Askapena eta Askapeña konpartsa internazionalistaren arteko harremanaz

Hamaika dira Askapenatik gure jardun politikoa garatzeko erabilitako guneak: gaztetxeak, plazak, instituzioak, kaleak, txosnaguneak... Ikuspegi internazionalista esparru guzti hauetan txertatzea helburu nagusia izaki, hamaika izan dira garatutako ekimen eta dinamikak.

Horien artean, Bilboko jaietan murgiltzeko aukera izan dugu urte askoan zehar Askapeña konpartsa internazionalistaren bitartez bereziki. Konpartsak Bilboko jai eredua iraultzeko tresna zinez erabilgarriak direla uste dugu eta zentzu horretan izugarrizkoa iruditzen zaigu urteak joan eta urteak etorri esparru honetatik egin den lana.



Ia 30 urtetan zehar Bilboko Aste Nagusian eta bestelako ekimenetan Askapeña konpartsa internazionalista izan dugu aliatu nagusi gure balore internazionalistak jai giroan lantzerako garaian. Orain arte egindako lanari izugarrizko balioa ematen diogu eta nola ez eskerrak eman ere. Izan ere, festa eta aldarrikapena uztartzeko gaitasuna izan baitugu. Azken urteotan, baina, konpartsa eta Askapena erakundearen arteko harremanak okerrera egin du eta hainbat arrazoi tarteko tentsio handia sortu da bi egituren artean: militantzia ulertzeko era ezberdinak, internazionalismoaren inguruko ulerkera okerrak, feminismoaren ulerkera desegokia, konpartsaren helburuetan desadostasunak, konpartsakide batzuen jarrera onartezinak...


Egoera berbideratzen saiatu arren, konpartsarekin genituen desadostasunak are gehiago azaleratu dira eta hausnarketa sakon bat egiteko beharra zegoela argiago geratu da. Askapeñaren eta Askapenaren arteko arrakala benetan sakona dela aditzera ematen digu egindako hausnarketak eta erabaki bat hartu behar izan dugu.

Honegatik guztiagatik Askapeña konpartsa internazionalistarekin orain arte izan dugun harremana etetea erabaki dugu. Ez da edonolako erabakia izan, ondo pentsatu eta hausnartutako erabaki politikoa baizik. Orain arteko elkarlanarekin jarraitzeko beharrezkoak diren baldintza minimoak betetzen ez direla uste dugu eta beraz hemendik aurrera konpartsak ez du Askapenarekiko inolako lotura politiko, ideologiko ez eta ekonomikorik izango.

Dena den, Askapenatik jai herrikoi eta parte hartzaileen inguruko hausnarketa sakon baten beharra dagoela uste dugu, benetan herri mugimenduarentzat baliagarria izango den jai eredu alternatibo bat nahi baldin badugu. Horrela, ez dugu uste Askapena eta Askapeña konpartsaren arteko gatazka hau era isolatuan uler daitekeenik. Mahai gainean elementu gehiago egon arren, konpartsen ereduaren bilakaeraren ondorioetako bat ere badela uste dugu.

Zentzu honetan, ondorengoa datorkigu burura: ez dugu uste egungo konpartsa eredua herri mugimenduko eragile txikiontzako eredu aproposena denik. Askapena herri mugimenduko erakunde xumea den heinean, Bilboko konpartsen ereduak izugarrizko ahalegina suposatzen digu. Gurea bezalako erakunde txiki batek ezin dio Bilboko Aste Nagusiak suposatzen duen lan kargari modu honetan aurre egin ez baitugu horretarako gaitasunik. Txosnaguneak kontraboterearen eraikuntzarako esparru direla aintzat hartuta, lan politikoa garatzeko esparru direla uste dugu. Askapenak beraz, herri mugimenduko edozein erakunderen antzera bere lekua izan behar duela uste dugu. Tamalez, aipatutako egungo ereduak eragile txikioi ez digu gure iritziz, gure neurrirako aukerarik eskaintzen.

Hala ere, Askapenatik Bilboko Aste Nagusian parte hartzen jarraituko dugula adierazi nahi dugu eta jai herrikoi, parte hartzaile, parekide eta internazionalista batzuen alde lanean segitzeko konpromiso  argia dugu.


Gora jai herrikoiak!

Askapena,
Euskal Herriko erakunde internazionalista