Euskal Herritik ZADera, ZADetik Euskal Herrira

Antolakeketa askea, asanblearioa, norberaren ekarpen ahalemenean oinarritua, errespetuzkoa eta autoeratzailea ezagutu dugu. Estatu frantsesa sartzen ez den gune bat, kolektiboaren onura eta kideekiko errespetua urrezko lege dituena. Etxean bezala sentiarazteaz gain, sistemaren periferian bizitzeko hamaika modu daudela erakutsi digu babestu beharreko guneak. Itzuliko gara. Eskerrik asko, ZAD!

 

Bederatzi egun egin ditugu orotara ZADeko errepublika askean. Egun guzti hauetan zehar, bertako antolatzeko moduak eta gune desberdinak ezagutu ditugu. Barne zein kanpo komunikaziotaz arduratzen direnekin bildu gara, eta ZADen historia eta gaur egun aurkitzen diren faseaz hitzegin digute; ZADNEWS barne astekariaren banaketan lagundu dugu; KLAXON irrati alternatiboan elkarrizketa burutu digute; ZADeko bizilagun eta proiektuarekin bat egiten duten kolektiboetako kideez osaturiko barne asanbladan parte hartu dugu; euskal gaua antolatu dugu zintzur bustitze, dokumental emanaldi eta hitzaldi/solasaldiaz osaturik. Eta nola ez AMBAZADA, ZADeko gune internazionala izango den etxolaren eraikitze lanetan parte hartu dugu. Euskal Herriak, eta nazioarte mailako borrokek, badute beren gunea ZADen!

Frantses estatuan, uharte independente bat
Aireportuaren aurkako mugimendu batez harago, eredu propioa sortzen ari den gune bat bihurtu da hau, apurtzailea oso.  Ez da arau eta legeez osatzen den jendarte bat. Borroka berdinak batzen dituen indibiduoz osatutako lurraldea baizik, eta gehienak etxaldeetan biltzen dira (60 orotara). Erabakiak asanblean hartzen dira, eta pertsona guztien iritziak pisu berdina du.

Baina dena ez da noski arrosa kolorekoa. Ez da beti erraza izaten adostasunetara iristea, eta mugimenduaren barruan ere badira proiektuarekiko ulerkera ezberdinak. Sistema patriarkal eta kapitalistan hazitako kideek osatzen dute ZAD, beraz, bertan ematen diren dominazio eta gehigikeria jokamoldeetatik ere ez daude salbu. Horiek deseraikitzen dihartute egunerokoan.

Aireportuari ez; eta gero zer?
Gaur egun ere eztabaida gogorretan murgilduak daude. Abenduan aurkeztuko du aireportuaren bideragarritasuna aztertzen duen mediazio taldeak balorazio txostena, eta azken erabakia gobernuarena izango da.

Itxura guztien arabera, aireportuaren proiektua bertan behera utziko du Macronen exekutibak. Horren ostean, Vinci enpresaren lur okupatuen etorkizuna dago eztabaidan. ZADistek bertan geratu nahi dute, bizi eredu askea garatzen. Halabaina,  azpiegitura erraldoiaren aurka mugitu diren kolektiboen artean ere badaude ikuspegi ezberdinak. 2000 hektareako lurralde horri bestelako proiektu batzuk dituzte askok.

Kanporaketa arriskuaren aurrean, elkartasuna
Zaila da imaginatzen estatu frantsesak bere lurraldean 2000 hektarea era independentean garatzen uztea. Goiz ala berant, beldur dira estatuak kanporaketa agintzea. Arriskuaren aurrean, herrien elkartasuna beharrezkoa izango zaie. Etxola internazionalistaren inguruan elkartu den indarra biderkatu beharko dugu. Izango dira, etxola eraikitzeko aitzakian, lur hauek ezagutzeko deialdi gehiago. Adi egongo gara, ZADetik Euskal Herrira, Euskal Herritik ZADera.