Brasilgo brigadaren 2. bideo eta idatzizko kronika!
MST, Nekazal Erreforma Herritar baten aldeko borrokan
Aurreko kronikan azaldu genuen bezala, 1984. urtean Movimento dos Trabalhadores Sem Terraren lehen biltzar nazionala egin zuten. Bertan, MST antolakunde nazional gisa gorpuztu, eta ondorengo hiru helburuak markatu zituen:
- Lurraren aldeko borroka.
- Nekazal Erreforma Herritarra
- Eraldaketa soziala.
Azken honetan azpimarratu behar da, hasiera batean ez bazuten Sozialismo terminoa erabiltzen ere, egun helburu estrategiko gisa defendatzen dutela.
- 1985ean lehen kongresua egin zuten, “Okupazioa da bide bakarra” lelopean. Lelo horrekin, MSTk argi utzi nahi zuen gobernuak ez zuela nekazal erreformarik egingo, eta, beraz, ezer lortu nahi bazuten, nekazariek eurek lurren okupazioaren bitartez garatu behar zutela. Aldarri honek Liga Camponesak bere garaian erabilitako “Reforma Agraria, na lei na marra”, (Nekazal erreforma, edo legalki edo indarrez), leloan zuen oinarria.
- 1987an MSTren bandera eta sinbologia adostu zituzten, eta hasieratik izan zuten argi irudian emakumeen presentzia. Matxetea ere, nekazarien lan tresna eta erresistentzia ikurra, banderan agertzen da. Antolakundeak eta banderak irudia izan bazuten ere, MSTren lehen urteak klandestinoak izan ziren. Diktadura garaiak ziren, errepresio oso bortitza bizi zen, eta MSTko kamiseta eramatea bera ere aski zen estatuaren jopuntuan egoteko.
Lurraren eta Nekazal Erreformaren aldeko borroka antolatu eta garatzen zihoan heinean, bestelako urrats batzuk eman zituzten eremu instituzionalean. 1988an Instituto Nacional de Colonizacion y Reforma Agraria (INCRA) sortu zen. INCRA instituzio nazional bat da, Brasilgo Gobernu Federalarena. Honek erabakitzen du noiz bihurtzen dituen asentamenduak legezko.
- 1990an bigarren kongresua egin zuten, “Ocupar, resistir y producir” lelopean (okupatu, erresistitu, ekoiztu). Ekintza soiletik haratago, okupazioak luzera begirako proiektuak izan behar zutela adostu zuten, eta, beraz, erresistentziarako jarrera eta metodo espezifikoak garatzen hasi ziren, lurrak modu masiboan okupatu eta bertan gelditu ahal izateko. Izan ere, elikagaiak ekoiztea baitzen helburua. Poliziaren aurrean erresistentzia masiboa artikulatu zuten, emakumeak eta haurrak lehen lerroan jarriz.
- 1990ean, “Reforma Agraria, uma luta para todos” (Nekazal Erreforma, guztion borroka) izan zen kongresurako hautatutako leloa. Nekazal Erreforma ez baita lurrik gabekoen borroka bakarrik, baizik eta herri osoarena (hau da, baita hirietako langileena, etorkinena, beltzena eta jatorrizko herrietako kideena). MSTk erabiltzen duen esaldi honek laburbildu dezake ideia hori: “Nekazal erreforma landan ematen da, baina hirian irabazten da”. Ideia hori barneratu eta hirian ere erreformaren aldeko kontzientzia eta borroka pizteko, MSTk martxa handiak egin zituen. Aldi berean, landa eremua garatzeko, eskolak, kooperatibak eta produkzio sistema agroekologikoak garatu zituen.
- 1994an Fernando Henrique Cardoso eskuineko hautagaiak irabazi zituen hauteskundeak, eta neurri ezberdinen artean lurraren aldeko militanteen kontrako kriminalizazioa handitu zuen. Aipatzekoa da 1996ko El Dorado de Carajaseko sarraskia: protesta baketsu batean ari zirela, polizia militarrak kargatu eta 22 pertsona erail zituen. Lehen aldia zen estatu indarkeriak hain bortitz jotzen zuela. Cardosok, besteak beste, lurren pribatizazioa areagotu zuen, eta horretarako, okupaturiko lurrak ezin zirela desjabetuak izan arautu zuen, dekretu batean.
- Egoera honen aurrean 1997an nekazal erreformaren, enpleguaren eta justiziaren aldeko martxa egin zuten: milaka pertsonak parte hartu zuten hiru hilabeteko ekimen erraldoian, eta honi esker Nekazal Garapenerako Ministerioa sortu zen Brasilgo Estatu Federalean.
- 2000. urteko kongresuan beste urrats bat eman zuten MSTko kideek, “Por um Brasil sem latifundios” aldarrikatuz (Latifundiorik gabeko Brasil baten alde). Garrantzia berezia izan zuen kanpainak, izan ere, 2002. urtean Lulak presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen (PT, Partido dos Trabalhadores). Haren politika kontsentsuan oinarritzen zen, eta horregatik irabazi zituen hauteskundeak. Presidente zenean ere politika hori aurrera eramaten saiatu zen, bai langile eta nekazarien beharrei, bai nekazal eliteenei erantzun asmoz. MSTk, ordea, konfrontazioaren ideia azpimarratu zuen, latifundistekin amaitu ezean nekazal erreformarik ez baita izango.
- 2007an egin zuten bosgarren kongresuan, “Reforma agraria, pela justicia social e soberania popular” izan zen aldarri nagusia (Nekazal erreforma, justizia sozialaren eta herri burujabetzaren alde). Garai horretan, Fernando Henrique Cardosok sortu eta gerora Lulak mantendu zuen legearen aurrean (okupaturiko lurrak desjabetu ezinak zirela zioen dekretuak) MSTk lurrak okupatzeko estrategia aldatu zuen. Lur horiek zuzenean okupatu beharrean, presioa egiteko, lur horien inguruan akanpatzen hasi ziren.
- 2014. urtean egin zuten seigarren kongresua, eta “Lutar, construir reforma agraria popular” lelopean (Borrokatu, nekazal erreforma herritarra eraiki) borrokaren garrantzia eta Brasilgo jendarte osoarentzako proiektu baten defentsa aldarrikatu zuten.
Gaur egungo datuak eta MSTren funtzionamendua
Gaur egun 300.000 familia daude asentatuta, eta 150.000 familia inguru akanpatuta. Oro har, 2 milioi pertsona dira MST mugimenduaren parte.
Akanpaleku eta asentamenduez gain, MST sektoretan antolatua dago: masa borroka, formazio politikoa, hezkuntza, produkzioa, komunikazioa, proiektuen garapena, generoa, giza eskubideak, osasuna, finantziazioa eta nazioarteko harremanak.
Maila nazionaleko egitura aurrera eramateko, militante batzuk liberatuta daude. Hauek, bi urtetarako izendatzen dituzte, beste bi urterako luzatzeko aukerarekin (liberazio txiki bat jasotzen dute oinarrizko beharrak asetzeko). Ardura hauek, ordea, ez dira betirako. Izan ere, koordinazio funtzioetan asko eta sakon ikasten da, eta, beraz, jende berriari aukera eskaintzeko espazioak zabaltzen dituzte. Horregatik, asko jota lau urte pasatzen dituzte ardura nazionalean, eta behin amaituta, mugimenduko kide izaten jarraitzen dute, besteek bezala.
Hainbat borroka molde uztartzen ditu MSTk: lur okupazioak, akanpalekuak, martxak, gose grebak, leku publikoen okupazioak, hirietako akanpadak, bankuen aurreko akanpadak, manifestazioak, ekimen kulturalak jende esanguratsuarekin, mistika…
Nekazal Erreforma Herritarraren oinarriak eta proposamena
Ondorengo puntuetan oinarritzen da MSTren Nekazal Erreforma Herritarra:
- Lurra Brasilgo herriaren eskuetan egon behar da
- Elikagaiak ekoiztea da lurraren funtzio nagusia
- Produkzio hori agroekologian oinarritua egon behar da
- Haziak gizateriaren ondarea dira
Oinarriak garatzeko proposamen hau egiten du MSTk, estatu sozialista eta herritar baterako urrats gisa:
- Lurraren demokratizazioa
- Ura pertsona guztien eskura egotea
- Laborantzako produkzioa kooperatibetan antolatzea eta egituratzea
- Laborantza politika garatzea
- Hezkuntza landa eremuetara zabaltzea
- Hirietako industria deszentralizatzea
- Estatuaren administrazio egitura aldatzea, Nekazal Erreforma azkarrago egin eta garatzen dela bermatzeko