Nekane libre! Estradiziorik ez! Adi mobilizazioei!
Nekane Txapartegi 1999. urtean atxilotu zuten, Baltasar Garzón instrukzio epaileak sortutako “dena da ETA” tesia jarraituz. Euskal independentisten aurka hamarkadetan iraun duen estrategia horren hastapena izan zen. Torturak salatu zituen: elektrodoak, poltsa, sexu jazarpena pairatu zituen, eta hori gutxi balitz, lau poliziek bortxatu egin zuten. 2006an epaitu zuen Auzitegi Nazionalak, 18/98 sumarioaren Xaki atalean. Ondoren, estatu espainiarretik alde egin zuen, berriro atxilotua edota torturatua izateko arriskutik ihesi. Orduz geroztik, Suitzan bizi izan da bere alabarekin, atxilotu duten arte. Pasa den apirilaren 6an atxilotu zuen Nekane Suitzako Poliziak, Zurichen, Espainiako Poliziarekin batera egindako operazioan.
Orain, estradizio prozesuan sartuta gaude. Espainiar Gobernuak Espainiako espetxe batean sartu nahi du Nekane. Suitzako epaileek Madrilek bidalitako txostenak aztertu eta epe motzean, ziurrenik hilabete honetan bertan, Madrilera bidali ala ez erabaki beharko dute. Lehenengo epaia bere aurkakoa bada helegitea jartzeko aukera izango du, baina hilabete gutxi batzuen buruan azken erabakia hartuta egongo da. Txapartegik, baina, berak nahi duen lekuan, nahi duen pertsonekin (bere alabarekin bereziki) bizitzeko eskubidea aldarrikatzen du. Horregatik pasa den maiatzaren 3an Asilo Politikoa eskatu zion Suitzako estatuari, eta agente federalekin hainbat entrebista izan ostean, horren inguruko lehen erabakia ere laster jasoko du.
Bien bitartean, Nekane Zuricheko Dielsdorf espetxean dago preso, inkomunikazio egoeran. Egunean 21-22 ordu pasatzen ditu ziegan bakarrik, 23 asteburutan. Bere alabarekin (ikuskaritzarekin baina kristalik gabe) astean behin izaten du ordu bateko bisita, eta familia eta lagunekin (kristal baten atzean) beste ordu bete. Irakurri osorik
Nekane Txapartegirena oinarrizko eskubideen urraketa sistematiko baten kronika lazgarria da. Bere jarduera politiko eta soziala publikoa izan da ezkerreko mugimendu sozialetan (Kasu, Asteasun HBko zinegotzi hautatu zuten 1995ean eta 1999an bai eta Ardi Beltza aldizkarian lanean). Gure herriaren eskubideen defentsan borrokatzea erabaki duen militantea da. Torturak, bortxaketak, erbestea eta espetxealdi gogorra bizitzen ari dena. Audientzia Nazionalak espetxe zigor bidegabea ezarri zion herritarra; 9 urte luzez erbestea ezagutu duen emakumea; bien bitartean ama izan da. Dagoeneko 5 hilabete pasatxo dira bere alabarengandik banatu zutenetik.
Gaur hemen bildu garen eragile eta pertsonok estradizio eskaerari ezezko borobilarekin erantzuten diogu. Edozein izanik ere leporatzen zaion delitua, inor ezin delako epaitua izan egituraz oinarrizko eskubide zibil eta politikoen eta giza eskubideen urratzaileak diren epaitegietan. Horrez gain, Nekane demokrazian legezkoak behar luketen jarduera politikoengatik zigortu nahi dutelako. Horrez gain, bere aurkako prozedura torturan eta bortxaketan oinarritua dago.
Suitzar gobernuak tortura zantzuak izanez gero estradizioa ukatu beharko luke, beraien legeek horixe baitiote, eta hori, ikusi nahi duenarentzat, begi-bistakoa da: Txapartegi espetxeratzeko oinarri bakarra bere polizia aurreko autoinkulpazioa da. Hor ditugu Pako Etxeberriaren lantaldeak egindako azterketaren emaitzak; baita Suitzan bertan egindako azterketa psikiatriakoak eta berarekin atxilotu zuten Mikel Egibarri egindako Istambul-eko protokoloa; edo bereziki OMCT erakundeak egindako eskaera. Nekane torturatua izan zela argi eta garbi uzten dute horiek guztiek.
Bide honetan, Txapartegi ez dago bakarrik, eta asko dira berarekin elkartasunean egin diren ekimen eta keinuak. Aipatzekoak dira Suitzar herrian egiten ari diren elkartasun dinamikak. Euskal Herritik milaka kilometroetara egon arren, Suitzan sortu duten Free Nekane plataformaren bitartez, beste behin erakutsi dute injustizien aurrean Euskal Preso Politikoak ez daudela bakarrik. Dinamika honetatik dator Irailaren 24an Bernan egingo duten Nekaneren aldeko manifestaldia. Baita aipatzekoak dira, Italian, Grezian edo Argentinan Nekaneren alde egindako ekitaldiak ere.
Euskal Herrian ere ugari izan dira elkartasun keinuak, kasu, Nekane LIBRE plataforma bera. Hala ere, hemen bildu garen eragileon ustez, pausu bat gehiago emateko beharra ikusten dugu. Argi dugu, borrokaz bakarrik lortuko dugula Nekaneren estradizioa gelditu eta nahi duen lekuan, nahi duen pertsonekin libre izatea. Horregatik, Euskal Herriko jendarteari datozen egunetan burutuko ditugun mobilizazioetan parte hartzera dei egiten diegu:
- Irailaren 18an Zelatunen Babes Argazkia burutuko dugu eguerdiko 12:00tan
- Irailaren 20an Bilbon Suitzako kontsulatuaren aurrean (Gran Via, 17) egingo dugun elkarretaratzea 12.00etan.
- Irailaren 24an Bernan (Suitza) egingo den Manifestazioa. Honetarako Autobusak antolatzen ari gara. Informazio gehiago: joseba.txapar@gmail.com
Estradiziorik ez!
Nekane Libre!
Asilo politikoa orain!