Tentsioa mendebaldeko Saharan
Errefuxiatuen aferak, Kubara Obamak egindako bisitak zein Bruselasko atentatuek, Mendebaldeko Saharan azken egunotan ematen ari diren gertakariak estali badituzte ere, 1991an Marokok eta Frente Polisarioak bakea hitzartu zutenetik, izan diren tentsio eta ezjakintasun une handienak bizitzen ari dira azken egunotan.
Martxo hasieran Ban Ki-moon, Nazio Batuen Erakundeko Idazkari Nagusiak, Argelian kokaturiko errefuxiatu kanpaleku sahararretara egindako bisitak hautsak arrotu ditu. NBEen erakundeko ordezkariak lehen aldiz bisitatu zituen kanpalekuak, eta lehen aldiz Maroko “okupatzaile” gisa kalifikatu zuen.
Horrek haserre bizia eragindu du Mohamed VI.a erregearen eta Marokoar erregimenarengan. Erantzun gisa, joan den asteburuan, El Aaiun, Mendebaldeko Saharako hiriburutik MINURSOko (NBEak 1991an Sahararako sorturiko misio bereziko) 84 funtzionario kanporatu zituen eta misioaren gainontzeko 28 kideek ere kanporatze abisua jaso dute. Funtzionarioz gain, MINURSOren bulego militarra isteko agindua ere eman du erreinu alauitak. Lehen aldia da Estatu batek horrelako jarrare izaten duela NBEko kideekin.
Horrez gain Marokok, hegazkin, elikoptero, kaza, tanke eta tropak –milaka izan omen litezke- hegoalderuntz mugiarazi ditu, Mendebaldeko Sahararuntz, eta lurraldean diren militarrek ere alerta deia jaso dute komunikabide marokiarren arabera.
Gerra deklaraziotzat har daitezkeen mugimendu horiei erantzunez, Frente Polisarioko buru den Mohamed Abdelaziz-ek, alerta egoera ezarri eta polisarioko kidegoa mugiaraztera deitu du. Zentzu berean SEAD-eko telebista publikoan, Frente polisarioak bere armamentua erakusten duen bideoa publikatu berri du.
Bien bitartean, Rabaten 13 preso politiko saharar gose greban dira martxoaren 1etik, bizi baldintza duinak eta heuren askatasuna aldarrikatuz, besteak beste. Horietako zenbait ospitaleratuak ere izan dira aste hontan bertan. Baina ezjakintasuna da nagusi.
Gogoratu behar da MINURSO misioa urtero apirilean berritzen duela NBEak, baina hura kanporatzeak bere etena suposa dezake. Ikusi beharko da, datozen egunetan zer erabakitzen den, baina aipagarria da Ban Ki-moon-ek lehen aldiz deitu duela Segurtasun Kontseilua Saharako gaia lantzeko, misioa berrezarri eta guda ekidin asmoz edo. Honela ostegunean eskaera berezia egin zion NBEko Segurtasun Kontseiluak Marokori, misioa berrezar dezan, gehiago busti gabe.
Guzti horren aurrean, prentsa europarrak ez ikusiarena egin du, eta deskolonizazioaren arduradun gisara, espainiak beste behin ere, bere erantzukizun alboratu eta isiltasun horren konplize izan da.
Asko dira Mendebaldeko Saharan jokoan dauden interesak, baliabide naturalak kasu, bai EEBBentzat, bai Europar Batasunarentzat eta baita Errusiarentzat ere, besteren artean. Pastela banatu artean baina, Argelian errefuxiaturiko sahararrak alertan ezarriak izan dira, eta okupaziopean Mendebaldeko Saharan bizi diren saharrak gertatu daitekeenari so dira, inoiz bizi izan gabeko egoeran. Gerraren atarian ote gauden, ezin jakin daiteke, baina gaurarteko egoera gogorrenean gaudela gauza argia da.
Askapenak, beste behin ere, Saharar herriari elkartasun osoa adierazi nahi dio, eta gaur inoiz baino ozenago autodeterminaziorako eskubidea gauza dadila exigitzen dugu!
Hamaika herri, borroka bakarra!
Sahara Hurra!