Udaberriko Parisko brigadaren lehen kronika!

Txaleko horien borrokak Frantziar Estatuan jarri du fokoa azarotik hona. Erregaien gaineko zergen igoerak piztu zuen mugimendua, baina etengabeko mobilizazioen bidez dimentsio zabalagoa hartuz joan da. Testuinguru horretan Paris borrokalaria ezagutu nahi izan dugu, bere aniztasun guztian.

Euskal Herriak urteetan jaso du elkartasuna Parisetik ere. Ondo erakutsi digute hori beren etxean hartu gaituzten CSPB Elkartasun komiteko Maite eta Yohannek. Apirilaren 25eko gauean iritsi eta hurrengo egunetan ezagutu ahal izan ditugu hemengo errealitate eta borroka desberdinak.

 

Apirilak 26. Langile migranteak eta etxebizitza

Paris kanpoaldeko Bagnolet hirian izan genuen lehen solasaldia. Gizon langile migranteek osatutako kolektiboa da Les Baras, gehienbat, Libiako gerraren ondoren Malitik, Gineatik eta Burkina Fasotik iritsitakoena. Hainbat urte daramate Parisen, eta dagoeneko lau espaziotan egon dira bizitzen; izan ere okupazio mugimenduak indarra izan du azken urteetan. Aipatutako lau espazio horiek migranteek beraiek berreskuratu izan dituzte, eta gai izan dira haien etxebizitza beharrei antolakuntzaz eta autogestioz erantzuteko. Ez hori bakarrik: sare bat osatu dute, modu asanblearioan eta elkar babestuz, EBk eta Frantziar estatuak ukatzen dizkien eskubideen alde borrokatzeko. Hori guztia, bestelako harreman eredu eta baloreekin.

Paris kanpoaldeko Bagnolet hirian langile migranteek berreskuratutako eraikina.


Gaur egun, 150 lagunek osatzen dute proiektua, eta 90 bat bizi dira Bagnolet hiriko eraikinean. Gizarte zerbitzuen eraikin bat zen, baina hutsik zeraman denbora luze bat. Orain elkarte bat osatu dute, urteetako borrokaren ondorioz akordio prozesuetan baitaude udalarekin. Azkenaldian Euskal Herrian ere Harrera sareak eta bestelako proiektuak mugitu izan dira antzeko egoerei erantzuteko, eta pozgarria da ikustea elkartasunaren bidetik noraino iritsi daitekeen, kasu honetan, migranteak beraiek borroka subjektu bihurtzeraino.


Apirilak 27. Gizarte Zerbitzu Publiko eta Duinen alde, emakumeak borrokan

Emakumeen bizitza biolentzia desberdinengatik zeharkatua dago, baina bereziki larria da ustez babesteko diren instituzioetatik datorrenean. Miseriatik negozioa egiten duten adibidea da Palais de la Femme. Charonne kaleko “jauregiko” gunea Gizarte Zerbitzuen pribatizazioan oinarritzen da bazterketa larria pairatzen duten emakumeen egoera baliatuz. Esate baterako, 483 euro ordaindu behar dituzte hilean lo egiteagatik bakarrik. Gainera, umeentzako zaintza ere pribatizatua dago eta migranteek 1400 euroko tasa ordaindu behar dute sartzean, paperik ez dutelako. Hori gutxi ez balitz, langileen partetik infantilizazio jarrerak jasaten dituztela azaldu zuten.

Femmes En Guerre mobilizazioa, Palais du Femme guneko egoera salatzeko.

Egoera hauek salatzeko, bertan bizi diren emakumeak udaletxe aurrean mobilizatu ziren larunbatean, jaka hori eta moreekin. Antolatzeko eta mobilizatzeko deia egin zuten, kontziente izanik egoera larrienetan dauden emakumeek zailtasun handiagoak dituztela kalera ateratzeko. Haiek oihukatzen zuten bezala “biolentzia sexista, biolentzia soziala, borroka bera, etsaia kapitala”.


Apirilak 27. Jaka horien erronkak

2018ko azaroan hasi zen agertzen hedabideetan Jaka Horien mugimendua, eta asko hitz haren jatorriaren inguruan. Parisko kideek azaldu digutenez, bigarren mailako errepideetan 80 kilometro abiadura muga ezarri zutenean hasi ziren sortzen lehen taldeak sare sozialetan. Azaroaren, erregaien gaineko zerga igotzearen aurka deitu zituzten lehen mobilizazioak. Politikoki eta ideologikoki definitu gabeko mugimendua izan da, eta asteek aurrera egin ahala gizarteko aldarrikapen ezberdinak bildu dituzte. Ez da lehen aldia antzeko mugimenduak daudena> 2016an, esaterako, Nuit Debout mugimenduak Errepublika plaza hartu zuen hiru hilabetez. Kontzientziak piztu eta etengabeko mobilizazioa mantentzeko gaitasuna agertu dute, baina erronka handiak dituzte aurretik.

Definizio faltak aniztasuna eman dio mugimenduari, baina hori nola antolatu, hori da orain erronketako bat. Aniztasun horren barruan, tentuz hartzeko ideiak ere ikusi ahal izan ditugu,  lehen bistara herriaren aldarrikapen modura agertu arren, atzean langile klasearen aurkako interesak eta ideia atzerakoiak ezkuta daitezkeelako. Borrokarako aukera eta espazio berriak sortu dituzte, baina oraindik ere disputan dago horien norabidea.

 

Sindikatuek ere bat egin zuten, aurrenekoz, Jaka Horien mobilizazioarekin.

Aurrera begira, beraz, zer egin? Ez dago bide argirik adostuta, eta hainbat aukera aipatzen dituzte batzuek eta besteek. Instituzioetan eragitetik hasi, eta autogestioan eta herri boterean oinarritutako praktikak sustatzeraino. Adibidez, hauteskundeetara aurkeztea planteatu duten zenbaitek, baita herri ekimen legegile bat egitea ere. Bestetik, mugimendua auzoz auzo antolatzeko saiakera ere badaude, batez ere, tradizio militante handiagoa duten lekuetan. Argi dagoena da kalean jarraitzeko determinazio badutela.


Apirilak 28. Borroka, borroka, borroka.

Bisita berezia egin dugu igandean. Louise Michelen izena daraman etxean hartu gaitu Lucio Urtubia militante anarkistak. Parisko Komunako borrokan erreferenteetako bat izan zen Louise Michel, hezitzaile, poeta, idazle eta militante anarkista. Gaur egun ere erreferente handia da, esaterako, pentsamendu libertario eta feministarako. Haren eredua gogoan, mezu argia eman zigun Luciok ere. Zein da bidea? Borroka, borroka, borroka.