Bolibiako brigadaren kronika: Ramon Rocha idazlea eta Cochabambako ikasle mugimendua
Abuztuaren 7an Santa Cruzen ospatu zen parada militarrean parte hartu genuen Columna Surreko gazteekin. 2007tik aurrera martxa honetan indar militarrez gain, jatorrizko herriek zein mugimendu sozialek hartzen dute parte, martxa koloretsu eta ikusgarria osatuz.
“No queremos y no nos da la gana ser una colonia norteamericana. Y sí queremos y sí nos da la gana America Latina socialista y soberana” moduko leloak errepikatuz agurtu genituen Columna Surreko kideak eta Cochabambarako bidea hartu genuen. Irakurri osorik
Ramon Rocha idazlearekin solasean
Ramon Rocha Monroy idazle eta kazetariarekin biltzeko aukera izan genuen abuztuaren 9an. Izen handiko idazlea izateaz gain, pasa den otsaileko erreferendumean baiezkoaren kanpaina gidatu zuen Cochabamban. Bertako errealitatea ulertzeko klabe batzuk eman zizkigun eta bereziki erreferendumean lortutako emaitzen inguruan, porrotaren zergatiez eta aurrera begirako erronkez aritu ginen. Ezezkoaren kanpainak komunikabide nagusien laguntza eduki zuela azpimarratu zuen, eta Evoren kontrako presio mediatikoak emaitzetan eragin handia izan zuela baieztatu zuen.
Kazetaria ere bada Rocha eta TV Universitarian gidatzen duen “Culturas en movimiento” saioan parte hartzeko aukera izan genuen. Bertan Askapenaren brigaden helburuak, Euskal Herriko egoera, Bolibiako errealitatea eta bi herrien borroken arteko antzekotasunak izan genituen hizpide.
Ikasle mugimendua Cochabamban
Columna Surreko gazteen borroka ezagutu genuen Santa Cruzen. Baina aurreko batean aipatu moduan, pixkanaka Bolibia osora hedatzen ari den erakundea da eta Cochabambara ere iritsi da. Duela hiru hilabete inguru osatu da Cochabamban Columna Surreko taldea eta bereziki unibertsitatea du borroka ardatz.
Horrela, ikasle mugimenduak Cochabamban egiten dituen aldarrikapenak azaldu zizkiguten. Mayor de San Simon unibertsitatean %50eko erabakitzeko ahalmena daukate ikasleek eta irakasleek beste %50. Modu honetan baina, irakasle baten bozkak 33 ikasleren bozken balioa dauka. Hori aldatzeko lanean ari da bertako ikasle mugimendua. Bestetik, zenbait irakasle politikoki izendatuak izaten direla esplikatu ziguten. Horrekin amaitzeko irakasleen merituak kontuan hartzea eskatzen dute, beharrezko azterketak gainditu eta unibertsitean gaitasuna daukaten irakasleak egotea nahi dute.
Bolibiako unibertsitate publikoek gobernuaren aurrean autonomia daukate euren erabakiak hartzeko. Honek ekarri ditzakeen arriskuak sahiesteko, unibertsitatean kontrol sozial bat egotea eskatzen dute; hau da, hartzen diren erabakietan irakasle eta ikasleez gain, mugimendu sozialek ere euren ahotsa izatea.
Guk ere Euskal Herrian ikasle borrokak duen garrantzia eta indarra azpimarratu genien. Eta beste behin ere, argi geratu zen bizi garen sistema aldatu ahal izateko ikasle mugimendu indartsu baten beharra dagoela.