Greziako brigadak eginiko elkarrizketa eta kronika

Irakurri kronika osoa

Atenasen hasi dugu Greziako brigada. Iraultzaren hiriburua izan zen duela urte batzuk, duintasunaren hiria, aldarrikapen eta troika zein gobernuaren aurkako mobilizazioen hiria. Jendez, ilusioz eta borrokaz beteriko plaza horiek hutsik dira gaur egun, eta jende hori guztia etxean, etsituta. Mobilizazioek ekarritako gobernu aldaketak, ez du ondorio positiborik izan. Alderantziz, Syrizaren gobernuak men egin dio Europar Batasunari eta estatua saldu egin du, literalki; jada ez dago estaturik, ez dago burujabetzarik. Errikos Finalis Syrizako kide ohi eta KOEko nazioarteko arduradunak Greziak egun bizi duen egoera azaldu digu Syntagma plazan.



Syrizak onartutako hirugarren memorandumak ondorio larriak izan ditu greziarrentzat. Prezioek ikaragarri egin dute gora, murrizketa handiak jasan ditu sektore publikoak, pribatizazioak nonahi gertatzen ari dira, eta hau guztia gutxi balitz, errefuxiatuen krisiak bete betean jo du herrialdea.
Krisi izugarri honen aurrean jendeak erantzun egin du, eta horren lekuko izan gara Atenasen egon garen egun hauetan mugimendu, esperientzia eta borroka ezberdinak ezagutuz.

 


Galatsi auzoko elkartasun kooperatiba


Auzoko pobreziari aurre egiteko kooperatiba bat sortu zuten duela 15 urte. Memorandumaz geroztik gora egin du eta elikagaiak erosteko zailtasun handiak dituzte. Era boluntarioan eta bitartekorik gabe elikagaiak banatzen dituzte, ekoizleek dohain ematen dizkiotenak zein beste hainbat lekuetatik lortzen dituztenak.
Ez da karitate hutsa. Auzo guztia dago inplikatuta, boluntarioak eta janaria jasotzen dutenak eurak ere. Elkartasunean eta auto-antolakuntzan oinarritutako eredu bat posible dela erakusten dute honela. 150 pertsona ari dira honetan buru-belarri, eta 4 tona janari banatu dute dohainik azken urteotan, eta beste hainbeste prezio murriztuekin. 4000 familia baino gehiago bizi dira kooperatibak banatutako janariarekin.
Hiru ardatz ditu proiektuak. Lehenengoa elkartasun kooperatiba, ‘elkartasuna, auto-antolakuntza, emantzipazioa’ lelopean. Bigarrena Abarisa zentro soziala, ekimen kultural eta politikoak antolatuz auzotik eta auzoarentzat. Eta hirugarrena kideen parte hartzea munizipioan zinegotzi.

 


Pireos portuko pribatizazioaren aurkako borroka


Mediterraneoko itsas porturik garrantzitsuena da Atenasko Pireos portua. Publikoa zen 1999ra arte, baina orduan pribatizazioak hasi ziren. Gutxinaka eta zarata askorik egin gabe portu osoa pribatizatzen joan dira, eta gaur egun kontenedoreen gune guztia pribatizatuta dago. Gobernuak KOSKO enpresa txinatarrari saldu zion, eta bere esku dago orain, portuaren kontrola galdu du estatuak. Honek ingurugiro arazoa suposatzen du alde batetik, eta bestetik inguruko hiriekin dagoen harremana gaiztotzea.
Honen aurka 10 urteko borroka darama Pireoko portuko langileen sindikatuak. Bere lan nagusiak bi dira egun, bertako langileen eskubideen alde egitea, eta portuaren barnean gertatzen diren irregulartasunen salaketa egitea. Hala ere etorkizun beltza dute, memorandumek pribatizazioak azkartu dituzte, eta Syrizaren gobernuak ez du inongo proiekturik bertan.

 


Errefuxiatuen drogomenpekotasunaren tratamendu kolektiboak


Pireoko portutik milaka errefuxiatu sartu dira. Kethea elkarteak lan handia egin du hauen  drogomenpekotasunari aurre egiteko, errefuxiatuen zein bertakoen menpekotasunari. Neoliberalismoak drogomenpekotasuna era indibidualean eramatea eragin du, baina historikoki era kolektibo batean tratatu egin dute. Hori egiten du elkarteak, drogaren menpeko direnak horren aurkako borrokan inplikatzen ditu, eta besteekin terapia kolektibo bidez sendatzea da helburua.
Esperientzia hauetaz gain herrietan gertatutako borroka historikoak ezagutu ditugu eta horien berri hurrengo kroniketan emango dizuegu.