"Soka tenkatzen doa"
Ehunka. Milaka. Milioika estelada zeuden Irailaren 11n Bartzelona osoan zehar: bandera moduan balkoietan zintzilik, kapa moduan soinean jarrita, kamisetetan, betaurrekoetan, etxeko maindireetan. Merchandising-ak dagoeneko bere egin du katalanen aldarrikapen hau, eta ahal bezain beste produktu ateratzen ari dira hor negozioa ikusi duten enpresak. Anekdota moduan, Herrialde Katalanetako kideek internet-en “Merda amb estelada” (esteladadun kaka) jarrita agertzen zaigun web orrialdea aipatzen digute:
Lehen Esquerra Independentistako (EI) militanteen aldarrikapena zena, orain nonahi topa daiteke, eta PSCkoa edo anarkista izandako jendeak ere barneratu du diskurtso edo jarrera hori. Hala baieztatzen dute, txikitatik estelada eramateagatik irainak eta erasoak jaso dituzten horiek. Baina, dudarik gabe, independentziaren profetatzat bere burua ikusten dutenak CDCkoak dira, Artur Mas horren pertsonifikazioa izanik, nahiz eta orain Junts pel Sí bezala aurkeztuko diren hauteskundeetara.
Orain urte batzuk, burgesia katalanak bere aurpegia garbitzeko beharra zuen, eta krisialdi estrukturalaren ondorioz bizi zen kaleko mugimendu indartsuak (murrizketen aurka, eskubide sozialen alde, handituz zihoan independentziaren aldeko iritzia) gainditu ez zitzan, aukera paregabea ikusi zuen hortik onura ateratzeko; interes ekonomikoek mugitu dute beti burgesia.
Bestalde, EIren diskurtsoa topatzen dugu: askapen prozesua Herrialde Katalan osoarena izan behar dela eta askapen sozialari lotuta joan behar duela ulertuta, zuhurtziaz jokatu beharra argi ikusten du, ez baitago argi eragile ezberdinek (Estatu espainiarrak eta burgesia katalanak, batez ere) hartuko duten bidea. Horregatik EIko militanteak ere beste herri eragileetan parte hartzen jarraitzen dute (Kaleratzeen aurkako plataformetan, gazte mugimenduan, eragile feministetan, espazio sozial autogestionatuak sortzen, kultur taldeetan, … ; finean, herrigintzan), eta etorkizuneko Herrialde Katalanak eraikitzen jarraitzen dute, egunez egun, herriz herri, arloz arlo.
Eta independentziaren kontrako aldean, era guztietako eragileak: zaharkitua dagoen PP, gainbeheran dagoen PSC, ustez eztabaida independentistarekin distantzia hartzen duen jarrera guztiz horiko espainiar ezkerra eta abar. Ikusi beharko da hauteskundeen ostean nola jokatzen duen alderdi bakoitzak.
Baina soka tenkatzen doa, herritarrak alde batera edo bestera eramanez, eta gero eta gutxiago dira erdian geratzen direnak. Nahitaez, Irailak 27ko hauteskundeetatik aterako den indar korrelazioa erabakigarria izanen da Kataluniako Principat-aren etorkizunari begira, baita Herrialde Katalan osoarentzat ere, atzera bueltarik ez duen prozesu baten hurrengo pausuak baldintzatuko baititu.