eta xehetasunak kontatzeko, eta egunari amaiera kontzertuek emango diote.

Eta astelehenean, 23an, azken ekitaldia egingo dute: Kurdistango bi emakume aktibista izango ditugu Iruñean, Kurdistango herriaren borroka azaltzeko, emakumeen borrokatik Kobaneko garaipeneraino; lehen eskuko informazioa jasotzeko aukera aparta.

Gazteok Iruñerria internazionalismoaz blaitzera goaz!

 

Hitzaldien agenda: 

- 16 astelehena Mendillorri (17:30 Ezpondapea elkartean): KURDISTAN, herri baten askapen borroka
 
- 17 asteartea: Uharte (17:00 Ugazten): LATINOAMERIKA, egunsenti gorriaren bila 
 
- 17 asteartea: Txantrea (19:00 Zurgai tabernan)  ITALIAKO GAZTE MUGIMENDUA, ETXEBIZITZA ETA OKUPAZIOA (Turingo gazteen hitzaldia)
 
- 18 asteazkena: Atarrabia (18:00 kultur etxean)  Zer ari da gertatzen Ekialde Hurbilean?
 
- 18 asteazkena: Iturrama (19:00 Erletokietan)  UKRAINAko gerra. Donbasseko herri erresistentziatik testigantza
 
- 19 osteguna: Alde zaharra (19:30 Kalekalden)  Inperialismoaren hatzaparrak, munduari begirada internazionalismotik eta gero pintxo pote internazionalista
 
- 20 ostirala: Burlata (17:00 Axular elkartean) BOLIVIA, herri bat burujabetza eta sozialismoruntz
 
- 21 larunbata: INTERNAZIONALISTA EGUNA. 
 
- 23 astelehena:  Alde Zaharra (18:00 Katakrak) KURDISTAN. Bi emakume aktibista kurduen hitzaldia