Munduko preso politikoak kalera!
2004a izan zen. Euskal Herrian buruturiko ekimen batean, munduko herri borrokalarietako kideekin elkarlanean, nazioarteko preso politikoen egun bezala izendatu zen apirilaren 17a. Elkartasun internazionalistaren adibide garbia izan zen orduko aldarrikapen hura ezbairik gabe. Gaur, mundu osoko hainbat txokotan milaka ohe hutsik dauden bitartean, milaka senide, lagun edo ezagunek hurbilekoren bat gatibu duten bitartean, oihu berbera entzungo da kale, plaza, eta basoetan: munduko preso politikoak kalera!
Mezu komun honen atzean ordea errealitate gordin bat aurkitzen da, komunikabideei zabaltzea komeni ez zaien egia bat: zapaltzaileen indarkeria. Errepresioaren jopuntuan izango gara sistema kapitalista eta patriarkala desagerrarazi nahi dugunak. Herrien askatasunaren edo justizia sozialaren alde borrokan gabiltzanak. Amalurra zaindu edota injustiziak salatzen ditugunak. Guztiak gara aliatuak, guztiak gara zapaltzaileen etsaiak. Horrexegatik joko dute behin eta berriz gure aurka, sistema bidegabe eta kriminal batean bizitzera kondenatu nahi gaituztelako, zapalketa bide sotil edo gordinagoak erabiliaz.
Gaurko egunez Askapenatik munduko preso politiko guztien askatasuna aldarrikatzen dugu. Eta aurten batez ere, gure begiak Europari begira ditugunez, kontinenteko preso politikoei zuzenduko gara. Dena den, argi utzi behar dugu ez ditugula, besteak beste, Abya Yala, Sahara, Palestina edo Kurdistango preso politikoak ahanzten. Inondik inora ere! Inperialismorik basatienaren hatzaparretan dauden burkideak dira eta haien askatasuna gure askatasuna ere bada. Oraingoan bereziki Marokoar estatu hiltzailearen ziega ilunetan bahiturik eta gose greba gogorrean borrokan egon diren burkide sahararrak omendu nahiko genituzke. Sahara Hurra! Neurri berean, esan gabe doa, oligarkiaren mesedetan diharduten mertzenarioak ez ditugula preso politikotzat hartzen.
Hurbilagora itzuliaz, azpimarratu beharra dugu, giza eskubideen babesle mozorroa duen Europar Batasunak preso politikoak sorrarazten dituela. Dominazio egitura bat den heinean, ezinezko zaie bestelako jendarte eredurik onartzea. Burujabetza eta nazio askapen mugimendu ezberdinak ditugu horren lekuko. Galizako borrokalari independentistak, Andaluziako nekazariak, gaztelarrak edota Herrialde Katalanen askatasunaren alde borrokan ari direnak esaterako espetxea edota erbestea dute ordainetan. Berdin kortsikar, irlandar edota sardiniarrak. Faxismoaren aurka borrokatzen dutenak ere hantzeko patua izaten ari dira bai Alemania eta baita Italian ere. Baita adierazpen askatasun ezaren ondorioak sufritzen dabiltzan hainbat eta hainbat pertsona ere. Bakoitzak bere borroketan duen konpromiso politikoa da errepresioaren begi-puntuan egotearen giltzarria. Eta guzti hau demokraziaren eredu omen den Europa honetan.
Preso politikoz beterik daude Europako espetxeak, borrokalariz beteak, eta denak nahi ditugu kalean, herrian. Espainiar eta frantziar esterminio zentroetan dauden euskal preso politikoengandik hasita. Duela 14 urtetik hona sinbolo bilakatu den egun honetan, munduko preso politikoei egin diezaiekegun ekarpenik iraultzaileena geure borroketan berrestea da, irmotasun handiagoz ahal bada. Argi izanik, aldi berean, preso politikoak existitze hutsa geure helburuak lortzeko dugun konpromisoaren erakusle ere badela, eta etsaiek ez dutela etsiko gure aurkako borrokan.
Honenbestez, apirilaren 17 honetan, Europar Batasunari egiten diogun salaketaz haratago, preso dituztenen izaera politikoa aldarrikatzearekin batera, guztien askatasuna eskatzeko deia luzaten dugu Askapenatik.
Libre eta borrokan, Euskal Herriko kale eta plazetan bezala, El Cerroko magalean, Bartzelonako casaletan, Cortiko auzunean edo Hanburgoko zentro sozialetan, gurekin batera, herri libre eta burujabeen mundu baten alde borrokan eta tinko.
Munduko preso politikoak kalera!