Brasilgo brigadaren laugarren kronika: akanpalekuak

Belo Horizonteko festa berotik Latinoamerikako agroekologia jardunaldietako hotzera pasatu ondoren, MSTren akanpaleku gehiago bisitatzera joan gara, Brasilgo Parana estatuaren iparrera. Lurraren aldeko militanteekin bizi izan gara han lauzpabost egunez, eta horri esker akanpalekuen funtzionamendua sakonetik bizi ahal izan dugu. Hona hemen Herderos da Luta de Porecatú eta 2 de Dizembro kanpalekuetan bizitakoaren kronikak. Irakurri osorik


PORECATÚ: ESPEROAREN EKINA


Txakur bakarti bat emeki doa lur gorrizko bide maldatsuan barrena. Bidean gurutzatu ditu oilasko batzuk, oilo bat txita sortu berriekin, eta eskina batean ezkerrerantz egin du, egurrez eta plastiko beltzez egindako txabola artera. Eguerdia da, eta bero handia dago Herderos da Luta de Porecatú akanpalekuan (Porecatuko borrokaren oinordekoak). Jende gehiena etxe barrenetan dago, bazkaldu ondoreneko lo kuluxkan, ala bizilagunaren aterpean, matea ala ximarraua hartzen.


Kanpotik datorren ezjakinarentzat herrixka lirudike lekuak; komunikabideek favela itxusitzat saltzen dute. Bertan barneratzen denak, ordea, berehala egiten du topo akanpalekuko borrokaren errealitatearekin. Detailerik txikiena ere antolakuntzaren seinale baita hemen. Azukre kañaberak menperaturiko soroan hutsetik eraiki zuten etxola sorta, duela zortzi urte. Familia batzuk joan eta beste batzuk etorri dira tartean, baina laku gaineko komunitatearen egunerokoak antzera darrai: Brasilgo Gobernuak asentamendua noiz emango zain, hartaz askorik espero gabe ekiten diote bizilagunek auzolanari.


Horren adibide da eskola: irakasle, guraso eta umeek eraiki zuten eremua, eta hango irakasgai eta antolaketa ere guztien artean eraiki eta erabakitzen dituzte. Gobernuak laguntza txiki bat eman zien duela gutxi, eta irakasleen soldatak ere hark ordaintzen ditu orain. Baina Natieli eskolako zuzendari eta pedagogia arduradunaren ustez, komunitatearen lanari esker baino ez da izan: “Estatuaren menpeko izango bagina, eskola ez litzateke existituko”. Eskola Itinerante deitzen diote, eta, Luzia Maria irakaslearen ustez, hirikoarekin alderatuta askoz hobea da akanpalekukoa: “Bizitzan ez dut eskola hoberik ezagutu”. Komunitateak parte hartze zuzena du eskolan, hain zuzen, eta horrek ematen dio balio erantsia: eskolan ikasten denak akanpalekuko errealitatearekin egiten du bat, guztiz, eta akanpalekuak ere ekarpena egiten dio irakaskuntza prozesuari, hezkuntza eremu formalera mugatu gabe.


Eskolaren antzera, eremu kolektibo gehiago ere baditu Porecatúko akanpalekuak: futbolina eta billarra dituen ostatua, idazkaritza, osasun eremua, arropa trukatzeko azoka… Azken horren arduraduna da Luciana, eta gogotsu erakutsi digu dirurik gabeko dendatxoa: “Hirietan-eta ematen duten arropa biltzen dugu hemen, txukundu, eta asteazkenetan irekitzen dugu, nahi duenak behar duena har dezan”. 39 urteko emakumeak zazpi hilabete soilik daramatza akanpalekuan bizitzen, baina duela 25 urte engaiatu zen MSTren borrokarekin. Orain arte asentamendu batean bizi izan da, baina akanpalekura itzulia da orain, hasierako fasera. Familiarengandik hurbilago dagoen lur bat lortzea du helburua. Hiriaz, berriz, ez du ezer jakin nahi: “Landa eremukoa naiz ni sortzez, eta ezingo nintzateke hirian bizi. Niri landatzea gustatzen zait, animaliak haztea… lurra maite dut”. Beranduenez 2018rako asentatzea espero dute, gobernuak hala aginduta, baina Michel Temerren estatu kolpearen ondorioz, nahasia dute etorkizuna.


Hamaika jatorri, helburu bakarra
Luciana bezala, arrazoi ugarirengatik etorriak dira Porecatúko akanpalekuan bizi diren 400 bat familiak. Asko, lasaitasun eske. Hala dio Andreak, 59 urteko gizonezkoak: “Hirian bortizkeria handia dago, droga… Hemen, berriz, guztiek errespetatzen dugu elkar. Nire semeak, adibidez, drogarekin izan zituen arazoak. Hemen hobeto dago”. Vicentina eta Antenor bikotea ere (61 eta 62 urte) sosegu eta lur bila etorri zen duela hiru urte, eta asentamenduaren esperoan baratzea eta oiloak zaintzen dituzte.

Gutako bat ere hartu dute etxean, alaba bailitzan.


Biziraupenerako diru ala janari pixka bat lortzeko, bakoitzak ditu bere estrategiak. Lurdesek (62 urte) etxean egindako xaboia eta arraultzak saltzen ditu, haren senarrak hirian lan egiten duen bitartean. Rosik ere, 59 urteko emakumeak, kanpoan du senarra, eta hemezortzi txerri hazi eta etxea zaintzen ditu goizetik gauera. Bizilagunekin ere elkartzen da tarteka, forro-a dantzatzeko, hori baita gehien maite duena.   Julio eta Elisangela bikoteak bost urte daramatza MSTren komunitatean, eta gogor lan egiten dute akanpaleku inguruko soroan. Bertan produzitutako barazkien zati bat eskolara eramaten dute, haurren bazkarirako. Tamiris eta Tahinara alaba bikiek ere laguntzen dute baratzean. 13 urte besterik ez dituzten arren, oso argi dute akanpalekuko borrokaren garrantzia. Etorkizunean ere horri lagundu nahi dio Tahinarak: “Abokatu izan nahiko nuke, herriaren giza eskubideak defendatzeko”. Tartean, lur zati bat izateko eskubidea.


Umeak ere lasai bizi dira akanpalekuan, bizikleta, zaldi, ala edozein tramankulurekin jolasean, autonomia handiz. Haiek izango dira etorkizuneko laborari asentatuak, guztia ongi ateratzen bada. Eta, bitartean, elkarrekin eraikitako gutia izango dute irakasgai. Gobernuaren erabakiaren zain, baina esperoan egon gabe segituko baitute Porecatúko akanpalekuan auzolanean: esperoaren ekinean.

 


2 DE DIZEMBRO: AGROEKOLOGIARANTZ URRATSA


Herderos da Luta de Porecatún etxean bezala hiru egun pasatu ondoren, 2 de Dizembro (Abenduaren 2a) akanpalekura joan, eta sorpresa hartu dugu. Beste akanpaleku batzuetan ez bezala, hain zuzen, hemen lur ugari dituzte okupatuta etxeen inguruan, eta ekoizpenean buru-belarri dabiltza, makina handi eta guzti. 42.000 hektarea banatu dituzte bizilagunen artean: familia bakoitzak gutxienez 30x30 metroko lur zatitxoa, eta nahi duenarentzat beste 12 hektarea landatzeko. Guretzako, neurtezinak diren zelaiak, eta zelaiak, eta zelaiak…


Guztia ez da agroekologikoa, eta horrek harritu gaitu gehien, baina badu azalpena: jatorrian azukre kañaberaz beteta zegoen guztia, eta landare erresistentea izanik, harekin bukatzeko arto eta soja transgenikoak landatu behar izan dituzte hasieran. Izan ere, bospasei urte behar ditu lurrak bere onera etortzeko. Akanpalekukoen azken helburua ekoizpen ekologikoa izanik, transgeniko eta agrotoxikoetatik hasi eta pixkanaka horiek gutxitzen doaz, hazi eta hazkuntza agroekologikora iritsi arte. Prozesuak irauten duen bitartean, hartara, ekoizpenak ematen die  bizitzeko adina diru, eta borrokan segitzeko adina indar.