Öcalan eta preso politiko guztiak askatu!

Asteburuan ozen aldarrikatu da, beste behin ere, euskal preso, deportatu eta iheslari politikoak etxean nahi ditugula. Eta determinazioz diogu lortuko dugula. Determinazio beraz daramatza Leyla Güven abokatu kurdu eta HDPko parlamentariak ia 70 egun gose greban, Öcalan lider kurduaren isolamendu egoera eteteko eta abokatu nahiz senitartekoen bisitak aitortzeko exijitzen. Ez da edonolako kopurua. Abokatuaren osasun egoera larria da, eta egoera kritikoan sartu da azken egunotan. Leyla Güven gose greban hasi zenetik, asko izan dira grebara batu direnak: Estrasburgon 26 egun daramatzate, Hewlerren 52, eta Turkiako 200 espetxe baino gehiagotan dauden kideek ere gose grebari ekin diote, duela hilabete ingurutik. Eta aldarria ere, ez da edonolakoa.

Zer da exijitzen dena? Öcalan isolamendu egoeratik ateratzea. Badira 3 urte Imrali irlan isolatuta dutela lider kurdua, eta ez da haren berririk ordutik. Estatuaren eta kurduen arteko elkarrizketak etenda daude, are gehiago, Turkiak etengabe dihardu kurduen aurkako gerra eta jazarpena areagotzen: operazio polizialak, bonbardaketak, ilegalizazioak, errepresioa, debekuak, asimilazio politikak, ikasle sarekadak… Kurduen txinparta txikiena itzaltzeko. Eta garrantzi handia du honetan guztian Öcalanek, askapen prozesuaren bide osoan ezinbesteko giltza eta norabidea izan baita.

 

Kurdistan fase delikatu batean aurkitzen da. Bakur, konfederalismo demokratikoaren eta erresistentziaren sorleku, itotzen ari dira atxiloketa eta jazarpenaren bitartez. Komuna eta autogobernu saiakera oro suntsitu dute, herriak, auzoak bota dituzte, heziketa kemalistaren bitartez asimilatu nahi dituzte, eta presak eraiki, energia ostu eta gerrillariei bideak mozteko. Ez dute mugimendurako aukera handiegirik uzten. Tinko jarraitzen dute, ordea; herri kurduaren borrokak ez du etenik, eta konfederalismo demokratikoaren bidean, herria eraikitzen ari dira egunez egun, emakumeak ahalduntzeko trebakuntzak eta proiektuak garatuz, tratu txarrak jasandakoentzat zerbitzuak antolatuz, kultur mugimendua indartuz (antzerki konpainiak, idazle elkarteak...), komunikabide herritarrak sortuz, kooperatibak hauspotuz...

http://www.askapena.eus/sites/default/files/leyla_guven_manset_22ocak2018.jpg

 

Eta ezagunagoa zaigu, komunikabideen bitartez-edo, Rojavako egoera. Martxan jarritako konfederalismo demokratikoaren etorkizuna zein izango den ikusteko dago, nahiz eta ukaezina den jasaten ari den mehatxu larria. Estatubatuarrekin ez zela horretarako aukerarik bagenekien, eta haiek atzaparrak aterata ere, antzera; Turkiak ofentsibarako bidea irekita izango du azkenik Siriak ez badio haren burujabetzari eusten eta Errusiak hura defendatzen. Rojavako kurduak Damaskorekin eseri dira mahaian, eta izango ditugu lehenago edo beranduago haren emaitzak.


Nazioarteko dinamikak eta elkartasun-adierazpenak ere areagotzen ari dira. Otsailaren 10etik 16ra Europako hainbat herrialdetatik zehar ibiliko da Öcalanen askatasunaren aldeko Martxa Luzea, eta honen harira mundu mailako hainbat lagun jada mobilizatzen ari dira bertaratzeko asmoarekin.


Guri dagokigunez, bide honetan guztian hain ezinbestekoa den borrokalaria askatzeko borroka jarraitzea da egin dezakegun ekarpenik onena. Presoak espetxera eraman dituzten arrazoiei eutsiz eta gatazkaren jatorrira joz erdietsi ahalko baitugu soilik askatasuna. Hark eta preso politiko guztiek espetxeetan jarraitzen duten bitartean, ez delako amaituko gatazkarik.

 

Öcalan eta preso politiko guztiak askatu!
Gora herri kurduaren borroka!