Buenos Aireseko Pompeya auzotik Argentina-Uruguayko brigadaren lehenengo kronika
Buenos Aireseko Pompeya auzoan dagoen kultur zentro okupatua bisitatzeko aukera izan dute Argentina Uruguayko brigadako kideek. Pañuelos en Rebeldía taldeak lurraldetasunari buruzko mintegia antolatu zuen eta bertan parte hartzeko aukera izan zuten. Bertan hainbat naziotako kideak ere izan dira, tartean Pompeyako zentro kulturalean Monica Mejicanorekin Mexikoko egoeraren berri jaso zuten brigadistek.
Pompeya Kultur Zentroan hainbat erakunde eta ekimen biltzen dira, horien artean, Pañuelos en Rebeldía. Herri-hezkuntza eraikitzea da euren asmoa eta, horretarako, ekintza politiko pedagogikoan dihardute Argentinako eta Latinoamerikako beste mugimendu sozialekin; hainbat herri zapalduekin elkarlanean eta borrokan. Herri-mugimenduen errealitatea ezagutaraztea eta eraldatzea dute helburu, eta euren lanak 3 ardatz nagusi ditu:
- Birkolonizazio politiko, sozial, ekonomiko eta kultural inperialistaren aurka egunero lan egiten duten mugimendu sozialen ekarpena.
- Pobreziaren kriminalizazioa, protesten judizializazioa eta emakumeen bazterkeria erabat desagerrarazteko eta erresistentziaren alde borrokatzen duten mugimendu sozialen ekarpena.
- Gizartean dauden botere harremanak eta egiturazko desberdintasunak errotik kentzeko lan egiten duten mugimendu sozialen ekarpena; eraldaketa eta harreman sozial berriak sortzen dituzten ekimenak.
Pañueloseko taldekideak elkartrukean aritzen dira, adibidez, langabezian dauden langileekin, lantegi berreskuratuekin, irakasleekin, emakume eta sexu aniztasunaren alde aritzen diren taldeekin, jatorrizko herriekin, kultur elkarteekin eta giza-eskubideen aldeko kolektiboekin. Gainera, Amalurra babesten eta defendatzen duten batzarretako eta auzo-batzarretako partaideak dira.
Gaurko mintegian, hainbat naziotako parte-hartzaileek eztabaida emankorra izan dute antolakuntza, erresistentzia eta eraldaketa soziala aurrera eramateko estrategien inguruan. Errepresioak, kriminalizazioak eta narkotrafikoak lurraldetasunean duten eragina izan dute hizpide, herri-hezkuntzaren ikuspegitik.