Venezuelako brigadaren kronika: Estatu Komunala helburu

Chavezek, iraultza Bolibaltarra sozialistatzat ezaugarritu zuenetik, herriaren boterea eta partaidetza bermatzeko proposatu zuen herri antolaketa modua honakoa da:


Consejo Comunal--> Comuna--> Ciudad Comunal--> Federación Comunal--> Confederación Comunal--> Estado Comunal

 

Adibide zehatzekin azaltzen da kronika honetan. Irakurri osorik

  • “Consejo Comunal”: Parte-hartze demokratiko zuzenerako instituzio iraultzaile berriak dira eta autogobernu komunitariora bideratuta daude. Erabakigune garrantzitsuena ACC (Asanbelas de ciudadanos y ciudadans) da, bertan edozein herritarrek hartu dezake parte.

Kontseilu bakoitzak,  denen artean erabakita, ordezkari ezberdinak aukeratzen ditu “boceroak”. Ordezkari hauek arlo ezberdinetakoak izan daitezke, besteak beste: komunikazioarena, urarena, segurtasunarena, elikadurarena, lurra eta lurraldearena, etab.

  • “Comuna”: 6-7 kontseilu komunal artikulatzen dira eta komuna bat osatzen dute. Komuna aukeratzeko, lurraldeak tradizio historiko-kultural komunak izan behar ditu. Prozesu bolibartarrak sorturiko instituzio eta kontzeptu iraultzaileena dela esan genezake. Komunen lege organikoak (2010), esan bezala “Es la celula fundamental del Estado Comunal”.

Erabakigune garrantzitsuena parlamentu komunala da eta bertan parte hartzen dutenak: kontseilu komunaletako “boceroak”, “organización socio-productivas” jabetza sozial-komunaleko enpresen “boceroak”, kontseiluen “boceroak”, fabrika sozialistetako “boceroak”, etab. dira.

Komuna bakoitzak martxan dituen ekoizpen proiektuetatik (bai lehenengo, bigarren edo hirugarren sektorekoak) soberakinak lortzen badituzte, hauek alde batetik proiektuan bertan inbertitzen dituzte, beharrizanik egon ezkero, makineria berria erosteko, adibidez. Oraindik soberakina balego, Komunan aurkezten dute zenbatekoa, eta bertan erabakiko da zein proiektutan inbertitu beharko den edo komunako zein beharrizani erantzun beharko dion. Helburutzat, kapitalismoaren bihotza den plusbaliarekin akabatzea dute.

  • “Corredores Comunales” edo “Ciudad Comunal”: Komuna ezberdinak artikulatzen dituen instituzioa da.
  • “Estado Comunal”:

Azken helburua, komunez osatutako herrialdea eraikitzea da, esan bezala, jendartearen burujabetza ziurtatzeko, hau da autogobernu komunala. Estatu komunalaren azken helburua Estatu burokratiko eta burgesarekin amaitzea litzateke, hau da, instituzio liberal burges antidemokratikoekin (parlamentarismo liberalarekin) bukatzea eta herri demokrazia sozialista horizontalki eraikitzea.

Gaur egun, Kontseilu Komunal ugari dago, 30.000. Komunak ere badaude, 1.000 inguru eta baita zenbait Korridore ere. Estatu Komunalaren bidean lanean dabiltzan korredoreak ere ezagutu ditugu, nahiz eta helburu hau bere osotasunean lortzeko aukera oraindik urrun dagoen.

Antolaketa sistema benetan interesagarria iruditu zaigu, baita ezagutu ditugun Komunak eta Kontseilu Komunaletan bizi, antolatu eta lan egiteko moduak ere. Komunakideek proiektuaren partaide sentitzen dute beren burua eta horrek eramaten ditu utopia errealitatetik hurbilago sentitzera.

Barneraturik dute, benetako askatasuna norberak eraikitzen duena dela eta beraz, Estatua laguntzailetzat duten arren, argi dute, beren egitasmoen motorra eurak direla. Beraz, ezagutu ditugun adibide ezberdinak azalduko ditugu, gure errealitatera ekar ditzakegun proposamenak direla iruditzen baitzaizkigu.

Dena den, gure ikuspegitik eta zehazki ekonomia feministaren begiradatik honako kritika egin daiteke:

Ekonomiaren ikuspegi heteropatriarkatu eta androzentrikoarekin bukatzeko asmoz hainbat ekonomialari feministek, zaintza erdigunean kokatzea planteatzen dute: “lana” kontzeptua emakumeen esperientzia historikotik birdefinitu eta etxeko eta zaintza lanak jendartearen ongizatean (emozionala eta fisikoa) eragiten duela ikusarazi behar da. Bestetik, kontutan hartu behar dugu kapitalismoa ezingo litzakeela mantendu etxeetan dohainik egiten den lanik gabe, izan ere, honek soldatapeko langileen lan-indarra erreproduzitzea ahalbideratzen du.

Estatu komunalak ez du etxeko eta zaintza lanaren demokratizazio eta kolektibizazioa planteatzen, are gutxiago, “epizentrizioa”. Cristina Carrascok esan bezala, “El cuidado como eje vertebrador de la nueva economía”. Hala ere, kontseilu Komunaletako elikagaien batzordeak norabide honetan lanean ari direla esan daiteke.

 

Comuna el Maizal

2009an sortu zen komuna hau, Lara eta Portuguesa estatuen erdian kokatzen da eta bi gune hauetako 22 kontseilu komunalek osatzen dute. Gune hau, lurjabe batena zen baina Cahvezen gobernuak desjabetu  zuen, lurra lantzen zutenei emateko, hau da, herritar xumeei emateko.

Zazpi urte hauetan zehar, gogor aritu dira lanean eta gaur egun, jabetza komunaleko bost enpresa  ezberdin sortu dituzte:

  • Gas enpresa: komunako kideek eta ingurukoek erabiltzeko eta gas pribatua kontsumitu behar ez izateko.
  • Garraio enpresa: Komunara lanera doazen pertsona asko, inguruetako herrietatik datoz. Lehen 7 ordu inguru behar zituzten lanera iristeko, garraiobide hauen bidez askoz ere denbora gutxiago behar izaten dute.
  • Uzta enpresa: Batez ere artoa ereiten dute, baina artoa jaso eta berriz landatzeko tartean Carahota (babarruna) ere ereiten dute. Hain zuzen ere, 500 hektareako lautada bat dute artoz landatuta. Artoari berebiziko garrantzia ematen diote, beren elikaduraren oinarria baita.
  • Abereen enpresa: Abeltzaintzan ere aritzen dira lanean eta geroz eta garatuagoa dute arlo hau.
  • Gazta enpresa.

Sortzen dituzten soberakinak beren proiektuetarako erabiltzeaz gain, komunaren parte ez diren inguruko herrien beharrizanak asetzeko ere erabiltzen dituzte, beren helburua, komuna etengabe handitzea baita.

Komuna honek, beste bostekin batera Korredore bat osatzen dute eta beste Korredore batzuekin lanean ari dira, Portugesa eta Larako korridoreen artean Estatu Komunalerako lehenengo pausuak emateko asmoz. Bisitatu ditugun komunen artean, Chavezen proposamenean aurrerapauso gehien eman dituen komuna hau dela esan dezakegu.

Egiten duten lana dela eta, behin eta berriro izan dituzte erasoak; lurrak erre dizkiete, mehatxuak jaso dituzte, etab. lurjabeek beren lurrak berreskuratu nahi baitituzte. Bestalde, alkatetza PSUVekoa izan harren, burokrazia nahasgarriak ere oztopoak eragin dizkiete. Hemen ikusten dugu oraindik mantentzen den Estatu zaharraren (burgesa) eta sortzen ari den Estatu berriaren (sozialista-komunala) ateko talka.

Dena den, haiek gogotsu defendatzen dituzte lur hauek, izan ere, lehen esan bezala, argi dute beren herriak aurrera egiteko eta pertsonen arteko benetako parekidetasun bat lortzeko, ezinbestekoa dela herri xumearen boterea eta subiranotasuna.

Lurra lantzen duenarena dela eta lurra lantzea zeinen garrantzitsua den oso argi dute. Gaur egungo gerra ekonomikoak erakutsi die, erasoa gosea eragitea dela, baina herri langilea beren ekoizpenaren arduradun bada, nekez lortuko dute haiek garaitzea. Beraz, beren ekoizpenaren eta elikaduraren burujabe dira, erabaki guztiak modu parte-hartzaile eta parekidean hartuta.


Comuna el Tambor

Mendialdean kokatuta dagoen komuna honetan, proiektu ezberdinak daude martxan. Alde batetik, turismo gidak egiten dituzte, inguruko landaredia eta uzta azalduz. Bereziki kafearen ekoizpenean lan egiten dutenez, honen inguruko gida ere egiten dute.

 

Esan bezala, Kafearen ekoizpenaz ere arduratzen dira. Lan honetan, bereziki, komunitateko emakumeak aritzen dira. Merkatuan, behar duten kafe fruitua erosten dute eta argazkian ikusi daitekeen makinaren bidez, kafea kontsumitzeko prest uzten dute ondoren saltzeko.

Gaur egun, gerra ekonomikoa dela eta, kafe fruituaren prezioa garestiegia da eta ondorioz ezin dute erosi; prozesatu ondorengo prezioa asko puztuko litzatekeelako eta merkatuan bidezkoa ez den prezio batean saldu beharko luketeelako. Komuna honetako kideek ez dute prezioen inflazioan parte hartu nahi eta beraz, egoera honetan, makinak geldirik daude eta ez dira lan honetan ari. Dena den, beren asmoa ahalik eta azkarren berriro ere ekoiztean hastea da, komunitateak prezio duinetan produktu agroekologikoak eskuratu ahal izateko.

Komunitate hau osatzen duten herritar gehienak nekazaritzan lan egiten dute, produktu agroekologikoak ekoitziz.


Helbide honetan informazio gehiago aurkitu dezakegu: http://misionverdad.com/fotos/comuna-agroecologica-el-tambor-la-azulita-estado-merida


Proletarios Uníos

Komunaren jabegoa den enpresa bat da, Chavezen heriotzaren ostean hartu zuten. Enpresa honetan garagardoak ekoizten ziren trasnazional baten eskutik, ondoren Brasilen saltzeko.

Proiektu hau, komuna ezberdinen bilgunea da eta bere helburua, sistema berri bat sortzeko harreman sozial berrien eraikuntza izatea da. Gaur egun dagoen gerra ekonomikoaren ondorioz geratzen den prezio altuen egoeran ez dute parte hartu nahi, eta “prezio justuen ibilbidea” sortu dute, egoera hau ekiditeko eta herri xumeak beharrizanak neurrira ase ahal izateko.

Gaur egun, bertan ekoizten dena bereziki ura da, pertsonentzat edangarria eta baita abereentzat ere, hau baita inguruko herrietan gehien behar dena. Birziklatze sail bat ere badago, non lehenagoko plastikozko garagardo kaxa guztiak desegiten ari diren, beheko argazkian ikus daitekeen bezala.

Abereentzat elikagaiak ere ekoizten dituzte. Etorkizunean, zukuak ere egin nahi dituzte, alkohola jendartean sortzen diren harremanentzat osasungarria ez dela iruditzen baitzaie, bereziki emakumeenganako tratu txarrak ekiditeko orduan.

Garrantzitsua da eurentzat, ekoizten dituzten produktu hauek komunitatearen identitatearekin bat egitea; hau da, langileekiko esplotaziorik gabe eta langileei begira dagoen antolaketa bat jarraituz, eta ez kapitalari begiratzen diona.

Beraz, ikusi daitekeen bezala, proiektu guzti honen antolaketaren oinarrian, herriaren beharrizanak daude.