Nolako kosmobisioa, halako Herria
Mundua ulertzeko moduak eta moduak daudenez, kosmobisioak ugariak dira, begiradak anitzak direlako. Beraz, garrantzitsua da kosmobisioaren ezagutza, horren araberakoa baita sortzen dugun mundua.
Mendebaldeko kosmobisio hegemonikoa binarioa dugu: generoan, moralean, boterean, kolorean, kapitalean... Izan zaitezke neska ala mutila, ona ala gaiztoa, zapaldua ala zapaltzailea, txuritxoa ala beltza, polita ala itsusia, aberatsa ala pobrea. Ez da onartzen bai eta ezaren arteko izaterik. Gainera, binarismo guztiak hierarkizatzen dira; bata beti gailentzen zaio besteari.
Linealak gara lerro zuzen abstraktu bat jarraitzen dugun momentutik, garapenaren mitorantz edonon eta edonoiz aplikatu behar den lerro zuzen infinitua. Zuzen ekin behar diogu bideari, gureak egin du bestela; modernitatearen izenean zapalduak izango gara. Egia bakar eta absolutu horren izenean besteak kolonizatzea du helburu. Horretarako erabiltzen duen erretorika indibidualismoan oinarritzen da: zuk zeuk erabakitzen duzu zer egin; zeure esku dago etorkizuna.
Herri indigenek bestelako begiekin ikusi ohi dute jendartea. Binarioaren aurrean aniztasuna, linealaren parean ziklikoa eta indibidualismoaren gainean komunitatea. Izate ezberdinen funtzioa da elkar osagarritzea, bata besteari gailendu beharrean oreka bilatzea da helburu; beti ere, bizitza eta ama lurra oinarri izanik.
Herri indigenentzat, bai eta ezaren artean agian dago. Beraz, ez da ezaren guda baietza sortzen duen bide bakarra. Gaizki eta ondoren artean, hirugarren biderik badute, aymara hizkuntza ez baita bibalentea, tribalentea baizik. Denbora ziklikoa da bizitzaren eta honen erreprodukzioaren erritmoak erdigunean daudelako. Bestelako jendarterik ez dute irudikatzen.
Horrek guztiak zer pentsa eman digu. Nola ikusten ote dugu euskaldunok mundua? Gure historian nagusi da auzolana. Auzolanez lortu dugu gure kultura berreskuratzea, ohiturak eta hizkuntzak geure berregitea, kolonizazio sentimendurik gabe deskolonizazio prozesuak eraikitzea. Izan ere, badira hamarkada dexente gure herri jakintzak akabatzeko saiakera basatia egin zenetik, inkisizioak sorgin ehizari ekin zionetik. Historia irabazleak idazten duenaren ziurtasun osoz, kolonialismoaren zantzuak geuregan ikusten hasi gara: San Juan, Santa Ageda, urtaroak, eguberria...
Euskaldunok ez al genuen egutegirik kristautasuna iritsi baino lehen? Baliteke santuen araberakoa beharrean ama lurraren araberakoa izatea gure egutegia: solstizioak, uzta garaiak (uztaila, garila, garagarrila, agorrila...), lurra esnatzeko deiak (Santa Ageda, inauteriak), etab. Bestelako ospakizunak ere eraldatuta iritsi zaizkigu. Esaterako, akelarrearen protagonista aker zakil handi bat izan beharrean, alka landarea izan zitekeen sorginen artean.
Gaur egun euskal kosmobisioa mendebaldeko hegemonikoarekin kutsatuta somatzen dugu. Dena den, bizirik diraute garai bateko jatorrizko jakintza zantzu batzuek. Horiek beharko lukete izan gure herri proiektuaren zurtoin. Hori dela eta, mundu ikuskera horiek erdigunean jarri eta Euskal Herri iraultzailea eraikitzeko proiektuari ekin beharko genioke.
Hausnarketa hauetara heldu gara Bolivian izan dugun esperientziari esker. Borroka internazionalista lagungarria da gure herria askatzeko eta, aldi berean, gure herria askatuz beste herrien askapen prozesuei ekarpena egiten diegu. Euskaldunok urte luzez daramagu noranzko bikoitza duen borroka honetan, hain zuzen ere, 30 urte borrokaz bete dituen erakunde internazionalista dugu gurean. Horrexegatik, gure azken kronika Askapenari zorion iraultzailerik beroena emanez baino ezin dugu amaitu. 30 urtez gure herria eta beste herriak maitatuz bere lana aurrera eraman du, norberaren herria maite ez duenak ezin dituelako besteak maite, borrokan hamaika herrik diraugun arren, borroka bakarra delako.
Hori guztia ospatu eta aldarrikatzeko, urriaren 7an hitzordu garrantzitsua izango dugu Berriozarren; Askapenaren 30. urteurren ekitaldian ikusiko dugu elkar.
Borrokak uztartzen, herriok burujabe!