PAHF-ko idazkari nagusiaren epaiketa atzeratu dute

Palestina Askatzeko Herri Fronteko (PAHF) idazkari nagusia den Ahmad Sa'adatren epaiketa Israelgo epaitegi militarrak azaroaren 25era atzeratzea erabaki du.

PAHFek salatu zuenez, Sa'adat-en aurkako epaiketa behin eta berriro atzeratu dute Israelgo indar okupatzaileek 2006ko martxoan Jerico-ko espetxetik bahitu zutenetik.
Espetxe hau Palestinako Agintearen kontrolpean zegoen, baina israeldarrak bertan sartu ziren Sa'adat harrapatzeko. Ordutik hona, Sa'adat-ek epaitegi militar israeldarrak onartzeari uko egin dio, Palestinak pairatzen duen okupazioaren ondorio bat direlako.
Adierazi duenez, palestinar ororen betebeharra da okupazioaren aurka aritzea honek ezarri dituen tresnei aurre eginez. Horregatik, epaiketa gertatzen denean, Palestinako eskubide nazionalen aldeko aldarrikapena egiteko erabiliko duela iragarri du Sa'adat-ek.

Ahmad Sa'adat 2006ko martxoaren 13an harrapatu zuten Israelgo Armadako soldaduek Palestinako Agintearen kontrolpean zegoen Jerico-ko espetxetik. 2002tik zegoen espetxe honetan AEB eta Britainia Handiaren zaintzapean. Palestinako Aginteak lau urtez izan zuen legez kontra espetxe horretan PAHFko beste bost kiderekin batera.

http://www.freeahmadsaadat.org/
http://www.pflp.ps/