Zisjordaniatik 48ko lurraldeetara: okupazioak baditu milaka aurpegi
Ramallah atzean utzita jo genuen landa eremuan kokatzen den Nabi Saleh herrixkara. Bertako 600 biztanleak familia berekoak direla azaldu ziguten eta egunerokoan talkak ugariak direla parean duten asentamentuan bizi diren kolonoen eta euren artean. 2009an eraikitako asentamentu honetan Nabi Salehko biztanleriaren bikoitza bizi da. Ordutik, ostiralero erresistentzia baketsua praktikan jartzen dute euren lurraren alde. Dena den, azken aldian alde batera utzi behar izan dituzte mobilizazioak, erresistentzia baketsuari ohi baino bortitzago erantzun diolako polizia israeldarrak: gas negar-eragile potenteagoak, balak, etab. Bortizkeria honen adibide garbia, herria utzi eta egun batzuetara polizia israeldarrak bertako gazte bat erail izana.
Manal Tamimi palestinar aktibistak jaso gintuen bere etxean. Herriko komite popularreko eta borrokarako komite popularreko kidea da, abokatua eta hainbat eta hainbat eragileekin herrialdearen aldeko ekimen ezberdinetan parte hartutakoa.
Nablusera iritsi berritan Waelek herriko hainbat eragileekin batera ongi etorria egin zigun. Nabluseko herri mugimendua ezagutzeaz gain, Euskal Herriko egoera soziopolitikoa azaltzeko aukera izan genuen. Bertan, besteak beste, emakumeen mugimenduko eta gazte mugimenduko kideak, idazleak, bertako errefuxiatu kanpamenduko eragileak eta Jordan Valleyeko ordezkaritzarekin bildu ginen. Hiri zaharra ezagutu ostean, Beit Alkarama elkarteko emakumeak ezagutzeko parada izan genuen, Fatima Kadoomek kontatu zigun nola bigarren intifadan setiatu eta birrindu zuten Nablus, eta hauts horietatik nola sortu zuten emakumeentzako proiektua. Etxeak berreraikitzen ari zirela, konturatu ziren ondoko etxea estrategikoki egokia zela bertan beraien zentroa eraikitzeko. Behin eraikina sortuta Italiatik etorritako lagun batek sukaldaritza klaseak emateko ideia eman zien. Hasieran ideia gehiegi gustatu ez zitzaien arren gerora tradizio eta kultura palestinarra eta erresistitzeko modu egokia iruditu zitzaien. Beraiekin dantza eta kantuan aritu ostean, elkarrekin prestatutako afariarekin borobildu genuen gaua.
Hurrengo goizean, Human Supporters Associationeko kideekin elkartu ginen, bigarren intifadaren hasieran hasi ziren lanean beraien etxeetan setiatuak zeuden familiei laguntza eskaintzen. Bigarren intifada bukatu ostean, umeek sufrimenduari aurre egiteko irribar egin zezaten hasi ziren lanean. Bilera amaitu ostean Balata errefuxiatu kanpamentura joan ginen. Bertan 32.000 pertsona bizi dira 0,25 km karratuko azaleran. Yaffa Cultural Center izan zen lehenengo intifada amaitu ostean kanpamentuan lanean hasi zen lehen GKEa. Gerora hainbat proiektu gauzatzen dituzte bertan; esaterako zinema, antzerkia, dantza tradizionalak, familientzako sostengu psikologikoa, eta Nabluseko herentzia kulturala babesten dute.
Balatako emakume errefuxiatu batek bere bizipenak kontatu zizkigun eta bere gurasoen Yaffako etxeko giltza erakutsi zigun, noizbait hara itzuliko direnaren esperantzaren ikur.
Nablusetik Qalqilyara joan ginen, bertan, HWC eragileak emakumeentzako sekzio berezia baitu eta hau gertutik ezagutzeko asmoz. Bertako zuzendariak azalpen orokorrak eman ostean Qalqiliako testuinguru sozioekonomikoari buruz gehiago jakin ahal izan genuen. Osasun zentro honetan 1990. urtetik biztanleriaren osasun egoera kaskarrari aurre egiteko hainbat zerbitzu eskeintzen dira, eta bereziki emakumeen arazo eta beharrei erantzuteko programak dauzkate. Hanan Abu Ghoush, emakumeentzako osasun programaren zuzendaria, elkarrizketatu ahal izan genuen eta bertako emakumeen egoera hobeto ezagutu.
Haifa izan dugu azken parada, bertatik 48ko lurraldearen lagin baten bidez beste alde honen errealitatea bizitzeko aukera izanik. Haifa hiria 1948ko Nakbaren ostean israeldarren kontrolpean dago, bertako palestinarrak legalki israeldar arabiar izendapena jasotzen dutelarik. Bertako palestinarrak normalizazio eta asimilazio kulturalaren aurrean erresistitzen duen minoria batean bihurtu dira, bertako asko 48tik aurrera errefuxiaturik daudelako hainbat kilometrotara eta beste herrialdeetan. Haifako zentro feminista bisitatu dugu. Han eragile ezberdinek lan egiten dute emakumeen ahalduntze eta borrokaren antolakuntzan. Kayan erakunde feministako kide batek, elkarrizketa atsegin baten bitartez, lurralde hauetan lantzen diren feminismoaren ildo nagusiak azaldu dizkigu.
Azken egun hauetan, piztu da haserrea Al-Aqsan jazotako gertakarien harira. Herriak tinko dirau eguneroko jazarpen, atxiloketa, indarkeria eta erailketen aurrean. Gaur bigarren intifada piztu zen leku berean piztu da sua. Gu bagoaz, iritsi da gure bidaiaren amaiera, gertutik itxaropentsu jarraituko dugu herri honen borroka.
Yallah Palestina!
Yallah herri askeak!