La Boca auzo tradizionaletik heldu zaigu Argentina Uruguayko brigada kideen kronika
Buenos Aireseko Pompeya auzotik La Boca auzo tradizionalera jo dute brigadistek. Bertan, La Boca; “conventillos” deritzen egurrezko etxe xume eta koloretsuetan bizi dira biztanleak. Euren egunerokotasuna zaila bada ere, elkartasun sentimendua da nagusi auzotarren artean. Brigadistak Los Pibes organizazio sozial eta politikoarekin elkartu ziren eta hemen jaso digute beraien esperientzia.
1996. urtean, La Bocaren egoera lazgarria ikusita eta kapitalismo basatiari erantzun emateko, hainbat familia elkartu egin ziren eta Los Pibes jantokia ireki zuten. Hala, “euren istorioa” aldatzen saiatu ziren “historia” aldatzen laguntzeko. Eskolara joaten ez ziren egunetan haurren elikadura bermatzea zen egitasmoaren helburua. Izan ere, jantokiak egindako lanagatik izan ez balitz, neska-mutil askok ez lukete aukerarik izango egunean otordu bakar bat ere ez egiteko.
Gaur egun jantokia ez ezik, herri-organizazio autonomo eta integrala ere bada Los Pibes. Herri-sektorea ahalduntzeko eta justizia sozialaren aldeko borrokan dihardute, antolakuntza, borroka eta autogestioa abiapuntutzat hartuta. Euren ildo nagusiak beste herri-organizazioen ildoekin bat datoz: ekonomia sozial eta solidarioa; herri-etxebizitzak eta komunikazioa, egungo borroka politikoaren tresna berria.
Kulturaren arloan, adibidez, auzoan entzuten den FM Riachuelo irrati librea martxan jarri zuten 2011n, Estatuaren eta Udalaren laguntzarekin. Mateando en Riachuelos irratsaioan parte hartzeko aukera izan genuen brigadakideok eta Euskal Herriaren nahiz Askapenaren egoeraren berri eman genien. Gainean, airean geundela, entzule batek elkartasun-mezua helarazi zigun.
Bestalde, COVILPI etxebizitza-kooperatiba eraiki dute auzolanean, adreiluz adreilu. Esan beharra dago “conventillos” etxeak oso egoera kaxkarrean daudela eta askotan su hartzen dutela. Horrez gain, Udalak jarraitzen duen etxebizitza-politikaren ondorioz, espekulazioa da nagusi eta La Bocako auzotarrak euren etxeetatik kaleratu gura dituzte.
COVILPIk 12 urtez egindako etengabeko lanaren fruitu lege bat sortzea lortu dute, zeinaren bidez etxebizitza soziala eskuratzeko eskubidea onartzen baita. Horrek ez du esan nahi Udalak etxebizitza sozialak egiten dituenik, baizik eta herri-kooperatibei esker etxebizitzarako eskubidea errealitate bihurtzen dela. Udalak dirua ematen die kooperatibei eurek kudea dezaten; eta elkarlanari esker, eraikitze-kostuak merkatu ahal izan dituzte. Aurten, esaterako, 33 familientzako etxebizitza inauguratu dute, non auzoko 130 pertsona bizi diren.
Azkenik, beste proiektu interesgarri bat aurkeztu digute: herri-ekonomiako merkatua, hots, ekoizle eta artisau-arrantzaleek auzotarrekin batera abiarazitako ekimena. Elikadura-burujabetza lortzea da asmoa eta, horretarako, bidezko prezioak ezartzen dituzte. Horrekin lotuta burujabetza hidrikoa aldarrikatzen dute, ibaiak eskaintzen dizkien baliabideekin bizi ahal izateko.