Venezuelari buruzko Sanchezen gezurrak

Marc Garcia, Itaca Herrialde Katalanetako erakunde iternazionalistako militanteak, Gobernu espainiarrak Guaidó kolpista presidente aitortu izanaren harira idatzia. Artikulua l’Accent aldizkari digitalak argitaratu du.

 

Belarrian entzungailu bat dut eta esatariak elkarrizketa eteten du Pedro Sánchez Espainiako presidentearen prentsaurrekoa jartzeko. Papera eta arkatz bat hartu eta hitz egin ahala aipatzen dituen hitz gako batzuk idazteari ekin diot: “Guaidó hauteskundeek legitimatzen dute”, “Espainia aldeaniztasunaren alde dago”, “Espainia Europako gehiengoarekin bat dator”, “kontsentsuak”, “venezolarren interesak babestu”, “hauskunde egiaztagarriak”, “laguntza humanitarioa”, “espainiar enpresak Venezuelan”… korrika eta presaka, txio bidezko erantzuna ematen saiatzen naiz, baina orain pausatuago, hobeto argudiatu dezaket.

 

Izan ere, Espainiako presidentea harroputza izateaz harro egon daiteke baina ezer gutxiagoz. Sánchez Gobernu espainiarreko presidente izatera hautestontzietatik igaro gabe heldu zen, eta hala ere, zilegizkoa da ordenamendu juridikoak hala baimentzen duelako. Izan ere, Espainiako presidentea parlamentuak izendatzen du ez baita hauteskunde presidentzialik edota bestelako mekanismorik, edo Venezuelan orain gertatu bezala, AEBetako momentuko presidenteordeak plaza publiko batean izendatutako auto-izendapenik. Txantxa bat dirudi. Guaidók bere burua Venezuelako presidente izendatzeko Venezuelako Konstituzioko artikulu batean oinarritu da, bertan ageri diren egoeretako bat bera ere bete gabe. Batzar Nazionalaren izenean hartu zuen kargu bozen %19ak hautatuta -Maduro hauteskunde presidentzialetan bozen %31,7arekin hautatu zutelarik- eta gainera Mike Pence-k eskatutako momentuan.

 

Sánchezek gezurra dio eta gezurra askotan eta era narratsean, gainera. Gezurra dio aldeaniztasunaren alde egiten duela dionean alde hauen aniztasun horiek zeintzuk diren aipatzeko gai ere ez denean… hauteskundeak deitzeko 90 eguneko epea ematen zuen EBaren aldeak ote dira? Edo adostasuna bilatu nahi duen Limako Taldeko gobernu eskuindarren aldeak ote? Edo agian, Guaidó kolpista babestea errefusatu duen Nazio Batuen Erakundearekin bat ote dator? Sánchezek ez du ez aldeaniztasunik ez eta kontsentsurik nahi, Colón eta Pinzón gisakoen logika inperialistaren eta Repsol, BBVA eta Telefónicaren logika neokolonialaren baitan segitu nahi du. Latinoamerika Europako metropolien interesetarako ustiatzeko aberastasun iturri zen garaietara itzuli nahi du. Espainia Venezuelan bigarren inbertitzaile nagusia da, Herbehereen atzetik: 72 filial ditu, horietako gehienek IBEX35arekin lotura dutelarik.

 

Beraz, kontraesankorra da esatea Espainiak venezolarren interesak defendatu nahi dituela eta era berean, Venezuelan dauden enpresen interesak babestu nahi dituela esatea; haurren eskubideak defendatu nahi izatea eta era berean Constatí apaizaren, Montserrateko eskolaniaren edo nire auzoko Maristen zaintzapean uztea bezalaxe litzateke. IBEXeko enpresak Venezuelara negozioak egitera doaz, bertako lan eskua ustiatzera, barne merkatuan produktuak saltzera eta Europako kapitalarentzat plusbalioa ateratzera. Non egiten dute bat bi interes hauek? Nolatan izan daiteke Siriaren estiloko barne gerra bat sor dezakeen estatu kolpe bat babesteak venezolarren interesen alde egin dezakeenik?

 

Izan ere, Sánchezentzat demokrazia denaren gainetik dago eta hauteskunde egiaztagarriak nahitaezkoak dira. Eta hortan ados gaude. Izan ere, Sánchez, ni neu eta Espainiako presidente ohi Zapatero bat gatoz horretan. Azken honek Maduro presidentetzat berretsi zuen hauteskunde prozesua balioztatu zuen eta “Venezuelaren gainean aurreiritziak egon badaudela” adierazi zuen. Sánchezek berak omen dituen aurreiritziak, izan ere, ez baititu Maduro presidentetzara eraman zituen hauteskunde prozesuen errealitatea ezagutzen. Espainiako presidente ohiak, lerro hauek idatzi dituen honek eta baita Jimmy Carter AEBetako presidente ohiak bat egiten dugu, azken honek adierazi zuenarekin “Venezuelako hauteskunde sistema munduko onena dela” adierazi baitzuen.

Azken finean, argudioa hauteskunde iruzurra denean, venezolarren interesak ezbaian gelditzen dira; aldeaniztasuna eta kontsentsua Europako, AEBetako eta Lationamerikako eskuinarena den guztietan laguntza humanitarioaren karta agertzen zaigu: gosearen eta sendagaien izenean kanpo esku hartzea eta gutxi barru, komunismoak jandako haurrak badirela entzungo dugu.

 

Eta egia da Venezuelan hornikuntza arazoak daudela, egia da. ekoizle eta banatzaile enpresa handien eskutik. Horien artean, adibidez, Lorenzo Mendoza faxistaren Polar enpresa. Merkatua hustutzen dute produktu hauen prezioak igotzera behartuz, gerora tantaka eskuratzeko aukera ematen dute, biztanleria izugarrizko prezioetan erostera derrigortzen dituztelarik. Segidan, merkatu beltzean edota “Bachaquero”etan eskaintza onenean berriz salduko dituzte. Honetaz gain, askotariko sabotaiak eta elikagaien denda edota farmaziak erretzea oso ohikoa izaten da. Laguntza humanitarioa deiturikoa sustatu nahi duen egoera prekarioa, hain zuzen.

 

 

Puntu honetara ailegatuta, lehenik eta behin, Nazioarteko Gurutze Gorriaren posizonamendua kontutan izan behar dugu: laguntza hori herrialdean soilik Gobernuaren oniritziarekin sartu daitekeela irizten dio eta erakunde humanitarioak adierazi du ez duela AEBek babestutako lider kolpista presidente gisa aitortzen. Izan ere, laguntza humanitarioa aitzakia soila izango da Kolonbia eta Brasilen, Duque eta Bolsonaroren armaden babespean, irekiko dituzten korridore humanitarioetatik aipatutako produktu horiek giltzarri diren hirietara ailegatzeko. Horrela, oposizioak siriar eskema errepikatzeko aukera izango luke, hiriburutza bikoitz bat ezartzeko (Damasko/Alepo) gerora bertatik mertzenario eta paramilitar kolonbiar zein brasildarrak hornitzeko – buruzagi sozialak edo ezkerreko zinegotziak hiltzen dituztenak- AEBen babesarekin Armadari lurrak borrokatzeko.