24 urteren ondoren, memoriak bizirik dirau!

Abuztuaren 24an izan zen, duela 24 urte, Montevideon, Uruguayen. Euskal Herriari eginiko elkartasun ekimen ikaragarria ezagutu genuen. Manueltxo Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskal iheslari politikoak estraditatuak izatea ekiditeko martxan jarri zen borroka, euren asilo politikoa eskatzea zelarik aldarria. Montevideon izandako hainbat mobilizazio jendetsuren ostean, euskal borrokalariak gose greban zirela hospitaleratu zituzten, eta El Filtro deritzan hospitalearen kanpokaldean polizia militarra gogorki oldartu zen manifestarien aurka. Honen ondorioz Fernando Morroni 12 tiroz eraila suertatu zen eta baita gau bertan Roberto Facal labanka koldar batez; zaurituak ehundaka izan ziren. Oroimena eta duintasuna bertan egon ziren guztientzako!

Gertakari horiek gogora ekarri nahi ditugu gaurko egunez eta, bide batez, orduan jaso genuen elkartasun internazionalista guztia bueltan eraman Uruguaiko herri langileari. Izan ere, 24 urte igaro arren, inpunitatea gailendu da kasua argitu eta erantzunkizunak eskatzeko garaian. Diktadura basati batetik irteten zebilen Urugaien eman zen gertakari larriena izan zen Filtroko sarraskia bezala ezagutzen dena. Ezin aipatu gabe utzi ere Espainiar gobernuak izan zuen ardura politikoa, orduan Felipe Gonzalez gobernu buru zela. Presio mekanismo ezberdinak erabiliz euskal iheslariak espainiatu nahi izan zituen, asilo politikoa izateko eskubidea mespretxatuz.

 

Zoritxarrez, asilo politikoaren aldeko borroka, ez da orduko borroka soilik. Azken urteetan ere gure herrian izan ditugu borroka horren garrantzia erakusten duten beste kasu batzuk. Alde batetik, Nekane Txapartegiren kasua dugu denboran hurbilen. Beste behin ere, elkartasun internazionalistaren eta presio sozialaren bitartez lortu baitzen azkenik Nekaneren asilo politikoa. Eta bestetik, Hassana Aliaren kasua dugu. Hau ere gertutik bizi izan genuena, urte luzeetako borrokaren ondorioz lortu baitzuen duela ez asko asilo politikoa izatea saharar borrokalariak.

 

Adibide hauekin asilo politikorako eskubideak eta herri baten burujabetza gaitasunak duten lotura jarri nahi dugu mahi gainean. Etorkizuneko Euskal Herri internazionalistan, geuri ere asilo polikoa ematea tokatuko zaigulako, kanpo eskuhartzeak arbuiatuz; elkartasunak politikoa, internazionalista, eta joan-etorrikoa izan behar duelako.

 

Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu, beste urte batez Askapenaren brigadak parte hartuko duela Montevideon izango den manifestaldi eta ekitaldian. Ostiralean bertan izango dira ekitaldi gehienak eta geure elkartasun eta maitasun guztia helaraziko diete senitarteko eta bertaratzen diren borrokalari guztiei.

 

¡Arriba l@s que luchan!

¡El estado dispara, la memoria resiste!

Fernando eta Roberto, gogoan zaituztegu!

Hamaika herri borroka bakarra!