40 URTE DESERRIAN

Aurtengoan 40 urte bete dira, espainiak Saharatik ihes egin eta Marokok inbaditu ostean, 1976ko otsailaren 27an horrenbeste ilusio piztu zituen Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zenetik, eta Askapena erakunde Internazionalistatik gure agurrik beroena eskaini nahi diogu Saharar herriari. Egun 84 herrialdek aitortu dute SEAD, baina horrek ez du islarik izan Europar Batasunean.

 

Borrokarako konpromezua berresteko eguna izan zen otsailaren 27a, aldarri ezberdinez esperantza eta ilusioa lau haizetara zabaltzeko eguna. Urte luze guzti hauetan, erbestean biziraun behar izan du Gobernuak, baita saharar herriaren gehiengoak ere, horrek baina ez du borroka eten. Errefuxiatu kanpalekuetan zein Marokoren okupaziopean den Mendebaldeko Saharan, saharar herria bere askapena lortzeko etengabeko borrokan bizi izan da, eta ukaezina ez ezik mirestekoa da erakutsi duen ausardia eta duintasuna.

Urteak dira Askapenak Sahara Mendebaldera brigadak antolatzen dituela, eta sahararren bizimodu zein indarra lehen eskutik ezagutu ditugula. Urteak elkarlanean dihardugula, herrien arteko xamurtasuna baita estatu kolonizatzaileen aurrean dugun armarik onena. Badakigu Saharar herriak bere askatasuneraino borrokatuko duela, eta gu, orainarte bezala, bidelagun izango gaitu.

Asko dira salatu beharrekoak: derrigorrezko deserria, okupazio militarra, autodeterminaziorako eskubidea aitortua izanik ere hura gauzatzeko ezintasuna, torturak, desagerpenak, atxiloketak, errepresio sistemikoa, baliabide naturalen legezkontrako ustiapena…

Azken puntu horretan deigarria izan da Marokok joan den astean Europar Batasunarekin harreman oro eten izana, hots, EBeko estatuei Sahara nahibeste sakeatzeko mugak ezarri izana; noski hori Europar Auzitegiak duela hilabete inguru Marokorekin ziren akordioak indargabetzea adostu osteko erabakia izan da.

Gure elkartasuna adierazi nahi diogu, bide batez, Ali Salem Tamek militante sahararrari, Unibertsitatean izen emateko etengabeko debekuari aurre eginez, gose greba abiatu baitu berriki. Baita Gdeim Izik kanpalekuengatik Rabaten preso diren 23 militanteei, horiek ere ezarri zitzaizkien bizi osoko zigorren zein urte luzeko kondenen indargabetzea eskatzeko otsailaren 24 eta 25ean gose greban izan baitira, eta ezer aldatu ezean martxoan mugagabe izango dira.

Gaur bertan jakin dugu, atzo Marokiar militarrek, Lotsaren harresiaren inguruan, bere abereekin zegoen artzai sahararra tiroz hil zuela, inongo azalpen eta argudiorik gabe. Ikusiko dugu, aste hontan Tindufera egingo duen bisitan Nazio Batuen Erakundeko ordezkari gorena den Ban Ki-moon horren inguruan mintzo ote den, edota beste behin ere aurtengo apirilean (MINURSOren luzapenean) NBE giza eskubideen etengabeko urrapen horren aurrean itxu, mutu eta gor agertzen den.

Beste behin ere, Saharar herriak aurrera daraman etenik gabeko eta ilusioz beteriko borrokarekin bat egin eta gure elkartasun eta babes osoa adierazten diogu, urte luze hauetan ereindakoak fruituak laster emango dituelako esperantzarekin.Horrekin batera Espainiari exigitzen diogu zor historikoari amaiera eman diezaion, eta SEAD behingoz aitortzeaz gain autodeterminazio eskubidea gauzatu dezan!


GIZA ESKUBIDEEN URRAPENAK ETEN!
BALIABIDE NATURALEN LAPURRETA ETEN!
SAHARAR PRESO POLITIKOAK ASKATU!

HAMAIKA HERRI BORROKA BAKARRA!

SAHARA HURRA!