Urriaren 3an, espainar Estatua iraganeko eta egungo politika inperialistengatik epaituko dute
Gasteizko Herriak Libre ekimenak larunbatean egingo duten mobilizazioan parte hartzera deitu du. Urriaren 19an Entzutegi Nazionalak epaitu nahi dituen Askapenako kideen eta internazionalismoaren alde egingo dute. Fracking Ez Arabak, Martxoak 3 elkarteak, Gasteizkoak talde antimilitaristak, mugimendu feministak, besteak beste, emango dituzte herri epaiketaren arrazoiak. Hemen agerraldian irakurritako oharra:
2010eko irailaren 28an Polizia Nazionalak Euskal Herriko mugimendu herritar baten aurkako enegarren operazioa burutu zuen. Orduko hartan, Askapena antolakunde internazionalistaren aurkakoa. 12 pertsona inputatu eta horietatik 8 atxilotu eta inkomunikatu zituen. 5ek espetxea sufritu zuten sei hilabetez, 60.000 euroko fidantzarekin epaiketaren zain kalean geratu arte. 5 urte geroago, 2015eko urriaren 19tik aurrera, epaiketaren ordua heldu da.
Estatuak seina urteko espetxe zigorra eta milaka eurotako isunak eskatzen ditu Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vazquez, Gabi Basañez eta Walter Wendelin gasteiztarrarentzat. Askapena, Askapeña Bilboko jai-konpartsa eta bidezko merkataritza helburu duten Herriak Aske eta Elkartruke elkarteak legez kanporatzea ere eskatzen du. Mahai gainean jartzen dituen proba zehatzak eskubide zibil eta politikoen praktikatze hutsa dira, disidentzia eskubidearen praktikatzea: Nazioarteko Foro Sozialetan parte hartzea, Israelgo estatuaren edo Coca Colaren aurkako boikot kanpainak, bidezko merkataritza sustatzea. Baina, dena omen da ETA. Pitzadurarik gabeko “konbentzimendu moralak” indarrean dirau. Bai, 2015ean gauden honetan, jarduera politikoen kriminalizazioa, oinarrizko eskubideen praktikaren espetxeratzea eta antolakundeen legez kanporatzeak oraina izaten jarraitzen dute, ez iragana.
Bidegabekeria honen aurrean, hilabeteak dira Askapena elkarteak, LIBRE dinamikak, auzipetuek eta hainbat herritarrek HERRIAK LIBRE ekimena abian jarri genuela. Asmo argia azaldu genuen gure aurkezpen egunean bertan: gure eskubideak, gure lagunak, jarduera internazionalista eta disidentzia epaitu nahi dituen Espainiar estatua epaitzearena hain zuzen ere. Denbora honetan, antolakundeak eta herritarrak informatu ditugu, mobilizazioak, herri bazkariak edo hitzaldiak antolatu dira Euskal Herri osoan zehar. Baita Gasteizen ere.
Orain, Herriak LIBRE dinamikaren azken txanpan murgilduak gaude. Beste 40 herritan bezala, Gasteizen ere herri epaiketa bat antolatu dugu Espainiar estatuaren aurka. Urriaren 3an, Babesgabeen plazan dugu hitzordua. Andra Mari Zurian irakurriko ditugu leporapenak. Iraganeko eta egungo bere politika inperialistengatik epaituko dugu Estatua. Penintsulan eta munduan zehar armaden, multinazionalen edo elizaren bitartez herrien eta pertsonen aurka egiteagatik. Gasteizko eta beste herri batzuetako lagunekin eta herri mugimendu ezberdinekin batera epaituko dugu. Fracking Ez Arabak, Martxoak 3 elkarteak, Gasteizkoak talde antimilitaristak, mugimendu feministak, Bachué Elakrteak sindikatu ezberdinek… nork bere arrazoiak emango ditu Estatuaren aurka urriaren 3ko herri epaiketan. Ekimenari amaierari emateko, epai herritarra emango dugu Aihotz plazan. Oinarrizko eskubideen defentsa guztion ardura dela eta internazionalismoa, herrien arteko xamurtasuna sustatu beharra dagoela uste duten gasteiztar guztiak gonbidatzen ditugu bertaratzera.
Gasteizko eta gainerako 40 herritako epaiak urriaren 12an elkartuko ditugu Iruñean, bidegabekeria honen aurrean gure haserrea azalduko duen mobilizazio nazional koloretsuan. Autobusa antolatu dugu deialdi horri begira. Izango dira ondoren ere deialdi eta ekimen gehiago, Auzitegi Nazionaleko epaiketa urriaren 19an hasiko baita.
Disidentziarako eskubidearen alde eta salbuespen politiken aurka; internazionalismoaren alde eta inperialismoaren aurka. Walterri, gainerako auzipetuei eta legez kanporatu nahi dituzten elkarteei xamurtasuna helarazteko. Maite ditugulako, eta justiziazkoa delako. Urriaren 3an eta 12an, kalera.
HERRIAK LIBRE!!
AKAPENA AURRERA!!