Irlandako bake akordioak 10 urte
Egunotan 10 urte betetzen dira Irlandan bake akordioa -Ostiral Santuko Akordioa- sinatu zutela. Momentu egokia da, beraz, herri borrokalari horren prozesu politikoaren gaineko gogoeta egiteko.
Azpimarratu behar da 1998an Sinn Feinen apustua ausarta ez ezik arriskutsua ere izan zela, baina argi ikusi zuten errepublikarrek akordioaren oinarriak sendoak zirela eta gatazka konpon zezakeela: momentuko soluzioak ekarri eta etorkizunerako aukera guztiak egingarriak zirela bermatzen zuen. Horrela, gatazkaren korapiloak diren lurraldetasunari eta autodeterminazioari erantzunez, marko politiko berria ezarri, nazio mailako erakundeak sortu eta independentziari ateak zabaldu zizkioten.
Hamar urte pasa dira eta bake prozesuak aurrera jarraitzen du. Iparraldeko autonomia martxan dago eta unionistek eta errepublikarrek, zailtasunak zailtasun, gobernua partekatzen dute. Bestaldetik, aurrera pausoak kostata egin dira Britainia Handiko eta Irlanda hegoaldeko estatuek ez dutelako 10 urteotan prozesua elikatu, muturreko unionisten jarrera oztopatzailea baizik. Izan ere, bi estatuek errepublikarren zatiketa bilatu dute gaur egungo estatusak bere horretan jarrai dezan, nork bere botere gunetik irlandarrak zapaltzen segitzeko.
Hala ere, ez dute lortu Sinn Fein eta mugimendu errepublikarra ahultzea, hauek oztopoei ekimen politiko ausartekin erantzun dietelako. Gainera, euren konpromisoei eutsiz,, azkenean, muturreko unionistek ere -hasiera batean bake akordioaren aurka zeudenak- bat egin behar izan dute. Hori dela eta, prozesua berbideratu zen orain urtebete DUPk eta Sinn Feinek gobernua partekatzea adostu zutenean.
Euskal Herrian asko ikasi dugu irlandarren borrokaz eta bake prozesuaz. Lehenik, estatu inperialistek prozesua geldiarazi nahi izango dutela, baketzea lehenesten eta normalizazioa atzeratzen ahaleginduko direla, mugimenduaren zatiketa bilatuko dutela, iritzi publikoaren manipulazioa areagotuko dutela... Bigarrenik, hasiera batean indar politikoren bat negoziazioen aurka egotea ezin dela aitzakia izan akordioa erdietsi eta aurrera egiten hasteko. Azkenik, bake akordioak momentuko soluzioak ekarri behar dituela eta etorkizunerako aukera politiko guztiak benetan egingarriak direla bermatu. Beste hitz batzuekin esateko, demokratikoa den marko -autonomia- berria lurraldetasunari eta erabakitze eskubideari zehaztasunez erantzuten diona -7 urtean behin egin dezakete Irlandako uhartea batzeko erreferenduma-. Laburbilduz, eskubide oro bermatzen duen akordioa. Horrela, helmuga herritarren nahia duen trantsizio berria hasten da. Hortaz, badakigu estatuak eta unionistak prozesua moteltzen ahaleginduko direla, baina negoziazioak eta prozesua benetako borroka frente bezala hartzen badira eta bulegoen mahaietatik kalera ateratzea lortzen badira, ezingo dute prozesua geldiarazi.
Hortaz, eskerrik asko, irakatsitakoagatik eta Euskal Herriarekiko beti erakutsi duzuen elkartasunagatik; eskerrik asko Irlandako euskal komiteei, Sinn Feini, Ogra gazte erakundeari eta Coiste preso ohien elkarteari.
Amaitzeko, gure elkartasun internazionalista osoa daukazue bake akordioa gauzatzeko, Irlanda bateratu eta sozialistaren bidean aurrera egin dezazuen. Eta, bereziki, bestelako urteurrena gogoratu nahi dugu, orain hogei urteko martxoan Mairéad Farrell, Dan McCann and Sean Savage IRAko kideak Gibraltarren britainiar Armadak akatu zituen. Geuk ere ez ditugu ahaztuko.
Gure eguna iritsiko da.