Bolibiako brigada Columna Sur-eko kideekin Cheren sua bizirik mantentzen

 

Astea badoa aurrera eta hobeto ezagutzen ari gara Santa Cruzeko errealitatea. Azken egun hauetan Columna Sur gazte antolakundearekin elkartu gara. Columna Sur 2008an sortu zen Santa Cruzen. Aurreko kronikan aipatu genuen moduan, Santa Cruzen eskuina da nagusi, eta 2008an tentsio momentuak bizi ziren indigenen eta prozesuaren aldekoen kontra. Eliteak hauen kontra gogor oldartzen ari ziren eta honi erantzuna eman nahian sortu zuten gazte talde hau. Marxista-Leninista bezala definitzen dute euren taldea eta Santa Cruzen sortu zen arren gaur egun ia Bolibia osora hedatuta dago. Abuztuan euren taldearen inguruko hausnarketa nazionala egingo dute aurrera begira jartzeko.

Abuztuaren 6a Bolibiako independentzia eguna da eta Santa Cruzen egingo den desfilerako prestakuntza lanetan harrapatu ditugu. Ostegunean, abuztuak 4,  beraien egoitzan bildu eta Euskal Herriaren errepasoa egin genien.  Beraiek ere euren borrokarako arrazoiak aipatu zizkiguten eta gero gure sentsazioak elkarturkatzen aritu ginen. Errealitate ezberdinetan borrokatzen dugun arren ikusi genuen baditugula batzen gaituzten gauzak eta kalean borrokatzearen garrantzia azpimarratu genuen, baita gazteok borrokako subjektu aktibo izatearen beharra.


Abuztuaren 7an autobusa hartu eta ordu luzeko bidaiari ekin genion. Vallegrande eta La Higuera bisitatzera eraman gintuen Columna Sur-eko lagun batek. Bertan Che Guevarak  eta bere gerrillak Bolibian egindako borrokaren berri eman ziguten. Che-k Bolibia aukeratu zuen iraultza egiteko, izan ere, Bolibia Hego Amerikaren erdigunean dago eta toki estrategikoa iruditzen zitzaion gerora iraultza Hego Amerika osora zabaltzeko. Zoritxarrez, gauzak ez ziren berak nahi bezala atera eta 1967an La Higuera inguruan preso hartu eta bertako eskolan tiroz hil zuten.

Gaur egun bere omenezko toki bihurtu da eta eskolan bere historia eta omenezko mezuak azaltzen dira. Hau bisitatzeaz gain bertako emakume batekin hitz egiteko aukera izan genuen. Berak Che pertsonalki ezagutu zuen eta garai haiek nola gogoratzen dituen kontatu zigun. Garai gogorrak izan ziren; Che preso zuten bitartean ezin ziren etxetik atera bestela beraiek ere hiltzeko arriskuan egongo baitziren, eta beraz janaririk eta argindarrik gabe egon ziren denbora luzez. Hunkituta kontatu zizkigun oroitzapen haiek. Bera da ordutik La Higueran geratzen den biztanle bakarra, besteak hilda edo hirian bizitzen ari dira, baina berak ez du bertatik alde egin bere sustraiak bertan baitaude.


49 urte eta gero Che eta ondoan izan zituen gerrillarien borroka gure eredu.
Hasta la victoria siempre!