M8 emakume* internazionalistok ere, PLANTO!
Beste behin ere Euskal Herriko emakume langileok kalera atera eta gure aldarrikapenak ozen oihukatuko ditugu bihar. Baina gure borroka internazionalista ere bada, patriarkatuak munduko txoko guztietan jipoitzen, hiltzen, bortxatzen, mespretxatzen, baztertzen, behartzen, esplotatzen jarraitzen baitu, eta Euskal Herrian patriarkatua ez dugulako errotik ezabatuko munduko emakume guztiak aske ez diren bitartean. Kurduek esaten duten moduan, “emakumeok gara zapaldua izan den lehenengo nazioa”.
Biharko egunean, beraz, Euskal Herriko internazionalista orori, gure herriko auzo eta herri ezberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu. Kapitalaren metaketa bermatzeko ezinbesteko tresna dira emakumeak eta biharko greba deialdiarekin bat eginez, emakumeek planto egiten dutenean mundua gelditzen dela erakutsi nahi dugu.
Martxoaren 8an emakumeok* planto!
Oraindik entzun dezaket altxatu zen
lehen emakumearen ahotsa
leize batean izan zen
eta denboraren leizean
arrakala bat ireki zuen etorkizunerantz.
Kobazulo hura dugu ahoan,
hortzetan daramagu garrasi haren oihartzuna.
Emakume berbera gara, behin eta berriz sortzen
historiaren leizea den umetoki menperatutik.
Jaio ginen Kobanen, Gernikan, Habanan,
Zugarramurdin, Petaren, Tindufen, Alabaman,
Ciudad Juarezen, Sartagudan, Chiapasen, Ramalan.
Gudu zelaian dantza egin genuen
lubakian maitatu,
gerrilan tiro egin eta zauriak sendatu.
Erditu ginen haurrez eta ametsez,
amatuak bezain armatuak,
gure territorio libre bakarra
defendatzera kondenatuak.
Gorputz minatuak,
oihan mutilatuak,
azal okupatua,
lurralde bortxatuak.
Lacandonan, Belfasten, La Pazen,
Potosin, Amaiurren, Madrasen,
Alcala Mecon, Saturraranen, Alcatrazen.
Amamak maiatzeko plazan,
Neskato libreak Gazan,
Independentistak Terrassan.
Sutan erreta berpiztera igorriak,
Beltzak, moreak, berdeak, gorriak.
Altxatu garen emakume guztion ahotsek
historiaren leizean
arrakala bat ireki dute askatasunerantz.