Kurdistan: Shengale eta Rojabako errefuxiatu guneak
Suruc-eko sarraskiko gorpuen harreran parte hartu ostean Amedetik, Ipar Kurdistango hiriburutik, 15 minututara Shengaleko errefuxiatu kanpamenduan izan ziren brigadista eta beranduago Rojabakoan. Hemen errefuxiatu gune bakoitzaren kronika laburrak.
Shengaleko errefuxiatu kanpamenduan orain urte bat iritsitako 3500 errefuxiatu bizi dira. Kanpamendu honetan dauden errefuxiatuak Iraken menpeko Kurdistanen bizi ziren Sinjar herrikoak dira. Yezidi komunitateak milioi bat pertsona batzen ditu, berezko erlijio sinesmena dute eta kurduera da beraien hizkuntza.
2014ko uda hasieran Estatu Islamiarrak Sinjar hartu zuen, Yezidi komunitatea islamera bihurtzera derrigortu zuen, ondorioz, hau onartu ez zuten hainbat erail zituzten. Egoera honen aurrean 25.000 yezidi ihesean joan ziren hiritik iparraldera, Turkiara heltzeko asmoz. Turkiako gobernuak egoera humanitario gogor honen aurrean, ez zituen mugak ireki milaka yezidi Irakeko aldean babesik gabe utziz. Hau ikusirik, PKK-ko gerrillariak bideak ireki zituen ISISen kontrolpean zeuden herrietan ekinez, komunitatea aste batez gelditu gabe oinez ibili ondoren, mendiz Turkiara sartzea lortu zuten.
Shengaleko errefuxiatu kanpamenduan beraiekin hitz egiteko aukera izan genuen, dendaz denda testigantza ezberdinak entzun ahal izan genituen, horien artean Estatu Islamiarrak bi aldiz bahitutako Peshmerga (Iraken dagoen Kurdistango autonomiaren armada kurdua) baten kontakizun gogorra. Yezidi komunitateak salatu egiten du Europako Estatuen ardura eza egoera hauen aurrean, honez gain, behin eta berriz gogorazten ziguten beti izan direla jazarriak, orain beraien etorkizuna zail ikusten dutela eta Estatu Islamiarretik urrun dagoen leku baketsu batean bizitzea dute helburu.
Kanpamentu honek Kurdistango antolakundeen laguntza jasotzen du batez ere, Rojava Elkartearena adibidez. Elkarte honek, beraiekin egin genuen bileran aipatu bezala, Turkiako gobernuari Rojavan (Siriaren menpeko Kurdistango zatia) ihesbide humanitario bat irekitzeko eskaera egiten dio laguntza sartu (mediku, material, …) eta errefuxiatuen irteera errazteko.
Bestalde, Rojavako mugan ere egon gien. Ipar Kurdistanen (Turkiako Estatuaren menpe) Kobanetik ateratako errefuxiatuen kanpamendu bat dago, gutxi gora behera 1000 kurduei aterpea ematen diena. Kurdistango askapen mugimenduak kudeatuta, orain dela 8 hilabetetik ehunka Rojavatar daude bertan halabeharrez. Mendebaldeko Kurdistango muga (Siriar Estatuko Kurdistan) kanpamendutik 10km-tara dago soilik, eta erresistentzia kurduaren izar bihurtu den Kobane hiria ere oso hurbil dago. Errefuxiatu gehienak ISISek Kobane lehen aldiz erasotutakoan ihesean ateratakoak dira, hasieran kanpamenduak 8000 pertsona hartu bazituen ere, indar kurduek Kobane askatu zutenean, asko hirira edota inguruko herrixketara bueltatu ziren.
Basamortu erdian dago kanpamendua, 40 gradutik gorako tenperaturak jasaten dituzte udan, antolaketa ona bada ere, bizi baldintzak oso gogorrak dira bertan. Hemen ere dendaz denda ibili gara testigantzak entzuten eta biltzen.