Urriaren 7an Brasilen faxismoak irabaz ez dezan
Brasilen diktadura militarrak duela 33 urte azken urratasak eman bazituen ere, txarraska eta bota beltzen zolak dabiltza paseoan herrialdeko urbeetan barrena. Une erabakiorra bizi dute urriaren 7ko hauteskundeen atarian, eta Sao Paulotik Amazoniara, Matogrossotik Bahiara demokrazia eta eskubide zibilen berregituratzea, ala “diktadura gaur egungo erara”, askatu beharreko korapiloa.
80 eta 90. hamarkadetako Brasiliako punkrock talde batek ‘Que país e esse?’ abesten zuen; korrupzioaren, pribatizazioaren, narkotrafikoaren eta elite ekonomikoak kontrolaturiko herriari kantari. Abesti berberak egungo gazteen ahotan dabiltza zoritxarrez, urte batzuk igaro arren transmisio kulturala ez delako izan musikala soilik, eta Sao Pauloko hardcore talde batek zioen moduan, oraindik ere arratoiak korbata eta amerikanaz jantzita dabiltzalako kaleetan. Ordem e progresso.
Hamahiru urte zeramatzan PT Langileen Alderdiak agintean, eta 2014ko hauteskundeak irabazi ostean agintaldia osorik amaitu ezinda kargugabetu zuten Dilma Rousef,f orduko presidentea, 2016an. Horrekin nahikoa ez eta eskuin kontserbadoreak alderdi bereko Luiz Inazio Lula da Silvaren aurkako prozesu judiziala abiarazi zuen, inputatu, frogarik gabe kondenatu eta espetxean sartu zuten arte. Kolpisten proiektu neoliberala hauspotzeko ate guztiak zabalik zeudela zirudien arren, Michel Temerren politika ustelek ez dute sinpatiarik eragin herritarren artean. Ihauterietan purpurina eta ‘Fora Temer!’ oihu artean egin zuen dar-dar Rioko sambodromoak, eta ‘Lula Livre’ mezuak zeharkatzen du gaur Brasil, herrialdeak bizi duen demokrazia faltaren sinbolo argitzat. Piztia zaurituaren ofentsiba neofaxista argia izan da ordea; korrupzio sistematikoa eta errepresioa. Hirietako auzo periferikoetan miseria gorrian bizirauten du klase baxuko sektore handi batek, eta urte erdi eskas igaro da Marielle Franco PSOL alderdi sozialistako zinegotzi eta aktibista feminista erail zutenetik. Esan daiteke aspaldi luzeko krisi politiko-ekonomikorik gogorrena bizi duela herrialdeak; eskubide zibil eta demokratikoen deuseztea eta desoreka sozialaren areagotzea, desindustrializazioa, langabezia tasaren igoera nabarmena, miserian bizi den sektore gero eta handiagoa, e.a.
Koalizio kolpistari lotutako alderdi moderatuak diluitzen joan diren heinean are gehiago polarizatu da panorama politikoa. Urriaren 7ko hauteskundeen atarian, Jair Bolsonaro militar ohia da elite tradizional eta kontserbadoreenaren irudia, PSLko hautagaia. Faxista eta tirano autoritarioa. Pasa den asteburuan Brasilen eta munduko hainbat hiritan emakumeek kaleak hartu zituzten espazio publikoan euren presentzia aldarrikatzeaz gain, Bolsonaroren autoritarismoa salatu eta ezetz, “Ele não, Ele nunca” halako presidente bat ez dutela nahi oihukatzeko; misoginoa, homofoboa, arrazista eta kapitalista. 64ko erregimen militarreko Ustra militar torturatzailearekiko miresmena izkutatzeko lanik hartzen ez duena. Desoreka soziala, heriotza eta tortura defendatzen dituenaren aurrean demokrazia eta bizitzaren alde daudela azpimarratu zuen emakume andanak mobilizazio anitzetan.
Haddadek berak duela astebete lerro batean definitu zuen Bolsonaroren proiektua: “diktadura gaur egungo erara”. Asko dago jokoan. Fernando Haddad hezkuntza ministro ohiak jaso du Lularen erreleboa, eta azken egunetako sondeoen arabera hauteskundeak irabaztetik ez da urruti ibiliko. Etxebizitza eskubidea, lurraren jabetza edo banaketa orekatua, doako osasun zerbitzua bermatzea biztanleria osoarentzat, sektore periferikoekin elkarlana bilatzea; emakumeak, nekazariak, beltzak, lgtb komunitateak, indigenak…. Hezkuntza sistema duina eta unibertsitatea doakoa eta laikoa. Inbertsioak barne merkatuaren garapena sustatzeko, baliabide estrategikoen kudeaketa publikoa petrolioarena kasu; ez pribatizazio ezta desnazionalizaziorik ere. Finean, eskubideen birjabetza eta subirautzarako bitartekoak daude jokoan.
Zuri-beltzean ateratako argazki polarizatu honetan ez dago espazio gehiegirik argazkiaren markoan gehiegi enkajatzen ez duten alderdientzat, PSOL Partido Socialismo y Libertad eta Brasilgo alderdi komunistarentzat, esaterako.
Bestalde, Brasilen gertatzen denak eragin handia izango du Latinoamerikako panorama orokorrean eta indar korrelazioen aldaketan. Argi izpi bat izan zen López Obradorren garaipena Mexikon, eta Haddadek irabaziz gero AEBek euren eragin esparruaren beste zati handi bat galduko lukete, maniobratzeko abagunea txikituz. Indar inperialisten estrategia izan da korrupzioa eta kudeaketa kaotikoak aitzakiatzat hartuta gobernu herritarrak estigmatizatzea, Bolsonarok berak esana da ez duela onartuko bera ez den beste hautagai baten garaipena, “Brasilek Venezuelaren itxurarik har ez dezan”. Eta azken urteetako desastrea aurreko PTren gobernuak mugimendu sozialei espazioa zabaldu izanari egozten diete, inolako lotsarik gabe. Gobernu neoliberalek lehenengo etapetan lor dezaketen babes soziala ordea azkar geratuko da ezerezean, etorkizunera begirako promesa ultraedulkoratuek egitik gutxi dutela ikusi, eta ahoa gozatu baino lehortu eta sabelik ez dutela betetzen ohartzean. Temerrekin gertatu bezala, Argentinan Macriren gobernua babesa galtzen ari da egunetik egunera, eta kaleak aldarrikapenez lehertzen dituzte egunero. Mugakide duen herrialdean Haddaden garaipenak arnasaldi ederra ekarriko luke territorio osora.
Herritar gehiegiren hilobia eta euren porrota landu dutenek ez dute hil kanpairik jotzeko inolako asmorik, eta erresistentziak urduri zenbatuko ditu bozkak. Urriaren 7an eredu bat ala bestea hautatu beharko du Brasilgo herriak, egongo dira Lula eta Dilmaren iragan hurbilaren alde egingo dutenak, eta baita “ordenaren” izenean interbentzio militarrak mehatxutzat eta txantaia mekanismotzat erabiltzen dituztenen alde egingo dutenak ere. Baina gatazka eta krisi ekonomikoa ez dira urriaren 7an amaituko. Erroko aldaketa sozialik eman ezean egoerak ez du hobera egiteko itxurarik. Langabezia tasa altua da –biztanleria osoaren ia heren bat-, delinkuentziak gora egin izanak segurtasun eza ekarri du eta honek, segurtasun indarren presentzia areagotzeko eskaria. Hari mutur honi tiraka jarraituz gero espero dezakegun bakarra lan eta soldata prekarioak, kaleen militarizazioa eta esklusio soziala dira. Ez dezagun ahaztu gaur gaurkoz parlamentuko poltronen gehiengoa latifundistei eta elite ekonomikoari lotutako gizon zuri eta aberatsek berotzen dituztela, Brasilgo argazki demografikoarekin bat ez datorren irudia, alegia.
Teknologia berrien kolonizazioak, indibidualismoak, etorkizun zalantzagarriak… ezegonkortasun sentsazioa eragin du jendartean. Eskuinak diskurtso xenofoboak eraikitzeko aprobetxatu du; beldurra eta gorrotoa hedatu, eta etorkizuna promesa faltsuz edulkoratzeko, ahozapore goxoz jendarte gaixotuaren antsietateak sosegatuko direlakoan. Gakoa litzateke proiektu kolektiboen eraikuntzan bilatzea sosegua, edo esperantza. Eguneroko lanaz kontzientziak astindu, eta planteamentu erradikalak martxan dituzten mugimendu feminista eta ekosozialistetan, espazio autogestionatuetan, latifundioak okupatu eta “lurra berau lantzen dutenena da!” aldarrikatzen duten kanpamentuetan; agroekologia eta kooperatibismoa eskuz esku, jendarte justuago bat eraikitzeko haziak landatzen dituzten lursailetan.
Urriaren 7an, ele não, faxismoak garaitu ez dezan, eta eraldaketa soziala ardatz gaur, bihar eta etzi: A luta continua compañerada!