Elkartasunetik konpromisora, visca la República Catalana!

Azken aldian, eta bereziki, azken hilabeteotan, kataluniarrek Estatuaren era guztietako errepresioa pairatu dute lurralde osoan. Urriaren 1eko kargak eta jazarpen poliziala, Jordien espetxeratzea, Valentziako eraso faxistak, independentzia aldarrikatzeagatiko matxinada akusazioak, Gobernu zentralaren 155. artikuluaren aplikazioa, Kataluniako Governaren eta Parlamenteko hainbat kideren kargugabetzea, eta Kataluniako gobernu legitimoaren espetxeratzea. Hori gutxi balitz, Europar Batasunak eta haren baitako estatukideek Espainiako Gobernuaren erabaki oro babestu dute, beste behin ere zapaltzaileen alboan lerrokatuz. Izan ere, Europar Batasunari ezer gutxi axola dio Kataluniako herri langilearen borondateak. Kataluniako errepublikaren alde jarriko bada inoiz, zalantza gabe bere klase interesei hobeto erantzungo dien eskenatoki batean jarriko dituelako izango da.

Euskal Herrian, askotariko sektoreek Kataluniako prozesu independentista babestu dutela ikusi dugu: erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazioak, errepresioaren aurkakoak, Jordiekin elkartasunez egindako mobilizazioak, kazeroladak, errepublika berriaren aldeko ospakizunak... Euskal Herriaren gehiengo batek begi onez ikusi du errepublika berriaren sorrera, baina tamalez beste sektore batzuk prozesua oztopatzen saiatu dira, euren praktika alderdikoiekin. Hartutako erabakietan eragiteko asmoa izan dute, eta argi arbuiatu nahi dugu jarrera onartezin hau. Guztiz mespretxagarria da EAJ, eta bereziki Iñigo Urkullu Lehendakaria, haiekin zerikusirik ez duten kontuetan “bitartekari” lanak –hala deitzerik badago– egiten saiatu izana. PPren aurrekontuak babestu dituen alderdi politiko bat, eta beraz, 155. artikuluaren aplikazioa ahalbidetu duena, ezin da inolaz ere bitartekari lanetan aritu. Sasi-abertzale gisa inolako lotsarik ez dutela erakutsi dute, eta guk, internazionalismotik, gure bidelagun diren Herrialde Katalan langilearekiko elkartasunez, salatu egin behar dela uste dugu.

Askapenatik, betidanik sentitu dugu Herrialde Katalanekiko elkartasuna adierazteko beharra. Horregatik antolatu ditugu, urtez urte, brigadak Herrialde Katalanetara, lanketa politiko ideologikoa egiteko, baita hitzaldiak eman eta beste hainbeste ekimen egin ere. Dena den, Herrialde Katalanekiko elkartasunean sakontzeko garaia heldu dela uste dugu. Herri katalanak ezohiko egoera bizi du, eta horregatik hain justu, internazionalistok gure indarrak biderkatu behar ditugu. Garrantzitsua da oso, beraz, Euskal Herriko auzo eta herriak antolatzea, elkartasun hori adierazteko. Elkartasun komiteak tresna egokiak izan daitezkeela iruditzen zaigu. Kontuan izanda, gerta daitekeenari adi, elkartasunak zabalagoa izan beharko duela, nazio mailako deialdiekin bat eginez, behar den kasuetan.

Hala, egoera honen aurrean, Herrialde Katalanekiko elkartasuna bi mailatan lantzea ezinbestekoa iruditzen zaigu:

Larritasunez:

  • Errepublika berriari elkartasuna adieraziz
  • Errepresioaren aurka (edonolakoa izanda ere eta lurralde osoan)
  • Jordi-en eta Kataluniako gobernuko kideen askatasunaren alde
  • EAJ/PNVri mozorroa kenduz gatazkaren erantzule gisa

Estrategikoki:

  • Herrialde Katalan independiente, sozialista eta feministen proiektua jendarteratuz
  • Estatuari Euskal Herrian beste frente bat irekiz, 78ko erregimenarekin hautsiz

Egoeraren larritasuna ikusita euskal internazionalista orori dei egiten diogu euren herri eta auzoetan Herrialde Katalanen alde eta Errepublika Katalanaren alde elkartasun komiteak sortu eta sustatzera. Bestetik, internazionalista oro animatzen dugu azaroaren 4an estatuaren errepresioaren aurka eta errepublika katalan berriaren alde Bilboko kaleak bete ditzaten!

 

Visca la República Catalana!

Bi herri borroka bakarra!

Jo ta ke irabazi arte!