AGUR ETA OHORE, MARTIN!
Asteartean, hilak 21, Martin McGuinness, Irlandako Sinn Féin alderdiko eta mugimendu errepublikarreko buruzagi historikoa zendu zen. Irlandako historia garaikidean giltzarri izan zen hainbat eta hainbat abagunetan: okupazio militar britainiarrari tinko eutsi eta gatazka odoltsuaren amaierarako harri sendoak ezarri zituen.
Derry herri borrokalarian jaioa, Martin McGuinness gazte gaztetatik bere herriarekiko askatasunaren aldeko borrokarekin konprometitu zen. Ipar Irlandan komunitate errepublikarrei eskubideak sistematikoki ukatzen zizkieten bitartean, gazte andana berrantolatzen hasi zen eta urteetan isilpean egondako IRAk bere ekinbidean salto kualitatiboa eman zuen The Troubles deituko zen gatazka luze eta odoltsuari hasiera emanez. Bloody Sunday-ko gertakariek (1972) Derryko gazte errepublikarrak bizi osorako markatuko zituen eta garai hartan 21 urte izanik ere McGuinness-en lidergoa agerikoa zen.
80 eta 90. hamarkadetan Sinn Féin alderdian bere parte hartzea areagotu egingo da eta konpromiso horrek Ostiral Santuko akordioetan giltzarri izatera eramango du. Akordio honek irlaren iparraldean normalizazio politikorako bidea ireki zuen eta eginiko ibilbideak bere lorak ematen jarraitzen du. Bide berean, Euskal Herriak pairatzean duen gatazka konpontzeari begira bidelagun izan genuen ere McGuinness, bere ikuspegi internazionalistaren seinale.
Askatasunaren aldeko borrokan dena eman zuen, ez alferrik, ordea. Izan ere, Irlanda osoaren batasuna inoiz baino hurbilago gauzatzeko unean aurkitzen da.
Amaitzeko mugimendu errepublikarrari, bere lagun eta senideei gure doluminak eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu.
Adiorik ez lagun, garaipenera arte baizik!
Tiocfaidh ár lá!