Al Nakba 2017: Euskal Herria Sionismorik gabeko lurraldea izan arte!
Hasteko, gure elkartasun internazionalista bidali nahi diegu Israeleko ziega ilunetan borrokan ari diren milaka preso politikoei. Batez ere, azken egunotan gose greba burutzen ari diren milatik gora preso politikoei. Zuen borroka gure eredu delako!
Gaur, maiatzaren 15ean, palestinarren Nakba berriz ere ekarriko dugu gogora haren 69. urtemugan. Nakba arabierazko hitzak "hondamendia" esan nahi du eta palestinarren exodoa izendatzeko erabiltzen da. Palestinarren Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundearen (UNRWA) arabera, gaur egun sei milioi lagun inguru dira 1946ko ekaina eta 1948ko maiatza artean ohiko bizilekua Palestinan izan eta 1948ko gerraren ondorioz etxeak eta bizibideak galdu zituzten pertsonak eta haien ondorengoak.
Egun honetan, eskubideen urraketa jarraia jasaten duten herrialdeekin eta batez ere Palestinarekin gure elkartasuna adierazi nahi dugu. Giza eskubideen etengabeko urraketek, blokeoak, harresiak, apartheid sistemak eta errepresioak ez dute palestinarren askatasun grina zanpatzea lortu. Hala, goraipatzekoa da herri palestinarren 69 urteko borroka luze eta gogorra. Palestinarren erresistentzia, herri zapaldu ororen eredu da, eta horrek munduko internazionalistok prosezu honekiko elkartasuna antolatzera garamatza.
Hamarkada bat pasa da Euskal Herrian BDZ kanpaina martxan jarri genuenetik, eta asko izan dira egindako ekintza eta ekimenak, baita horietan lorturiko garaipenak. Borroka luzea daramagu jadanik eta gure indarrak handitzen joan dira urte hauetan. Euskal Herriak Palestinarekiko duen gertutasuna praktika politiko bilakatzeko ordua iritsi zaigu orain, ordea. Euskal Herria Sionismorik gabeko lurralde bilakatzeko ordua heldu da.
Zentzu honetan, dei egiten diegu euskal internazionalista orori, bakoitzak bere eremuan (kultura arloan, hezkuntzan, instituzioetan, saltokietan...) BDZ kanpaina aurrera eramateko. Eta bukatzeko, zorionak eman nahi dizkiegu Gasteizen Israelen enbaxadoreak diren Maccabiren aurrean tinko mantentdu ziren baskoniazale internazionalistei; Valentziako Rottotom festibalaren aurrean BDZ ekintzaileak defendatu dituzten euskal kulturgileei; instituzioetan BDZ aurrera eramateko egin zen konferentzia antolatu zenutenoi; edota Euskal Herri luze zabalean egunerokotasunean Palestinaren alde eta sionismoaren kontra ingurukoak kontzientziatu eta ekimenak antolatzen dituzuen guztiei.
Gora Palestina Askatuta!
Israeli boikot!
Euskal Herria Sionismorik gabeko lurraldea izan arte!