Països Catalans
Herrialde Katalanetara etorritako brigadak lehen urratsak eman ditu. Irailaren 7an, astelehenarekin, iritsi ziren Herrialde Katalanen iparraldera, Pirinio aldera. Aurtengo honetan, brigada kideek lurraldea iparraldetik hegora zeharkatuko dute; Pirinioetan hasi eta Valentzia hegoalderaino. Lehen hiru egunak iparraldeko eskualdeetan eman dituzte, hain zuzen ere, Seu dÚrgell, Berga eta Navàs herrietan. Horrela azaldu digute lehen egunetako esperientzia:
Eremu guzti hau nekazari eremua da, herri txiki eta ertainez osatua. Arazo sozioekonomiko garrantzitsuak dituena: despopulazioa, nekazaritzaren eta industriaren gainbehera, instituzio nagusien politika ekonomikoa turismoa sustatzera mugatzen da. Zentzu honetan, burgesiaren hurrengo apustua neguko joko olinpikoak bertara eramatea da. Hala ere, krisialdi estrukturalaren ondorioak ez dira beste eskualdeetan bezain larriak, Andorra ondoan izanik, kontrabando maila altua baitago.
Egoera honetan, herri mugimenduak duen arazo adierazgarrienetarikoa hirietara zuzendutako migrazioa da. Herrian ikasi eta lan egiteko ezintasunaren aurrean, gazteria sorterritik kanpo mugitzera behartuta ikusten du bere burua, haien militantzia ere metropolietan gauzatuz.
Beste alde batetik, herri txikien arteko distantziak ez du euren arteko harremana laguntzen. Harremanak egiteko ezintasun honek, eskualdeko herrien arteko banaketa eragiten du, eta egitura militanteak koordinatzeko zailtasuna agerikoa da, herrien arteko kolaborazio proiektuak gauzatzeko zailtasuna bezala.
Esquerra Independentistaren kasu zehatzean, bere berpiztea kokatu behar dugu 90. hamarkada bukaeran, gazte taldeak ildo ideologiko horien baitan antolatzen hasi zirenean. Egun, aipatzekoa da landa eremu honetan CUPek izan duen gorakada bozka kopuruei begiratuta, zinegotzirik ez izatetik udaletan sartzera herri batzuetan, eta alkatetzaren lorpena beste batzuetan. Honek, Esquerra Independentistaren indar gehienak lan instituzionalean kokatu eta bere ildo politikoan zentrala den herri mugimenduen bidez garatzen duen lan soziala baztertua izatearen kezka sortu bere barnean. Aldi berean, CUP bihurtu da Esquerra Independentistaren aurpegia kalera begira, eta honek mugimenduaren kontzeptu instituzionalizatu bat sor dezake herrietan.
Edonola ere, mugimenduak bere lan ildoak jorratzen jarraitzen du herri bakoitzean: zentzu honetan, ardatz nagusia herri mugimenduaren aktibazioa da, horretarako herri bakoitzean eremu autogestionatuen sorkuntza bultzatuz, bai Esquerra Independentistako oinarri sozialari begira (Casals-ak), baita herri mugimendura begirakoak ere (Ateneu-ak).
Proposamen zehatzen eremuan, turismoaren ekonomiari aurre egiteko, eta krisiaren ondorioz lehenengo sektorearen gorakada bat ikusita, alternatiba sozioekonomiko erreal eta eraginkorra bultzatzearen beharra ikusten da, tokian tokiko kooperatibismoan eta balore ekologikoetan oinarrituta.